Europa barruko harresia

Ehunka migratzaile harrapatuta daude Italian, ondoko herrialdeek mugak itxi baitizkiete. Renzik «B plan bat» iragarri du Europako Batasunak lagundu ezean

Berria, Adrian Garcia, 16-06-2015

Egunak dira Italiako hiri nagusietako tren eta autobus geltokietan hara eta hona dabiltzala. Europa iparraldera eta Alemaniara joateko bidaia txartela erosia dute, senideekin biltzeko, baina mugak itxi eta bidea eragotzi diete. Harrapatuta daude Italian, beren borondatearen aurka. Alemanian iragan astean egin zuten G-7 taldearen —munduko zazpi herrialde industrializatuenen— bilkurarengatik Schengen eremua itxi zuten, eta Frantziak, Austriak eta Alemaniak migratzaileei atea itxi diete. Italiako hiri nagusietan pilatu dira migratzaileak iragan larunbatetik, nora jo ez dutela, eta Erromako eta Milango tren geltokietan kanpaleku inprobisatuak eraiki behar izan dituzte. Beste berrehun bat migratzaile Ventimiglia mugaldeko herrian geldiarazi dituzte, eta Frantziara gurutzatzea galarazi diete; Frantziako jendarmeek ez diete herrialdean sartzen uzten. Horietako batzuek gose greba hasi dute protesta egiteko. Haatik, Parisek ez du onartu nahi izan muga itxi duenik; Bernard Cazeneuve Barne ministroaren arabera, «kontrolak indartu eta arauak betearazi besterik ez» dute egin.

Merkataritza zentroetan, tuneletan eta kanpadendetan hartu dute babes migratzaileek. Italiako Gobernua kritikatu dute hainbat erakundek, migratzaileentzako laguntza berandutzeagatik. Erroman, Gurutze Gorriak 150 lagunentzako kanpalekua altxatu du, zerbitzu higienikoekin. Gizonek igaro dute hor gaua, eta haurrak eta emakumeak zentro batera eraman dituzte. Milanen, berriz, merkataritza gune gisa alokatzen duten esparruan hartu dituzte migratzaileak. Baten batzuek, ordea, ez dituzte geltoki ondoko plazak eta kaleak utzi, eta, identifikatuko dituzten beldur, uko egin diote laguntzari. Gobernuz kanpoko erakundeek jatekoa eta arropa banatu dituzte.

Ventimiglia mugaldeko herriko udalak ere laguntza eskaini die migratzaileei, baina gobernuz kanpoko erakundeek ohartarazi dute egoerak okerrera egin dezakeela, beste asko irits baitaitezke hurrengo egunetan. Gehienak Eritreakoak eta Sudanekoak dira, eta itsasoz egin dute Italiarako bidaia, Libiatik. Haien arabera, ez dute Frantzian geratzeko asmorik, baina ezinbestekoa dute herrialdea gurutzatzea helmugara iristeko.

Halere, Frantziak Italiako Gobernuaren eskuetan utzi du ardura guztia. Cazeneuvek EB Europa Batasuneko araura jo du Parisen jokabidea zuritzeko, eta argudiatu du Italiari dagokiola asilo eskaerak hartzea eta aterpea ematea. Barne ministroaren arabera, «legezko baimenik» ez duten migratzaileak sartu diren herrialdera itzularazi behar dituzte: alegia, Italiara. «Ez dago blokeorik mugan. Arauak betetzen ditugu, besterik ez».

Cazeneuvek, gainera, migratzaileen arteko bereizketa egin du; arrazoi ekonomikoak tarteko herrialdea utzi dutenen eta asilo politikoa eskatu dutenen artekoa. Frantziako agintariaren arabera, lehenak hartzea «arduragabekeria» litzateke. Besteak Europako herrialdeen artean banatzearen alde agertu da.

Hain justu, migratzaileen krisiak arrakalak ireki ditu EBko herrialdeen artean. Italiak eskatu du Europako immigrazio politikak aldatzeko, herrialdeak berak eta Greziak hartzen baitute migratzaile gehien. Aurten iritsitako errefuxiatuen erdiak soilik (24.000) beste kideen artean banatzeari ez deritzo nahikoa. «Probokazio bat da kasik», adierazi du Matteo Renzi lehen ministroak. Italiako agintariak ohartarazi du Europak migrazio krisian lagundu ezean, «B plan bat»abiatuko duela, nahiz eta xehetasunik ez duen aurreratu. «Europak ez badu arazoa elkarrekin konpontzen, Italiak aurrera egingo du bakarrik. Baina ez da Italiaren porrota izango, Europarena baizik».

Gaur aztertuko dute Europako Barne ministroek Greziara eta Italiara iritsitako 40.000 errefuxiatuak kuoten bidez banatzeko proposamena. Gaiari buruzko lehen bilkura izango dute 28ek, eta ez dute erabaki irmorik hartuko; estatu bakoitzak kezkak plazaratzeko abagunea izango du. Urte amaierarako nahi du aurkeztu Europako Batzordeak behin betiko proposamena, baina herrialde askok emana dute kontrako iritzia. Bestalde, EBko herrialdeek aurreakordio bat lortu dute, Mediterraneoko erreskate misioetan onik ateratako migratzaileak Italian lurreratu daitezen.

Edonola ere, 40.000 kopuru oso murritza da munduan babesgabe dauden errefuxiatuak kontuan hartuz gero. AI Amnesty International erakundearen arabera, munduko gobernuek milioi bat iheslari hartu beharko lituzkete hurrengo lau urtetan. Giza eskubideen aldeko erakundeak gogor gaitzetsi du agintarien jarduna, migratzaileen krisia behar bezala kudeatu ez dutelakoan. «Munduko agintariek milaka errefuxiatu hiltzera kondenatu dituzte, eta beste milioika iheslarik bizi jasangaitza dute, oinarrizko babes humanitarioa eskaini ez zaielako».

AIren arabera, «inoizko errefuxiatu krisirik larriena» ari da gertatzen. Agintariek emaniko erantzuna, berriz, «huts lotsagarria» izan da. Estrategiak berriro aztertu eta nazioarteko bilkura bat antolatzea proposatu du, eta migrazioaren presioa duten herrialdeei laguntzeko eskatu du. «Munduak ezin du begira jarraitu Libanok eta Turkiak karga izugarria jasotzen duten bitartean».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)