Gasteizen ere, aldaketa eske
Gora Gasteizen inguruan aritu diren zenbaitek uste dute Marotoren aurkako boz asko izan direla Gasteizen. Alternatiba adosteko, ahalegina eskatu diete alderdiei
Berria, , 27-05-2015Javier Maroto Gasteizko alkateak inor gutxi uzten du epel. Etorkinak diru sarrerak bermatzeko errenten bizkar bizi zirela haizatzeak harrotu zituen hautsak iaz, eta horrek altxarazi eta loratu zuen mugimendu koloretsu bat Gasteizen: Gora Gasteiz. Apirilean eten zuen lana, hiri ireki eta koloretsua dela agertuta. Pasatu dira udal eta foru hauteskundeak, eta 3.000 boz gehiago bildu ditu Marotok. Baina beste aukera bat bada mahai gainean: beste alderdi batzuen akordioek alkatetza ken diezaiokete. Gora Gasteiz mugimenduaren inguruan aritu diren hainbati galdetu die BERRIAk aukera horretaz. Ez dute zalantzarik: aldaketa eskatu dute.
KARMELE JAIO
Idazlea
«Marotoren aurka aktiboki egiteko ere eman diete askok botoa beste alderdiei»
«Uste dut Javier Marotok boto asko lortu dituela mezu arrazista batekin. Badago herritar talde bat espresuki botoa eman diona hori kontuan izanda. Baina iruditzen zait, egon den eztabaida guztia kontuan izanda, Gora Gasteiz inguruan bildu den jende guztia kontuan izanda… —eta mugimendu hori guztia duela urte batzuk ez zegoen—, ba, uste dut beste alderdi guztiei botoa eman dietenen artean ere boto asko Marotoren kontrakoak izan direla. EAJri, Irabaziri edo EH Bilduri botoa eman dieten jende askok aktiboki Marotoren kontra egiteko ere eman diete botoa. Uste dut badagoela hazi bat, egoera ezberdin bat, lehen ez zegoena. Hori kontuan izan behar da orain udal gobernuarekin zer egin edo zer ez egin erabakitzeko momentuan. Mezu xenofobo, arrazista eta atzerakoiaren kontrako boto asko izan dira. Eta mezu xenofoboak hauteskundeetan botoak irabazteko funtzionatzen badu hemen, agian beste lurraldeetara eramango dute. Ez dakit, baina beldurra ematen du».
ANDRES KRAKENBERGER
Argituz-eko kidea
«Gorrotoaren aldeko mezua zabaltzen duenak ez du zilegitasunik alkate izateko»
«Hamar boto-emailetik hiruk Marotoren alde egin dute, eta beste hamarretik zazpik ez dute Marotoren alde egin. Nik herritar gisa ahal dudan guztia egingo dut alderdiak kontzientziatzen saiatzeko. Hamarretik zazpi boto horien ordezkariak konbentzitzen saiatuko naiz Maroto ez dadin izan Gasteizko alkate. Arrazoi sinple batengatik: Marotok gorrotoaren mezua hauspotu du; bere herritar batzuen aurkako gorrotoa hauspotu du. Eta nahiz eta auzitegiek ebatzi duten gorrotoaren mezu hori ez dela delitu, ez du zilegitasunik. Giza eskubideen aldeko ekintzaile gisa, uste dut gorrotoaren mezua zabaltzen duenak berez ez duela zilegitasunik alkate izateko. Ez da boto kopuruen kontua: auzi morala da. Giza eskubideekin bat etorri behar du. Duela gutxi, beste aukera politiko batzuei zilegitasuna kentzen zitzaien giza eskubideak ez errespetatzeagatik: gauza bera da».
OIHANE PEREA
Bertsolaria
«Aniztasuneko gobernu bat tokatzen da, denontzako lana egingo duena»
«Gasteizen, Nafarroan bezala, erregimena bota egin behar da. Duela lau urte izan zuten aukera ados jartzeko, eta ea oraingoan egiten duten. Gasteizko gehiengoa euskaltzaleagoa, pluralagoa eta aurrerakoiagoa dela uste dut, eta espero dut alderdiek erreakzionatzea, Gasteizek behar duelako. Gasteizek kolore asko ditu, eta azken urteetan agintean egon den alderdiak kolore bakarra hartu du kontuan. Aniztasuneko gobernu bat tokatzen da, denontzako lana egingo duena. Sortu duten ilusio horri alderdiek erantzun egin behar diote orain».
TXEMA R. DE LA PISCINA
EHUko irakaslea
«Nafarroan posible den aukera, zergatik ez Gasteizen?»
