EH Bilduk Gorka Urtaranen alde bozkatuko du, aurkezten bada

Maroto alkate ez izatea EAJren esku dagoela dio Larrionek. Udalaren eta aldundiaren arteko «kromo trukerik» ez du onartuko koalizioak

Berria, Edurne Begiristain, 12-06-2015

Udalak osatzeko 24 ordu falta direla, argitu gabe dago oraindik nork eskuratuko duen aginte makila Gasteizen. Javier Maroto (PP) alkatetzatik egotzi eta gobernu alternatiboa osatzeko aukera mahai gainean dago oraindik, baina EAJk ez du argitu zer egingo duen. Jeltzaleak gero eta estuago hartzen ari da EH Bildu, eta prest agertu da biharko inbestidura saioan Gorka Urtaran EAJko hautagaiaren aldeko botoa emateko hura Gasteizko alkate izan dadin. Asteazkenean batzarra egin zuen koalizio subiranistak, eta bertan erabaki zuen EAJko hautagaitzari babesa ematea, Urtaranek bere burua aurkeztea erabakitzen badu. Hala gertatzen bada, EAJkoak gehiengoa izango luke alkate izateko —EH Bildu, PSE, Hemen Gaude eta Irabaziren 18 boto izango lituzke—, eta Marotok ez luke agintea berriro hartuko.

«EAJk erabaki egin behar du». Udala osatzeko denbora agortzen ari dela, EH Bildu EAJri mintzatu zaio berriro. Miren Larrion alkategaia eta Kike Fernandez de Pinedo ahaldungai nagusia komunikabideen aurrean agertu dira «aldaketa politikorako» eskaintza berresteko. PP erakundeetatik botatzeko «ahitu» arte lanean jarraituko dutela azaldu du Larrionek, eta udala osatzeko bilkura hasi arte ez dutela etsiko ohartarazi du: «Erantzukizunez eta eskuzabaltasunez jokatzen jarraituko dugu biharko ordu biak arte».

Erabakitzeko ordua dela esan dio Larrionek EAJri, eta hiru aukera dituela gogoratu dio: EH Bilduren hautagaiari botoa ematea, EAJk Urtaranen hautagaitza aurkeztea eta EH Bilduren botoak jasotzea, edo Javier Maroto alkate izatea ahalbidetzea. «EAJren esku dago Gasteizko hurrengo alkatea zein den erabakitzea». Marotori agintean jarraitzeko modua emanez gero «Gasteizko gehiengo zabal baten nahiari» bizkarra emango diola ohartarazi dio Larrionek EAJri.

Herenegun, hain justu ere, Maroto kentzeko eskaera berretsi zuten Gasteizko hainbat pertsona ezagunek. Duela astebete kaleratutako adierazpenari batu zitzaizkion beste hainbat lagun, eta salatu zuten Marotoren jarrera aldaketa ez dela «egiazkoa».

Arabako Aldundia

Koalizio subiranistak argi utzi du Gasteizko Udalaren eta Arabako Aldundiaren negoziazioak bereizi egin behar direla eta ez duela onartuko bi erakundeen arteko «kromo trukerik». Horrela erantzun dio Fernandez de Pinedok herenegun EAJk EH Bilduri egindako eskaintzari. Jeltzaleak prest agertu ziren Gasteizko Udalean aldaketa ahalbidetzeko, baldin eta EH Bilduk Arabako Foru Aldundian egonkortasuna bermatzen badio Ramiro Gonzalez EAJko hautagaiari.

Fernandez de Pinedok ohartarazi du EH Bilduren helburua dela PPk ez agintzea bi erakundeetan, eta horretarako koalizioa prest dagoela erabakitzeko eskubidearen alde dauden indarrekin lan egiteko; tartean, EAJrekin. Hala, ziurtatu du aldundian badagoela aukera jeltzaleekin lankidetzan aritzeko, eta «elkarguneak» bilatuko dituztela .

Fernandez de Pinedok ez du argitu ahaldun nagusi izateko hautagai gisa aurkeztuko duen bere burua, baina Ahal Dugu-ko idazkari nagusi Roberto Uriartek iragarri du ez lukeela EH Bilduren hautagaitza babestuko. Besteak beste, koalizioak normalizazio eta bakegintza alorretan eta identitate, kultura eta hizkuntza politiketan «aldaketa sakona» egitea ezinbestekoa dela esan du.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)