Alderdi xenofoboaren indarraldiak eskuinera birarazi du Danimarka

Zentro-eskuineko koalizioak irabazi ditu bozak, eta eskuin muturrekoa izango da parlamentuko bigarren alderdia. Liberalek gobernua osatzeko aukera handia dute, bozetan hondoa jo arren

Berria, , 20-06-2015

Europa iparraldeko herrialdeek tradizio sozialdemokrataren gotorlekua izateari utzi diote. Eskuinera bira egiten azkena Danimarka izan da; paisaia politiko erabat moldatuarekin esnatu zen atzo, osteguneko hauteskundeetan zentro-eskuineko blokea gailenduta, batez ere eskuin muturreko DPP Daniarren Herriaren Alderdiaren emaitza ikusgarriei esker. Alderdi xenofobo hori izan baita bozen benetako garailea. Botoen %21 baino gehiago jasota, 37 eserleku eskuratu ditu parlamentuan, eta bigarren indarra da.

Kontraesanez beteriko hauteskunde gaua izan zen ostegunekoa. Aginteko alderdi sozialdemokratak irabazi zituen bozak, botoen %26,3 jasota eta 47 eserleku irabazita. Murrizketa sozialengatik kritika ugari jaso arren, aurreko bozetan baino hiru diputatu gehiago lortu ditu alderdiak. Haatik, haren koaliziokideen emaitza kaskarrek Helle Thorning-Schmidt lehen ministroaren gobernua hondoratu dute. Zentro-ezkerreko koalizioak 89 diputatu lortu ditu —Faroe uharteetako eta Groenlandiako laurak batuta—; gehiengo osoa izateko diputatu bakar batera geratu dira. Porrota onartu, eta alderdiaren buruzagitza utzi du Danimarkan gobernuburu izandako lehen emakumeak.

Alderdi Liberaleko Lars Lokke Rasmussen da bozetako galtzaile nabarmena. Botoen %20ra ez da iritsi, eta hamahiru diputatu gutxiago izango ditu. Gainera, eskuineko koalizioko lidergoa galdu du, DPPren mesedetan. Zipriztindu duten hainbat ustelkeria kasuk kalte egin diote haren irudiari. Hala ere, lehen ministro izateko aukera handia du.

Izan ere, DPPko buru Kristian Thulesen Dahl uzkur da gobernuan sartzeko. Nahiago du gutxiengoan gobernatzen duen koalizio bat kanpotik babestu, eta trukean haren eragina zabaldu. 2001. eta 2011. urteen artean egin moduan. Orduan, eskuin muturreko alderdia gobernu liberal-kontserbadorearen makulua izan zen, eta immigrazioaren aurkako politikak gogortzea lortu zuen. 2011n, gobernuak Brusela haserrearazi zuen, DPPren presiopean kontrolak ezarri baitzituen Suedia eta Alemaniako mugetan, Schengen itunaren kontra eginez.

Gobernuan sartzeko uzkur

Jakitun da Dahl botereak alderdiaren irudiari erasan diezaiokeela, alor ekonomikoan talka egiten baitute liberalen eta eskuin muturrekoen programek. Rasmussenek gastu publikoa izoztu nahi du, eta enpresei zergak jaitsi. DPPk kontrakoa hitzeman du: osasun aurrekontua eta langabezia sariak igotzea, eta Poliziari baliabide gehiago ematea.

Beste herrialdeetako adibideek indartzen dute Dahlen estrategia. Norvegian, eskuin muturreko FRP Aurrerapenaren Alderdiak behera egin du kontserbadoreekin gobernuan sartzean. Berdin liberal-demokratak Erresuma Batuan. Edonola ere, zaila egingo zaio eskuin muturrari gobernuari uko egitea, igoera ikusgarria izan baitute; hamabost diputatu gehiago izango dituzte —botoen %12,3 jaso zituzten orain lau urte—. DPPko jarraitzaile batzuek eskatua dute gobernuan sartzea.

Baina eserleku bakarraren aldearekin, liberalek zuzendutako edozein gobernu ahula izatera dago kondenatuta; are gehiago kontuan hartzen bada hirugarren alderdia direla liberalak. Hori bai, gobernua euroeszeptikoa izango da; izan ere, EB Europako Batasunetik atera nahi ez badute ere, eskuineko lau alderdiek egin dute Bruselaren aurka, Danimarkaren burujabetzari kalte egin diolakoan.

Azkenean gobernua osatzen ez badu ere, ukaezina da alderdi xenofoboaren eragina Danimarkako politikan. Zentro-eskuineko beste alderdiek ere bere egin dute xenofoboen diskurtsoa, eta errefuxiatuak gizartearen kohesiorako mehatxutzat hartu dituzte.

Immigrazioa eztabaida politikoaren erdian jartzea lortu du DPPk. 5,7 milioi biztanle ditu Danimarkak, eta horietako %9 atzerrian jaioak dira. Islamofobiarekin nahastu da etorkinen aurkako jarrera, erlijio hori baitu etsai nagusi eskuin muturrak —biztanleriaren %5 dira musulmanak—. Otsaileko Kopenhageko erasoak baliatu, eta «barruko etsaiaren» beldurra xaxatu dute xenofoboek islamaren aurka egiteko. DPPk beloa erabiltzea debekatzea eskatu du , eta nazien svastikarekin alderatu du.

Lau ardatz nagusi

Lau dira Dahlen eskakizun nagusiak: asilo eskatzaileen kopurua murriztea; mugan kontrolak berriz ezartzea; EB integrazioa murrizteko —Londres du horretarako bidelagun—; eta gizarte ongizatearen gastua handitzea eta enpresei zergak igotzea.

2012. urtean hartu zuen Dahlek DPPren agintea, Pia Kjaersgaard buruzagi historikoak alderdia uztean. Alderdiaren itxura leundu nahi izan zuen Dahlek, oso muturreko profila zuten ahotsak baztertuta. Alderdi buruaren hizkera lasaiak eta mezu sinpleek landa eremuan boto-emaileak irabazten lagundu diote.

Danimarkako emaitzen ostean, Suedia da zentro-ezkerrak agintzen duen Europa iparraldeko herrialde bakarra. Danimarkan ez bezala, Suedian, alderdi nagusiek bakartu egiten dute eskuin muturra, pariatzat hartzen baitute. Halere, horrek ez dio eragotzi Suediako Demokratak alderdiari botoen %18 eskuratzea.

Apirilean, Benetako Finlandiarrak alderdi xenofoboak gobernu koalizioa osatu zuen. Baita Norvegian ere FRP haren parekideak. Xenofobiaren olatuak hartua du behinola sozialdemokraziaren eta bizi maila altuaren lurralde gisa ezagutua zena.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)