Maroto eta marra gorria

Berria, Iñaki Petxarroman, 09-06-2015

Elkarbizitzari eraso egitea erabaki zuen Javier Maroto Gasteizko alkateak aurreko agintaldian, etorkinen aurka joz. Interes alderdikoiak eta ondo neurtutako estrategia bat zeuzkan horretarako: salbatu egin behar zen PPren ontzia, eta mezu arrazista hartu zuen tresna gisa.

Kanpaina horrek aukera eman dio udal bozetan PPk inoiz lortutako emaitzarik onena erdiesteko. Baina marra gorri bat gainditu du: herritar batzuen eskubideak zapaltzea. Eta hori egiten duenak bere indarra baino ez luke eduki behar, alegia, botoen gehiengo osoa. Eta horretan kalkulu okerra egin du, Gasteiz hark uste baino askoz ere hiri ireki, askotariko eta abegikorragoa delako.

Orain, «arrazakeriaren aurkako» konpromiso etikoa hartu du alkateak. Ez zaizkio damutu gizarte laguntzen ustezko «iruzurraren» harira esandakoak. Kontua da Andoni Ortuzarrek bezperan eskatu ziola proposamen bat egiteko, erakusteko orain arte ez bezalako hiri eredu bat bultzatuko duela. Eta horri erantzun nahi izan dio Marotok. Besterik da sinestea behin alkatetza lortuta jarrera aldatuko duela. Horregatik, gauzak horren muturrera iritsi direlarik, Marotori, aktiboki edo pasiboki, alkatetzan jarraitzen uzten diotenek bi aldiz pentsatu beharko lukete horren ondorioetan. Bestela, eskubideen marra gorriarena beste eskubide urraketa batzuetarako bakarrik zela ulertu beharko litzateke.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)