Bruselak giza trafikatzaileen aurkako itsas operazioa hasiko du

Lehen fasean, informazioa bildu eta itsasoa ikuskatuko dute. Giza erakundeen arabera, EBk ekintza militarra lehenetsi du, lagundu ordez

Berria, Adrian Garcia, 24-06-2015

Mediterraneoko immigrazio krisiari aurre egiteko urratsa egin du EB Europako Batasunak. Urrats militarra. Giza trafikatzaileen aurka egiteko operazioa hastea adostu dute 28etako Atzerri ministroek, eta lehenengo fasea abiatuko dute: informazioa partekatu eta itsas zabalean patruilatuko dute, trafikatzaileak atzemateko. Giza eskubideen aldeko erakundeak kritiko agertu dira Bruselaren asmoekin; salatu dute migratzaileak lagundu ordez operazio militarrak lehenetsi dituztela. Apirilean, 800 bat migratzaile ito ziren Mediterraneoan.

EUNavfor Med operazioan EBko hamar herrialdek utzitako hamabost itsasontzi, hegazkin eta drone erabiliko dituzte Libiatik abiatzen diren migratzaileen ontziak ikuskatzeko. Haien helburua da etorkizunean trafikatzaileen aurkako eskala handiko erasoa egitea posible ote den aztertzea. Ministroek Europako Kontseiluan eztabaidarik gabe onartu dute operazioa, iragan ostiraletik baitzuten adostua.

Libiako uretatik kanpo jardungo dute EBko itsasontziek, lehen fase horretan ez baitute aurreikusi NBEren edo Libiako agintarien baimenak beharko lituzketen ekintzarik. Halaber, Sizilian inteligentzia base bat eratuko dute, bildutako informazioa aztertu eta migratzaileak trafikatzaile sareen gainean galdekatzeko.

Bigarren fasea

Beste bi fase gehiago aurreikusten ditu trafikatzaileen aurkako operazioak, baina ministroek oraindik ez dituzte onartu. Bigarrenean, Europarantz doazen itsasontzi susmagarriak harrapatu edo desbideratu egingo dituzte. Hirugarren eta azken fasean, berriz, «beharrezko neurriak» hartuko dituzte trafikatzaileen itsasontziak erabilezin uzteko. Bi fase horietarako, baina, NBEren edo ekintza egingo den herrialdearen baimena beharko du Bruselak; dagoeneko eskatua du horretarako ebazpena Segurtasun Kontseiluan.

Federica Mogherini EBko diplomaziaburuak argitu du migratzaileak ez direla operazioaren helburu, «haien bizkar aberasten direnak» baizik. Krisiari aurre egiteko «estrategia zabal baten» parte dira neurri horiek. Halaber, EBko goi ordezkariak eskatu du migratzaileen jatorriko herrialdeetako arazoei erreparatzeko.

Haatik, Human Rights Watch erakundeak ohartarazi du trafikatzaileen aurkako erasoek migratzaileak arriskuan jar ditzaketela. Bestalde, adituek zalantzan jarri dute operazioaren eraginkortasuna, Afrikan errotuta dauden migratzaile sareei ez diolako kalterik egingo.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)