Sarraski arrazista bat

AEBetako Charleston hirian bederatzi herritar beltz hil dituzte eliza batean tirokatuta. Poliziak gazte zuri bati egotzi dio «gorrotozko krimena»

Berria, , 19-06-2015

Poliziak ez du zalantzarik, eta AEBetako Charleston hirian (Hego Carolina) herenegun gertatutako sarraskia eraso arrazista bat izan dela uste du. Eliza batean errezoan ari ziren bederatzi herritar beltz hil zituzten tirokatuta, eta Poliziak 21 urteko gizonezko zuri bat atxilotu du hiltzailea delakoan. «Gorrotozko krimen bat izan da», Greg Mullen Charlestongo poliziaburuak jakinarazi duenez. Testuinguru gatazkatsuan gertatu da sarraskia, polizia zuriek azken urteotan hil dituzten herritar beltz armagabeen kasuen ondorioz AEBetan arraza diskriminazioa ez dela inoiz desagertu era gordinean bistaratu baita. Eta are gehiago, hilketetan zerikusia zuten polizia gehienak kargurik gabe aske utzi dituztelako. Charlestonen bertan gertatu berri da halako hilketa bat, joan den apirilean; polizia zuri batek bizkarretik tiro eginda hil zuen herritar beltz bat.

AEBetako hedabideek argitaratu dutenez, ustezko hiltzailea herenegun 20:00 aldera [02:00 inguru Euskal Herrian] sartu zen elizan, eta larrialdietako zerbitzuek handik ordubetera jaso zuten lehenbiziko deia. Lekukoek adierazi dutenez, erasotzaileak galdetu zien elizkizunean parte hartzen ari zirenei nor zen apaiza, eta haren ondoan eseri ondoren tiroka hasi zen. Ihes egin zuen ondoren, eta Poliziak susmagarritzat jotako gaztea atzo goizean atxilotu zuen.

Guztira bederatzi dira hildakoak; sei emakume eta hiru gizonezko, guztiak beltzak. Emanuel Eliza Episkopal Metodista Afrikarreko jarraitzaileak ziren tenpluan bildutakoak; Charlestongo beltzek XIX. mende hasieran sortutako eliza bat da, esklabotzaren aro betean. Horregatik, Poliziak ez du zalantzarik izan, hain zuzen, erasoaren motibazioa beltzen aurkako arrazakeria izan dela. FBI Polizia federalak, Justizia Departamentuak eta Fiskaltzak Hego Carolinan duen bulegoak ere ikerketa bana hasi dute, uste baitute «gorrotozko krimena» izan dela sarraskia. Hildakoetako bat Hego Carolina estatuko senatari demokrata bat zen, Clementa Pinckney. Elizako apaiza ere bazen.

Poliziak Dylann Roof 21 urteko gazteari egotzi dizkio hilketak. Atxilotu aitzinetik, erasotzailearen irudiak argitaratu zituen Poliziak, elizara sartzear zen unean kamera batek hartutakoak. Hura Roof zela identifikatu zuen. Izena argitaratu eta berehala, gaztearen irudi bat hedatu zen Interneten, Facebook sare sozialeko profilean erabilitakoa. Han, jakari itsatsita bi bandera dauzkala ageri da Roof, biak bi estatu arrazistarenak: Hegoafrikako apartheid garaikoa eta Rhodesiakoa (sistema arrazista erori zenetik, Zimbabwe).

Barack Obama presidenteak atzo eguerdian agerraldia egin zuen Etxe Zurian sarraskiari buruz mintzatzeko. Adierazpen adierazgarriak egin zituen, arrazakeriaren auzia ez ezik, suzko armen jabetzarena ere aipatu baitzuen. «Berriz ere, pertsona errugabeak hil dira, min egin nahi zuen norbaitek ez duelako arazorik izan arma bat eskuratzeko». Eta nabarmendu du «bertze herrialde aitzinatuetan» ez dela «halako masa-indarkeria ekintzarik» gertatzen. «Ez, behintzat, halako maiztasunarekin. Gure esku dago horren inguruan zerbait egitea». 2012an, Sandy Hook eskolako (Connecticut) sarraskiaren ondoren —20 urteko gizonezko batek 27 lagun hil zituen, horietako hogei haurrak—, Obamak adierazi zuen suzko armen kontrolaren auzia bere bigarren agintaldiaren «erdigunean» paratuko zuela, baina funtsean sistemak ez du izan aldaketa handirik, eta tiroketak ez dira gutxitu.

Arrazakeria, errotuta

Auzi zentrala, ordea, arrazakeria izan da. Obama da AEBen historiako lehenbiziko presidente beltza, baina haren agintaldian arrazakeria gainditu gabeko arazotzat azaleratu da, neurri handi batean Poliziak beltzekiko erakutsi duen jokabideagatik. Horren azken adibideetariko bat Charlestonen bertan gertatu zen, apirilean. Polizia zuri batek bizkarretik zortzi tiro emanda hil zuen ihesean hasi zitzaion herritar beltz bat. Oinezko batek sakelakoarekin grabatu zuen hilketa. Polizia hori espetxean dago epaiketaren zain, hilketa leporatuta. Gisako gertaerek azken urtebetean istilu larriak eragin dituzte Baltimore (Maryland) eta Ferguson (Missouri) hirietan.

Baina Charlestongo sarraskia bere kabuz jardun duen zibil zuri batek egindakoa da itxura guztien arabera, eta gisa horretako hilketak ere ez dira bakanak izan azken urteotan. Horietako handienetakoa duela hiru urte, gertatu zen, Tulsan (Oklahoma). Bi gizonezko zurik auto batetik bortz herritar beltz tirokatu zituzten, eta horietako hiru hil ziren. Urte berean ere bertze sarraski arrazista bat gertatu zen, baina biktimak indiar jatorriko sikh komunitate erlijiosokoak izan ziren; militar ohi zuri batek sei lagun hil zituen Oak Creekeko (Wisconsin) tenplu batean. FBIren txosten baten arabera, 1995-2012 artean eraso arrazisten %54 beltzek pairatu zituzten, eta 2013an, %66. 1995-2012 artean, FBIk zuriak paratu zituen bigarren biktimatzat (%16).

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)