Aberrigabezia, errefuxiatuen tresna berria

Hego Euskal Herrian, %25 hazi ziren 2014an asilo eskaerak, CEAR Euskadiren arabera. Gora egin dute aberrigabezia eskaerek. Eskatzaile guzti-guztiak sahararrak dira

Berria, Ibai Maruri Bilbao , 18-06-2015

Munduan 51,2 milioi errefuxiatu daude gaur egun. Hau da, 130 biztanletik batek bere herrialdetik alde egin behar izan du; besteak beste, politika, erlijio, sinesmen, ideologia edo genero jazarpenagatik. Inoiz baino gehiago dira. CEAR Euskadik atzo emandako datua da, Errefuxiatuen Nazioarteko Egunaren harira. Hego Euskal Herrian ere gora egin zuten asilo eskaerek. 2014an, 125 egin zituzten, 2013an baino %25 gehiago. Javier Galparsoro elkarteko presidenteak aberrigabezia eskaeren kopurua ere nabarmendu du: 555 izan ziren lau herrialdeetan. Den-denak sahararrak dira.

Nazioarteko aitortzarik ez duen herri bateko kide izatearen aitortza da aberrigabezia. «Orain arte gutxi erabili den baliabidea da. Duela hiru urte, gure zerbitzu juridikoek, aztertu, eta indarra ematea erabaki zuten. Espainiako hainbat elkartek deitzen gaitu aholku eske, eskaeretan liderrak garelako». Aitortza horrek bizitzeko eta lanerako baimena ematen du. Gehiago sakontzeko asmoa agertu du. Sahararrek ez ezik, palestinarrek edo kurduek ere erabil dezaketela aipatu du.

Halako eskaerak onartzeko uzkur agertu ohi da Espainiako Gobernua. Kasurako, iaz, 23 baino ez zituen aitortu; horietatik zortzi, Espainiako Auzitegi Nazionalak behartuta. «Berez, eskaera administratiboa da, baina, askotan, auzitara jo behar izaten dugu».

Politiken krisia

Asilo babesak, ostera, igo egin dira Europako Batasunean. Iaz egindako eskaeren %44an batez beste, baietz erantzun zuten. «Hobera egin den arren, Europak duen politika makurra da. Estatuek gogoeta egin behar dute: arazoa konpontzeko, zer egiten ari gara jatorrizko herrietan?». Galparsororen ustez, «balio krisi sakona» bizi du kontinenteak. «Datozelako penatuta gaude, baina hori eragiten duten arrazoiek ez gaituzte tristatzen. Eurek ez dute erabaki sorterritik joatea, ez eta bidaia latz horiek egitea».

Mediterraneoan 208.000 lagun hil ziren iaz; aurten, daborduko 102.000. Horietatik %80 errefuxiatuak dira. Itsaso horretako giza trafikoaren aurka martxan ipini den kanpaina berria kritikatu du, zaharrak baino sorospen eta babes baliabide gutxiago dituelako. Italiara iristea lortzen dutenetako batzuk Frantziara eta Austriara sartu ezinik daude azken lau egunetan, bi estatuok mugak itxi dizkietelako.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)