Maroto alkate ez izateko eskatu dute hainbat pertsona ezagunek

Agiri bat sinatu dute hemezortzi lagunek, tartean, Jose Angel Cuerda, Joseba Azkarraga eta Blanca Urgell. Marotok giroa «gaiztotu» duela iritzita, «aldaketaren garaia» dela diote

Berria, Edurne Begiristain, 03-06-2015

Gasteizko Udalera «aldaketa» iristea nahi dutenen ahotsa ozen entzuten ari da maiatzeko hauteskundeez geroztik. Gizarte eragile eta norbanako askok adierazi dute, modu batean edo bestean, PPri alkatetza kentzea premiazkoa dela. Orain, eskari horri batu zaizkio arlo askotako aurpegi ezagun batzuk. Gizarte esparruko, politikako eta kulturako hemezortzi lagunek Javier Maroto popularra alkatetzara irits ez dadin lan egiteko galdegin diete udalean ordezkaritza lortu duten gainerako alderdiei. Marotok «liskarra» eta «bazterkeria» bultzatu duelako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren eztabaidarekin etorkinen kontra «gorrotoaren» diskurtsoa erabili duelako, «aldaketaren garaia» dela adierazi dute agiri batean.

Aurpegi ezagun askok bat egin dute Maroto alkate ez izateko eskatzen duen adierazpenarekin. Besteak beste, Jose Angel Cuerda hogei urtez Gasteizko alkate izandakoa (EAJ), Joseba Azkarraga EAko sailburu ohia eta Blanca Urgell Patxi Lopezen gobernuko Kultura sailburu izandakoa daude sinatzaileen artean. Horiekin batera, hurrengoek bat egin dute agiriarekin: Miguel Angel Ruiz, Eva Silvan, Juan Ibarrondo, Javier Añua, Juan Mieg, Andres Krakenberger, Felix Placer, Miren Ortubai, Javier Argote, Iñaki Larrinbe, Luis Mari Sanchez Iñigo, Javier Hernandez Landazabal, Alberto Cereijo, Iban Zaldua eta Juanito Oiarzabalek.

Haien asmoa ez da alderdi bati edo besteari presio egitea, gasteiztarren gehiengo batek nahi duen aldaketa sustatzea baizik. Aldarri hori «ozen» entzunarazteko beharrak batu dituela azaldu dute. Argudiatu dutenez, maiatzeko hauteskundeetan Gasteizko boto-emaileen %70ek Javier Marotok ordezkatzen ez duen beste alderdi bati eman zioten babesa. Zenbakiek modua ematen dute, eta «egingarria» da, diotenez. Gehiengo berriak balio beharko luke «bizikidetzaren» aldeko urratsak sustatzeko, haien ustez. Izan ere, Marotok hainbat «marra gorri» gainditu dituela salatu dute: horien artean, nagusiena, Diru Sarrerak Bermatzeko Errentan ustez egindako iruzurrak etorkinekin lotzea. Horrelako jokabide politiko eta mezuekin Marotok giroa «gaiztotu» egin duela eta hiritarren arteko «liskarrak» sustatu dituela salatu dute.

Agiriaren sinatzaileek nabarmendu dute Gasteiz ezaguna dela eskubideen defentsagatik eta elkartasunaren aldeko lanagatik, eta, beraz, bertako alkateak ezin duela «gorrotoaren» mezua erabili. Gainera, deitoratu dute Marotok ez duela atzera egiteko asmorik, hauteskunde gauean bertan aitortu zuelako ez zuela atzerapausorik emango bere diskurtsoan.

Hori dela eta, «bestelako politikagintza» egiteko garaia dela uste dute agiriaren sinatzaileek, eta horregatik eskatu diete alderdiei Maroto alkatetzara iristea saihesteko. Alderdien interesen gainetik eta gasteiztar ororen mesedetan egiteko, orain arte Marotoren ekintzen eta mezuen inguruan azaldu duten jarrerarekin «koherentziaz» jokatzeko eta «bidezko erabakiak» hartzeko eskatu diete alderdi politikoei.

Horrez gain, Gasteizko udalbatza berriaren etorkizuna gidatuko duten ordezkari politikoei eskatu diete martxan jar dezatela hirian gizarte zerbitzuen «erreforma sakon bat», eta bideratu dezatela elkargune «integratzaile eta solidarioa», betiere «akordio eta adostasun politiko zabaletan» oinarrituta.

ELA ere, aldaketaren alde

Gasteizen alternatiba eraikitzea beharrezkotzat jo du, halaber, ELAk. Sindikatuak ohar bat bidali du komunikabideetara, Diskurtso xenofoboen aurrean alternatiba eraiki izenburupean. Oharrean, ELAk dio Maroto diskurtso «xenofoboaz» baliatu zela bozak irabazteko, eta «arriskutsua eta arduragabea» dela estrategia hori. Haren ustez, «guztiz zilegia eta beharrezkoa» da Gasteizen «bestelako alternatiba politiko eta sozialak» eraikitzea. Halere, ohartarazi du alternatibak ezin direla oinarritu arrazakeriaren aurkako diskurtso soiletan: «Aldaketa zeren gainean eraikiko den eztabaidatu behar da, zer politika eta neurri izango dituen, eta zer gizarte eredu garatuko duen».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)