Udal eta foru hauteskundeak. Ondorena.
"Hiritar guztien" alkate izan nahi du Joseba Asironek
Berria, , 06-06-2015Iruñeko alkatetzan hartuko lituzkeen konpromisoak zerrendatu ditu EH Bilduko hautagaiak. Bere lehentasuna “pertsona guztien eskubide sozialen defentsa” izanen dela nabarmendu du, eta “edozein giza eskubideren urratzea errefusatu eta gaitzetsi” du. Maiatzaren 24ko hauteskundeetik bi aste betetzear direnean, agerraldia egin du Joseba Asiron Iruñeko EH Bilduko alkategaiak, orain arteko negoziazioak baloratu eta hurrengo urratsak azaltzeko. Hautagaiak alkatetzan hartuko lituzkeen konpromisoak zerrendatu ditu, hedabide aurrean egindako adierazpenean. Iruñea jatorri, hizkuntza, kulturan, erlijio eta atxikimendu politikoan “anitza” dela esan du alkategaiak, eta zentzu horretan, “hiritar guztien” alkate izateko konpromisoa adierazi du, “sektarismo eta bazterketatik aldenduz” eta “bizikidetzaren” alde eginez.
Era berean, alkatearen lehentasuna “eskubide sozialen defentsa” izanen dela nabarmendu du, eta “krisi ekonomikoa gehien pairatzen dutenak” aipatu ditu bereziki, arlo horretan egin beharreko lanari dagokionez. Gainera, “haurren, gazteen, emakumeen eta pertsona helduen eskubideen” aldeko jardunak garatzeko alkatetza “tresna” izanen dela adierazi du Asironek.
Bakea, bere gain
Iruñeko alkate berri izan daitekeenak konpromiso argia hartu du ere bakegintzaren arloan: “Bakearen aldeko lana nire gain hartuko dut”, adierazi du. Gainera, “biktima guztiekin, memoria eskubidearekin eta erreparazioarekin esfortzu berezia” eginen duela esan du, eta “errelatoen aniztasunetik autokritika, erantzunkizunen onarpena eta giza eskubideen aldeko apustua” egiteko borondatea adierazi du. Zentzu horretan, hain zuzen ere, argi mintzatu da EH Bilduko alkategaia: “Giza eskubide guztiekin konpromiso irmoa” adierazi du, eta nabarmendu du izaera “zibil, sozial, ekonomiko, ingurugiroko, linguistiko edota politikoko” eskubideak direla horiek. Era berean, “edozein giza eskubideren urratzea errefusatu eta gaitzetsi” du alkategaiak. Azkenik, “pertsona guztientzat ateak zabalik” izanen dituen udala defendatu du, eta “elkar ulertzearen kultura” bultzatzearen alde mintzatu da.
Bestalde, azken bi asteetan Geroa Bai, Aranzadi eta Ezkerra indarrekin zein udal langileen ordezkari, merkatarien elkarte eta auzoetako elkarteekin izandako bilerak baloratu ditu hautagaiak, eta “oso positiboak” izan direla adierazi du, “dezente aurreratu” delako horietan. Hiru alderdi horiek babesa adierazi diote Asironen izendapenari, baina oraindik ikusteke dago zein izango den udal gobernuaren osaketa. Alkategaiak jakinarazi du datorren astean “bilera anitzak” egingo dituztela aldaketaren aldeko indar guztiak bilduta. Era berean, heldu den astean udal gobernuaren osaketaren zein programaren gaineko akordioa lortzeko itxaropena agertu du Asironek. Eta esan duenez, “inbestiduratik harago aldaketaren aldeko alderdiek gobernuan parte hartu dezatela” nahi du alkategaiak.
(Puede haber caducado)