Udal eta foru hauteskundeak. Ondorena
Maroto kanporatzeko ados dago EAJ, eta Urtaran izango da Gasteizko alkatea
Gasteizko alkatetza hartuko du EAJk, Maroto kentzeko EH Bilduren eskaintza onartuta. PPk salatu du «lotsaren akordioa» lortu dela
Berria, , 13-06-2015Aldaketa iritsiko da gaur Gasteizko Udalera. Izan ere, EAJk atzo arratsaldean jakinarazi zuen EH Bilduk gobernu aldaketaren alde egindako eskaintza onartu duela, eta Gorka Urtaran jeltzalearen hautagaitza aurkeztuko duela gaurko bilkuran. Hori hala, Javier Maroto ez da izango Gasteizko alkatea hurrengo lau urteetan. Ezusterik ezean, EAJko hautagaia izendatuko dute Gasteizko alkate, gehiengo osoz: EH Bildu, EAJ, PSE-EE, Hemen Gaude eta Irabazi alderdietako hemezortzi hautetsien babesa izango du Urtaranen hautagaitzak. Javier Maroto PPko hautagai eta jarduneko alkateak, berriz, bere taldearen bederatzi botoak baino ez ditu jasoko, eta hortaz, ezingo dio eutsi aginte makilari.
Arabako hiriburuan bigarren indarra izan den EH Bilduk egindako proposamenak mugitu du balantza azkenean. Hauteskunde egunaren biharamunetik koalizio subiranistak Maroto alkatetzatik egotzi eta Gasteizen gehiengo alternatiboa eratzeko gainerako alderdiei egindako proposamenak ahalbidetu egin du aldaketa. Azken asteotan begi guztiak EAJn jarrita egon dira, eta udalbatza ospatu bezperan argitu du bere jarrera.
Xabier Agirre EAJren Araba Buru Batzarreko presidenteak erabakia jakinarazteko agerraldia egin orduko, hainbat hedabidek iragarrita zuten EAJren jarrera. Ondoren egindako prentsaurrekoan, Agirrek salatu zuen Javier Marotok azken hilabeteotan izandako jokabideak eta aurrera eramandako «hauteskunde estrategiak» ezinezko egin dutela akordioetara iristea. Bere ustez, PPko hautagaiak elkar ulertzeko duen «gaitasun ezak» eta gizartean eragindako «zatiketak» ezegonkortasuna sortu du, baina aldi berean, «aldaketari ateak ireki» dizkio. «Bestelako hiri eredu bat» defendatzeko, gaurko udalbatzan Urtaranen hautagaitza aurkeztuko duela baieztatu zuen Agirrek. Horrez gain, Urtaran alkate izan dadin EH Bilduk erakutsitako «eskuzabaltasuna» eskertu zuen.
PSE-EErekin adostuta aurkeztuko dute hautagaitza jeltzaleek, atzo bertan lortutako egonkortasun akordioaren baitan. Halaber, Gasteizen sozialistekin koalizio gobernua osatzeko asmoa dute jeltzaleek, baina alderdi guztiekin bilatuko dituzte adostasunak.
EH Bilduk pozez jaso zuen EAJren erabakia, eta Maroto alkate ez izatea «bestelako hiri eredu» bat defendatu dutenei esker lortu dela azpimarratu zuen. Horrez gain, EAJk erabakiaren berri eman aurretik, EH Bilduk oharra kaleratu zuen iragartzeko ez duela oztopatuko EAJren hautagaitza Arabako Foru Aldundirako. Erabakiarekin, Maroto Gasteizko alkatetzatik kentzeko «aitzakiarik» ez dagoela azaldu zuen.
PP, haserre
PPk atsekabetuta jaso zuen EAJren erabakia. Alfonso Alonso Arabako PPko presidenteak Gasteizen egindako agerraldian gogor kritikatu zuen EAJ: «Urtaran ez da Gasteizko alkatea izango, Bilduko alkatea baizik». Maroto kanporatzeko «lotsaren akordioa» lortu dela salatu zuen Alonsok, eta dei egin zion EAJri EH Bildurekin eginiko «ezkutuko ituna» azaltzeko. PSE-EE ere astindu zuen PPkoak: «Pedro Sanchezen alternatiba Bildurekin batera bozkatzea da, lotsaren alternatiba da hori».
(Puede haber caducado)