'Maroto efektuari' lotuta Araban
Erronkari eutsi dio Javier Marotok Gasteizen, orain dela lau urte baino 3.200 boto gehiago lortuta. EAJk akordioak behar ditu aldundian
Berria, , 26-05-2015Bi interpretazio utzi dituzte igandeko bozek: bata Gasteizen, eta bestea, Araban. Hiriburuan, PPk ongi eutsi dio lehen indarrari Javier Marotori esker, baina Arabako Biltzar Nagusietan galdu egin du Javier de Andresek, EAJren mesedetan. Batak zein besteak, ordea, gehiengorik gabe irabazi dute. Zatituta dagoelako, oso, bi erakundeetako eserlekuen banaketa: sei alderdi izango dira Gasteizko udalbatzan, eta zazpi Biltzar Nagusietan.
MAROTO GARAILE
Javier Marotok Gasteizen lortutako garaipenak arnasa eman dio EAEko PPri, eta gainerako herrialdeetan lortutako emaitza kaskarrak arintzeko balio izan dio. Marotok 2011ko hauteskundeetan lortutako zinegotzi kopuru bera eskuratu du (9), 3.200 boto gehiago lortuz, eta alde handia atera dio EH Bildu bigarren indarrari (12.000 boto). Maroto efektua agerikoa izan da hautetsontzietan. Horren adierazle, honako datu hau: Marotok PPk Biltzar Nagusietarako baino 5.500 boto gehiago lortu ditu udalerako Gasteizko barrutian. %18 gehiago da hori. Argi dago azkenaldian etorkin kolektibo batzuen aurka hasitako kanpainak, higatu baino gehiago, botoak eman dizkiola PPko alkategaiari.
ITUNAK ALDAKETARAKO
Inkestek lehia estua iragartzen zuten EH Bilduren eta EAJren artean, baina ez da halakorik izan. EAJk baino 4.000 boto gehiago erdietsi ditu koalizioak Gasteizen, orain dela lau urteko emaitzen antzekoak lortuta, sei zinegotzirekin. Miren Larrion buru duen hautagaitzak lortutakoa ez da makala, bigarren indarra baita Gasteizko udalean, EAJren aurretik. Nolanahi ere, Gasteizen lehen indarra izan eta Maroto alkatetzatik botatzeko aurreikuspenak bazituen koalizioak, eta urrun geratu da amets horretatik.
Batuketa soilaz gain, baldintza objektibo gutxi daude Maroto kenduko duen gobernu egonkor bat sortzeko Gasteizen. EH Bilduk dauka, beste edozeinek baino gehiago, gobernu aldaketa gidatzeko zilegitasun handiena, bigarren indarra baita Udalean, eta 2011 urtean Bilduren eta Aralarren botoak batuta baino mila boto gehiago dituelako. Baina Marotori alkatetza kentzeko aliantza posibleek ibilera eskasa dute. Hauteskundeetan galtzaile izan direnekin —EAJrekin eta PSErekin— akordioak egiteak etorkizun gutxi ez ezik, zilegitasun eskasa ere izan dezake hautesleen aurrean. Eta EH Bildu, Hemen Gaude eta Irabaziren arteko aliantza posible batek ere ez du behar besteko gehiengoa ematen alkatetza eskuratzeko. Miren Larrion EH Bilduko hautagaia prest agertu da oposizioarekin akordioa lortzeko Maroto kanporatzeko, baina jada jaso du EAJren eta PSEren ezetza.
EAJ-K, ALDUNDIA ESKURA
PPko Javier De Andres ahaldun nagusiaren agintaldia amaitu da, eta Ramiro Gonzalez jeltzaleak eskura du Arabako Aldundia. Jeltzaleek orain arte zituzten 13 jarlekuak mantentzea lortu dute, eta gobernu aldaketa gidatuko dute. Horretarako, baina, akordioak beharko dituzte, joko politikoa oso irekita dagoelako Biltzar Nagusietan. Gehiengoak lortzea ez du erraza izango Gonzalezek, PSErekin 18 eserleku lortuko lituzkeelako soilik. Ikusiko da aliantzetarako zer aukera izaten diren.
ALDERDI BERRIAK
Gasteizko Udalean eta Biltzar Nagusietan, eskuinaren eta ezkerraren arteko lehian, zabaldu egin da agertoki politikoa. Ezkerrean, bi alderdirekin: Ahal Dugu-k (udalean Hemen Gaude hautagaitzak) eta Irabazik ordezkariak lortu dituzte bi erakundeetan, eta eskuinean, Ciudadanosek eserleku bat erdietsi du Biltzar Nagusietan. Aparteko aipamena merezi du Ahal Dugu-ren indarrak. Zortzi eserleku izan ditu alderdi berriak, eta laugarren indarra da. Alderdiaren emaitzek indar berri horren sendotasuna berretsi dute. Azpimarragarria da siglek izan duten garrantzia. Izan ere, Podemosen hautagaitza Sumando Hemen Gaude-k 10.000 boto lortu ditu Gasteizen, eta Ahal Dugu-k 18.000 boto Araban.
UDALERRIAK
Aginte makila eskuz aldatu da Arabako udalerri askotan, batez ere EAJren eta EH Bilduren artean. EAJk Agurain, Aiara eta Bastida irabazi ditu, Amurriori eutsi dio, baina Lapuebla eta Artziniega galdu ditu. EH Bilduk Laudio, Legutio, Zuia eta Aramaiori eutsi die, Artziniega irabazi egin du, baina Agurain, Aiara eta Asparrenako alkatetzak galdu. PPk Gasteiz, Guardia, Oion eta Mañuetari eutsi die, eta galdu egin ditu Bastida eta Ekora. PSE-EEk Iruña Okari eutsi dio, Erriberabeitian galdu du, baina Moreda eskuratu du. Plataforma independenteek gutxienez bederatzi udalerritan aginduko dute.
(Puede haber caducado)