Trafikatzaileak, etorkinak eta arauak

Berria, Dolores Morondo Taramundi - Pedro Arrupe Giza Eskubideen Institutua Deustuko Unibertsitatea, 03-05-2015

Urte hasieratik hona, ia 2.000 pertsona hil dira Mediterraneoko uretan, Europara iritsi nahian. 3.000tik gora hil ziren iaz, eta horietatik %80 siriarrak eta eritrearrak ziren, gerratik ihesian zetozenak, eta, beraz, Europako estatuak partaide dituzten nazioarteko hitzarmenen arabera, nazioarteko babesa jasotzeko eskubidearen jabe zirenak. NBEko ofizialek eta erakunde humanitarioek gero eta maiztasun handiagoz batzen dituzte Europa eta gizagabe hitzak. Beharbada horregatik, hamaikagarren naufragioaren ondoren —800 hildako Siziliako kosta parean— Europako Ministroen Kontseiluak aurre egin behar izan zion egoerari: minutu bateko isilunea eginda eta hamar puntuko ekintza plan bat aurkeztuta, baina, kritikak areagotu egin dira.

Isiltasuna izan du ezaugarri Europako Batasunaren eta haren estatu kideen jarrera hotz eta axolagabeak —gehien erasandakoen salbuespenarekin, Italia kasurako—. Baina agintari europarren hitzak haien isiltasunak baino astunagoak dira. EBk «deitoratu» egiten du naufragioa, eta plan bat jarri du abian «tragedia» hauek errepika ez daitezen. Tragedia deitoragarrioi buruzko Europaren diskurtsoak beti dakar berarekin, elementu esplikagarri gisa, trafikatzaile ankerren eskuetan, ontzi desegokietan, elementuen mende jartzen diren pertsonen zuhurtzia falta. Eta, horregatik, Batasunaren planaren helburua Europaranzko errefuxiatuen joan-etorria galaraztea da. Ez da gure arazoa —diote Batzordearen hamar puntuek—, lortuz gero Europara ez iristea.

Hamar puntuetatik lehen hirurak trafikatzaileei aurre egiteko mugen kontrolari buruzkoak dira; 4. eta 5. puntuek asilo eskaerak eta hatz markak kudeatzen dituzten taldeak indartzeko xedea dute; 6. eta 7. puntuek aipamen herabea egiten diote errefuxiatu taldeak banatzean Europako herrialdeek eskaintzen duten ikuskizun lotsagarriari; 8. eta 9. puntuetan, unean bertan kanporatzeko mekanismoak eta Libia inguratzen duten herrialdeekiko zehaztu gabeko elkarlanak daude jasota; eta 10. puntuan migrazio fluxuei buruzko informazioa biltzearen beharra aipatzen da.

Eta errefuxiatuak? Zer dago hamar puntu horietan haiei Europara iristen eta bizia arriskatu gabe babesa eskatzen laguntzeko? Zergatik ez ditu Europako Batasunak erreskate operazioak antolatzen, muga patruilak ezarri beharrean? Zergatik ez ditu giza korridoreak ezartzen Siriako gatazkarengatik lekualdatutako 3,9 milioi pertsonetatik batzuei gutxienez laguntzeko? Zergatik ez da giza bisetarako sistema bat ezartzen, hatz markak hartzearekin tematu beharrean?

Europako Batasuna ez da ari krisi honi ikuspegi funtsean errepresiboarekin soilik erantzuten. Ez da soilik muzin egiten ari giza eskubideei eta elkartasunari buruzko estandar propio eta nazioarteko betebeharrei, hori jada oso larria izanik ere. Okerrena da ikusgai dugun tragedia honen oinarria Europaren arauetan dagoela, Europako Batasunak alda ditzakeen arauak, batez ere ikusita zein eragin duten hainbat heriotzatan.

Txalupetako errefuxiatuak zergatik ez dira etortzen hegazkinez? Galdera hori egiten du Hans Rosling irakasleak bere Factpod batean (Youtuben). Zergatik dira horren zuhurtziagabeak eta sartzen dira itsasontzi zaharkitu eta desegoki horietan, dirutza ordainduz baldintza penagarrietan bidaiatzeko, trafikatzaileen eta elementuen ankerkeria pean? Bada, Europako Batasunak baduelako arau bat (2001/51/EC zuzentaraua), zeinak «delegatu» egiten dien aire eta itsas konpainiei nazioarteko babesaren erantzukizuna. Europara garraiatzen dituzten legez kanpoko etorkinen gaineko erantzukizuna konpainiek izango dute, baita haiek sorterrira bidaltzeko kostuen ardura ere —betiere Genevako Konbentziotik eratorritako eskubideei kalte egin gabe, dio zuzentarauak—. Orduan, zein konpainia arriskatuko da gerratik ihesi datorrela dioen norbait garraiatzera? Are gehiago, aintzat hartuta Europako herrialdeek batez beste asilo eskaeren erdiak soilik onartzen dituztela. Bisarik gabe ez dago bidaiarik aire eta itsas konpainietan. Eta alternatiba trafikatzaileak dira.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)