Kuotarik jarri gabe banatuko dituzte Europako estatuek 40.000 iheslari

Europako Kontseiluaren proposamena eraldatu egingo dute. Hungariak legea beteko duela dio

Berria, Xabin Makazaga, 25-06-2015

Aurten Italiara eta Greziara iritsi diren migratzaileetatik 40.000 asilo eskatzaile Europako Batasuneko herrialdeetara modu azkar batean banatzea onartuko dute gaur EBko estatu eta gobernu buruek, baina baztertu egingo dute Europako Batzordeak proposatutako kuota sistema. Ez dute onartuko Bruselak derrigorrezko kuotarik ezartzea, eta argi utziko dute migrazio eskuduntzak estatuenak direna. Hala jaso dute bi eguneko bilerarako prestatu duten ondorioen zirriborroan, Europako Kontseiluko goi kargudun batek jakinarazi duenez.

Estatu kideek elkarren arteko zuzeneko negoziazioen bidez adostuko dute asilo eskatzaile horiek nola banatu, eta 28 estatuetako Barne ministroen esku geratuko da banaketa sistema ondu eta uztail amaierarako ezartzen hastea. Mekanismo hori «aldi baterakoa eta salbuespenekoa» dela nabarmenduko dute Bruselako bileran. Europako Batzordeak proposatu zuen 40.000 migratzaileen banaketa herrialde bakoitzaren BPGa, populazioa, langabezia eta aurrez egindako harrera ahaleginak aintzat hartuta erabakitzea, kuotak ezarrita.

Gaur eta bihar Europako Kontseiluak onartuko duen banaketa modua erabat korapilatsua da, estatu kide bakoitzak argudiatu duelako berak nahiko ahalegin egiten duela migratzaileak hartzeko, eta auzoei eskatu izan dielako ahalegin handiago bat.

Erresuma Batuak, Irlandak eta Danimarkak Justizia eta Barne auzietan konpromisorik ez dute batasunean, eta beste 25 estatuetatik erdiak kuota sistemen aurka zeuden. Baina kuotak onartzeko prest agertu zirenak ere, banaketa irizpideekin ez zeuden ados.

Europako Batasunera Hungariatik sartu eta asiloa beste herriren batean eskatu duten iheslariak Hungariara itzularaztea ez duela onartuko esan zuen herenegun Budapestek, eta Dublingo Arautegia alde bakarrez hautsiko duela iradoki zuen. Atzo, ordea, Europako Batasuneko legedia bete egingo dutela esan zuen Peter Szijjarto Atzerri ministroak, Dublin III arauaren kontra daudela argi utzi eta gero. Budapesten arabera, «Austriak eta beste hamar herrialdek» Hungariara itzularazi nahi dituzten iheslariak ez ziren beren lurretatik sartu Europako Batasunera, Greziatik baizik.

Erresuma Batuak, bestalde, segurtasuna indartu du Doverren, Frantziako ferryetako grebaren ondorioz Calaisetik migratzaile ugari iritsi baitziren kamioietan.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)