Etorkinei atzera eginarazteko neurri gogorrak iragarri ditu Cameronek

Immigrazio politika berriek paperik gabeko beharginen baldintzei eragingo diete zuzenean

Berria, , 22-05-2015

David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroak legez kanpoko langile atzerritarrak jarriko ditu jomugan bere hirugarren agintaldian. Queens Speech legegintzaldi hasierako hitzaldi sonatuan aipatuko du immigrazio erreforma berria; eta, beraz, bere gobernu agendako zutabe nagusietako bat izango da hurrengo bost urteetan.

Immigrazio politika berriarekin, nabarmen gogortu nahi ditu paperik gabe Erresuma Batuan bizitzen eta lanean ari direnen baldintzak: besteak beste, haien soldatak zuzenean konfiskatzeko bide emango du lege berriak. «Jende gehiena erabat ados legoke», azaldu du Theresa May Barne ministroak: «Legez kanpo bazaude, ez daukazu hemen bizitzeko eskubiderik; eta hemen lanean aritzea iraingarria da. Horregatik jokatu behar dugu soldata horiekin krimen batetik lortutako irabaziak balira bezala».

Cameronentzat, soka itogarria da immigrazioaren auzia. 2010ean agintera heldu zenean aho zabalarekin hitzeman zuen 100.000tik behera jaitsiko zuela urteroko immigrazio tasa. Berriki argitaratutako datuek, ordea, kontrako joera adierazten dute: 2014an, immigrazio-fluxuek 298.000 igoarazi zuten Erresuma Batuko biztanleria, Cameronek zin hura egin zuenean baino 54.000 gehiago. Denera 624.000 lagun heldu ziren, aurreko urtean baino ia 100.000 gehiago; Erresuma Batutik joan zirenen kopurua, berriz, ez zen gehiegi aldatu.

Oposizioko Alderdi Laboristak aurreko agintaldian ere gogor hartu zuen Cameron «hauteskunde promesa harengatik». Eskuin muturrak, berriz, beste datu bati heldu dio Cameron estutzeko: legezko bideetatik iritsi eta bisa iraungita bizitzen geratu diren 300.000 atzerritarren arrastoa galduta dauka Londresko gobernuak, eta ez daki haietatik zenbat ari litezkeen lanean. Eskuinak «deskontrolatutako» immigrazioaren mamua haizatu du, eta gobernuari ere doinu horretan dantza eginaraztea lortu du. «Ez baduzu immigrazioa kontrolatzen, zerbitzu publikoen gaineko presioa ere ezin dezakezu kontrolatu. Eta hori justizia kontu bat da», argudiatu du orain Cameronek.

Langileen aurkako neurriak

Indarrean den legeak hainbat zigor ezartzen ditu euren egoitza-baimenaren baldintzekin bat ez datozen jarduera ekonomikoak egiten dituzten kanpotarrentzat. Turista gisa herrialdean egonda enplegua lortzen dutenei, esaterako, sei hilabeterako askatasun murrizketa edo zehaztu gabeko isuna ezar diezaiekete. Legeak, ordea, badu «hutsune» bat paperik gabe bizitzen ari direnei dagokienez: herrialdera legez kanpo sartu edo bisa iraungita geratu direnen kasuan, ezin diete ardurarik eskatu euren egoitza baimenaren baldintzak hausten ari direlako —ez daukatelako egoitza baimenik—.

Hain zuzen ere, talde horien aurka joko du gobernuak immigrazioa murrizteko. Hartara, asmo horrekin doazenentzat Erresuma Batua «hain erakargarria» izan ez dadin lortu nahi du Cameronek: «Muga jarriko diegu legez kanpoko langilez betetako etxeei; deportazioa saihesten duten legez kanpoko migratzaileei; eta britainiarrei emango dizkiegu Britainiak behar dituen lanak egiteko tresnak».

Erreforma berriarekin, askoz gertuagotik behatuko dituzte paperik gabeko langileen nondik norakoak: bankuek eskumen handiagoa izango dute haien kontuak zelatatzeko; eta udal mailako kontseiluek, beharginak kontratatzen dituzten lurjabeen aurka jotzeko. Arau-hausteren batengatik deportaziora derrigortu dituztenen joan-etorriak satelite bidez kontrolatuko dituzte, eta «lehenbizi deportatu, gero helegitea jarri» araua prozedura judizial guztietara zabalduko dute.

Azken horrek eztabaida handia sortu izan du lehendik ere Erresuma Batuko Parlamentuan. Kontserbadoreek aurreko legegintzaldian sartu nahi zuten indarrean, baina koaliziokide zituzten liberal-demokratek eragotzi zieten. Oraingoan, gehiengo osoarekin gobernatuko du Cameronek, eta ez luke, beraz, trabarik izan behar.

2014ko datuak

UKIP Erresuma Batuaren Independentziaren Alderdiak erruz erabili du immigrazioaren aurkako diskurtsoa Europako Batasunarekiko harremana zalantzan jartzeko; 2017rako erreferendum bat ere hitzemanarazi dio Cameroni. Iazko datuek, ordea, agerian uzten dute ez diola askorik balioko Europa barruko mugimendu askatasuna murriztea, bertatik kanpoko immigrazioa baita gehien hazten ari dena. 2014an heldutako gehienek lan bila jo zuten bertara; aurreko urtean baino 70.000 gehiagok. Beste 20.000 senideekin elkartzera joan ziren, eta 11.000, ikasketak egitera.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)