«Gasteizko aldaketa erabat zilegi da. Nafarroan posible ikusten den aukera, zergatik ez Gasteizen? Zergatik ez baliatu aukera hori? Kontuan izan behar da Javier Maroto gidatu duen aukerak bazterrak nahastu dituela Gasteizen. Aldaketa beharrezkoa, zilegizkoa eta gauzagarria da. Ez dakiguna da EAJ prest legokeen hor sartzeko. Gasteizen kontuan izan beharreko beste gaia herri harresiarena da. Uste dut poliziak izandako jarduerak aktibatu duela boto bat Gasteizen. Haserrearen botoa izan da. EAJk behera egin du Arabako hiriburuan, eta hori ere begiratzekoa da. Baina, hori dena kontuan izanda ere, uste dut Maroto kentzea beharrezkoa dela. Kontu etiko bat da. Etorkinak errentaren bizkar bizi zirela zabaldu zuen. Erabat zikina izan da joko hori, eta hark oso ondo daki. Horren inguruan egon daitekeen iruzurra %0,3 da. Aldiz, ustelkeriaren inguruan eta alderdikideek eta ingurukoek etxera eraman duten dirua askoz gehiago da. Erabat pornografikoa da. Duintasunagatik eta etikagatik, merezi du pertsona hori alkatetzatik kentzea. Gasteizen eta Araban oinarri kontserbadore handia da, baina Gasteiz eta Araba asko aldatu dira azken urteetan. Gasteiz oso herri plurala da. Askotan, eskuinarekin eta PPrekin identifikatzen da Gasteiz, baina hori heren bat baino ez da. Beste guztiak ez gara inolaz ere horrelakoak, eta aldaketa hori islatu egin behar da udalbatzan».
IBAN ZALDUA
Idazlea
«Eskuzabaltasuna eskatzen diet alderdiei, eta bestelako hesiak aparkatzea»
«Lehentasuna izan beharko litzateke Javier Maroto kentzea; batez ere, azkenaldian izan dituen joerengatik. Eskuzabaltasuna eskatzen diet alderdiei, eta dauden bestelako hesiak eta ezberdintasunak neurri batean aparkatzea. EH Bildu alkatetzari uko egiteko prest agertu izana jeniala iruditzen zait, baina EAJ ez dut ikusten ildo horretan. Ea zer gertatzen den. Gutxieneko programa bat egin, eta aurrera egitea da abagune honetan tokatzen dena. Uste dut zigortu egin behar dela xenofobia xaxatzen duen diskurtsoa. Marra gorria jarri egin behar da. Iruditzen zait Marotoren aurkako botoa ere ugaria izan dela. Gasteizko herritarren nahi bat badago hor, eta ondo legoke alderdiek ahots horri erakundeetan lekua egitea. Diskurtso xenofoboa zabaltzeari galga jarri behar zaio. Alde horretatik mezu argi bat bidaltzea oso baikorra izango litzateke».
EDU ZELAIETA
Idazlea
«Diskurtso xenofobo batekin lortu du boterea, eta, beraz, zilegi da alkatetza kentzea»
«Egiten dudan interpretazioa da Gasteizen ez duela PPk irabazi, Gasteizen Marotok irabazi duela, oso diskurtso jakinarekin: diskurtso xenofobo, arduragabe eta arriskutsu batekin. Horregatik, iruditzen zait zilegitasun osoa dagoela alkatetza kentzeko, betiere kontuan hartuta nola lortu duen Marotok botere hori. Eta nahiz eta niri ez gustatu, egon badago tradizioa boto gehien lortu duen alderdiari agintea kentzeko, beste batzuek elkar hartuta eta kalkulagailuak aukera ematen baldin badu. Joko politikoan mila aurrekari daude. Begiratu beharko litzateke, era berean, zergatik irabazi duen Marotok Gasteizen. Eta Europan, beste ispilu batzuetara begiratuta, diskurtso xenofoboek arrakasta izan dute gurea baino tradizio demokratiko handiagoa duten herrialdeetan. Sozialki desastre bat badira ere, bozetan funtzionatzen dute. Gasteiztarrak ez gara beste tokietan baino tontoagoak, ez listoagoak, ezta xenofoboagoak ere, baina Marotok jakin izan du etekin politikoa ateratzen, eta, tamalez, funtzionatu egin du, Frantzian eta beste herrialde batzuetan bezala. Diskurtso xenofoboa kopiatzeko arriskua ikusten dut, eta arduraz jokatu beharko lukete politikoek. Hauteskundeetan fun- tzionatzen duena ez da sozialki komenigarria. Bi logika dira. Baina aldaketarako galdera bat. Gasteizen PPk bederatzi zinegotzi lortu ditu, EH Bilduk sei, eta EAJk bost; galdera da: eta bigarren indarra EAJ balitz eta hirugarrena EH Bildu?».
(Puede haber caducado)