UDAL ETA FORU HAUTESKUNDEAK. ONDORENA

Alkate segitzeko «ateak irekita» ikusi ditu Marotok EAJ hartu ondoren

Urtaranek adierazi du bi alderdien artean «desberdintasun garrantzitsuak» daudela. EAJren hautagaia EH Bildurekin ere batu da

Berria, , 29-05-2015

avier Marotok (PP), Gasteizko alkatetzan segitzeko asmoz, akordioa lortzeko gonbita egin dio EAJri. Gorka Urtaran EAJren alkategaiarekin bildu zen atzo, eta bileraren ostean esan zuen itun baterako «ate guztiak irekita» utzi dituztela. Gobernu programako ardatz estrategikoak helaraziko dizkio Marotok datozen egunetan. «Denok egin behar dugu akordioak erdiesteko ahalegina», esan zuen PPko kideak. Urtaranek, baina, azaldu zuen bi alderdien artean «desberdintasun garrantzitsuak» dituztela.

Etorkinekin bizitzeko beldurrari buruzko liburu batekin joan zen EAJkoa bilerara, eta alea oparitu egin zion. Azken hilabeteetan, adierazpen larriak egin ditu Marotok etorkinek diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzeari buruz, eta udal oposizio osoa atera zen haren jarreraren aurka.

Miren Larrion EH Bilduren alkategaiak ere hartu zuen Urtaran. EAJkoak proposamena zehazteko eskatu dio, eta ez zuen ezer zehatzik esan bileraren ostean.

PPk bederatzi hautetsi lortu zituen igandean Gasteizko udal bozetan; EH Bilduk, sei; EAJk, bost; PSEk, lau; Hemen Gaude-k, hiru, eta Irabazik, bat. Ekainaren 13ko inbestidura saiorako, gehiengo osoa behar da alkatea izendatzeko; halakorik ezean, Marotok segituko luke postuan, bozetan PP izan delako indar bozkatuena.

EH Bildu prest azaldu da alkatetza EAJren esku uzteko. Roberto Uriarte EAEko idazkari nagusiak adierazi du ez zaiola serioa iruditzen eskaintza hori, «baina, politika berria egiteko borondatea badago, Ahal Dugu-k ez du eragozpenik jarriko». Ahal Dugu-k babestutako udal hautagaitza da Hemen Gaude.

«Aldaketak» EAEko PPn

Nahiz eta EAEko PPk erkidegoan lau udalerritan baizik ez duen lortu indar bozkatuena izatea eta hiru herrialdeetan zortzi batzarkide galdu dituen, Arantza Quiroga alderdiko presidenteak esan du ez duela dimisioa emateko asmorik. Bereziki Bizkaian eta Gipuzkoan izan dituzte emaitza txarrak; hango «egituren ahuleziagatik» eta Arabako «soziologia oso desberdina» izateagatik gertatu da hori, Quirogaren ustez.

Dena dela, presidenteak iragarri du EAEko PPn «aldaketa organikoak» egingo dituela.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)