Schengenen mugak, Ventimiglian

Ehunka migratzailek protestan jarraitzen dute, astebetean Italia eta Frantzia arteko mugan trabatuta. Asilo eskatzaileak dira gehienak, baina ez dute Italian geratu nahi

Berria, Ane Irazabal, Berriemaile berezia, 21-06-2015

«Ez dugu atzera egingo». Hori da Ventimiglian kanpatuta dauden ehunka migratzaileen lelorik entzunena. Frantziak mugak itxi zizkienetik ez dira handik mugitu. Bakoitzak bere txokoa dauka, eta arroken gainean lo egiten dute. «Txingorra botata ere ez dugu hemendik alde egingo. Ireki mugak!», oihu egin du Abdallah izeneko Sudango errefuxiatu batek.

Beste askok bezala, Abdallahek hainbat aldiz lortu du Italiatik Frantziara gurutzatzea, baina Poliziak Nizan harrapatu eta Ventimigliara bueltarazi du. «Gutako gehienak Mentondik, Nizatik eta Cannestik ekarri gaituzte. Zergatik ez digute pasatzen uzten? Ez dugu Frantzian geratu nahi». Jendarmeriak, ordea, dokumenturik gabeko etorkin guztiak itzularazi ditu Italiara, trenetan atzeman ondotik gehienak. Parisek ez ditu jaso nahi Mediterraneoko uretan erreskataturiko asilo eskatzaileak, eta Erromari esan dio Italiak egin behar duela errefuxiatuak identifikatzeko prozesua.

Baina ika-mika diplomatiko horren erdian, badira Italiara iritsi berriak diren migratzaileak eta gertatzen ari denari buruz ezer ulertzen ez dutenak. Saddam eta bere familiaren kasua da hori. «Darfurtik ihes egin dugu, Libian egundoko zorigaitzak pasatu ditugu eta Mediterraneoan hiltzeko zorian egon gara, baina Europaren partetik ez genuen harrera hau espero», esan du, etsituta. Saddam amarekin eta bost anai-arrebekin iritsi da Italiara. Horietatik bi adingabeak dira. «Europak ez ditu giza eskubideak errespetatzen. Beste planeta batekoak bagina bezala tratatzen gaituzte. Badakit afrikarrak ez garela ongietorriak, baina egoera hau nazkagarria da».

Saddamen familiak ezin hobeki islatzen du Europaren gelditasunaren aurkako erresistentzia; izan ere, eserialdi bati ekin dio mugako polizien aurrean. Bata besteari besarkatuta, isilik eta geldirik abiarazi dute protesta. «Nahiago dut Darfurrera itzuli Italian geratzea baino», erantsi du. Beste askok mehatxu egin dute itsasora botako dutela beren burua Polizia harri lubetara hurbiltzen bada. «Paradoxikoa izango litzateke Mediterraneoan erreskatatua izan ondotik hemen itsasbazterrean hiltzea», dio ironiaz Abdallahek. Migratzaile gehienek ez dakite igerian.

Ramadanaren hasiera

Ramadana herenegun hasi zen, eta, beroaren ondorioz, zaila da jakitea ehunka migratzailek zenbat denbora iraungo duten kanpatuta, baraualdian. «Ohituta gaude gosea sentitzera; orain arte inork ez digu jatekorik eman», azaldu du Ahmed Baher gazte sudandarrak. Gazte errefuxiatuak nahiago du Ventimigliako tren geltokian itxaron: «Hemen, behintzat, komunak eta dutxak jarri dizkigute». Baher eta beste ehunka pertsonak Ventimigliako espazio publikoetan aurkitu dute Italiako harrera sistemak eskaini ez diena: lo egiteko txoko bat.

Orain arte, Matteo Renzi gobernuburuaren estrategia izan da Europako Batzordeak kuota bidezko sistema bat onartzeko presio egitea. Baina akordioa ez da iritsi, eta egungo harrera sistemak ez du migratzaile guztiei arreta eskaintzeko borondaterik. Hala, laster iritsi dira Renziren mehatxuak. Italiako hedabideen arabera, lehen ministroak Silvio Berlusconiren estrategia bera jarraitu nahi du, eta ez du ezeztatzen migratzaileei behin-behineko bizitoki baimenak ematea. Angelino Alfano Barne ministroak ukatu egin du, ordea.

Edonola ere, Italiako eta Frantziako eskuin muturreko mugimenduek probetxu hartu diote Ventimigliako migratzaileen auziari. Frantziako Itsas Alpeetako departamentua ezaguna da Marine Le Penen Fronte Nazionalaren gotorlekuetako bat izateagatik. Bertako talde faxistek hainbat protesta egin dituzte mugaren beste aldean. Baina harri lubetako gazteen aurkako jarrera xenofoboak ez dira eskuin muturreko taldeetara mugatzen: «Kosta Urdinaren bihotzean gaude, turisten paradisuan, eta etorkin hauek zikin-zikin utzi dute guztia. Joan daitezela haien etxera», esan du Mentongo ostalari batek. Ez da tankera horretako iritzi bakarra.

Modu alternatiboak

Muga ofizialak itxita daude, baina migratzaile askok Frantziara iristea lortzen dute. Batzuek passeur edo kontrabandistei 50 euro ordaintzen diete autoetan ezkutatuta Nizara eramateko. Dirurik ez dutenek, berriz, mendira jotzeko aukera badute. Enzo Barnaba historialariak mendiko ibilbide zahar bat seinalatu du, eta harriekin markak egin dizkio, etorkinak gal ez daitezen. «Migrazio klandestinoa bultzatzeagatik kritikatu naute», adierazi du. Ibilbide hori Heriotzaren Pasabidea izenez ezagutu izan da luzaroan. «Diktadura faxistaren garaian eta II. Mundu Gerran juduek eta errefuxiatu politikoek erabili zuten Frantziara zeharkatzeko; horien artean, Sandro Pertini Italiako presidente ohiak. Baina ibilbide arriskutsua zen, eta asko labarretatik erortzen ziren», azaldu du. Historialariak Esperantzaren Pasabidea izenarekin bataiatu berri du bidea.

Oraindaino, Calabriako sare mafiosoengatik izan da famatu Ventimiglia. Mugaldeko hiri bat izanik, kontrabandoarekin biziki aberastu da ’Ndrangheta. Migratzaileentzako harrera zentroen atzean ere mafia dagoela adierazi dute hedabideek, baina Barnabak ez du uste ’Ndrangheta etorkinekin aberastu nahian dabilenik: «Droga garraiatzeagatik aberastu dira. Migratzaileen joan-etorria ez zaie negozio errentagarria iruditzen, oraindik behintzat ez».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)