11 kolorez margotuko dute aniztasuna Donostian
Ekainaren 6an egingo den festan Gora Gasteiz ekimenak jaurtiko du txupina, eta ekitaldi nagusia 11 Danbor Martxa izango da
Diario Vasco, , 21-05-2015EH 11 Kolorek, Donostia 2016 Fundazioak, Gipuzkoako Etxe Erregionalen Federazioak eta Donostiako Udalak, Donostiako Aniztasunaren Festaren programa aurkeztu dute Nazioarteko Kultur Aniztasunaren egunean. Ekainaren 6an egingo den 11 Kolore Fest Jaialdiaren ekitaldi nagusienean, 11 Danbor Martxan alegia, Errioxako Etxeak izan zuen iaz txupina jaurtitzeko ardura, Gipuzkoako Erregio Etxe zaharrenak100 urte bete bait zituen. Aurten ordea, Gora Gasteizeko kideei egokitu zaie txupina jaurtitzeko ohorea.
EH 11 Kolore ekimeneko bozeramailea den Xabier Mendigurenen hitzetan “ekimen hiritar honek aurten egin duen lanari eskerrak eman nahi dizkiogu eta bide batez omendu nahi ditugu, jarrera xenofoboen aurrean modu eredugarri batean lan egin duen elkarteari. Gasteizko hiritarrak beren jatorriaren, kulturaren edota sinismenen inguruan zatikatu nahi izan dituztenen aurrean erakutsi dutelako parte hartzearen eta inklusioaren bitartez Gasteiz irekiago bat, justuagoa eta azken batean hamaika koloretakoa egitea posible dela erakutsi digutelako.”
Kultura eta jatorri ezberdinetako Donostia osatzen duten pertsonek elkartasun mezua bidali nahi izan diete beste jatorri eta kulturetako gasteiztarrei eta horrexegatik aukeratu dute “Izan Kolore” aurtengo lema moduan. Izan Kolore izan bazen Gasteizen, baita Donostian eta Euskal Herri osoan ere.
EH 11 Kolore ekimenak, beste urte batez, donostiar hiritar guztiak eta baita gipuzkoar eta euskalherritarrak gonbidatu nahi izan ditu 11 Danbor Martxan parte hartzera, elkarrekin aldarrikatzeko, aurten inoiz baino ozenago “Gora Aniztasuna” gure hiriko kaleetan zehar. Aurtengo hasera ordua eta lekua ordea, veste bat izango da, 18:30etan abiatuko bait da Konstituzio plazatik.
11 pintxo 11 zapore
11 Kolore Festek beste edizio batzuetan arrakasta izan duen 11 pintxo 11 zapore ekimen gastronomikoa errepikatuko du berriz ere. Donostiako Alde zaharreko 11 tabernek ekainaren 6ean, egun osoan zehar, munduko gastronomietan oinarritutako pintxoak sortutko dituzte 11 Kolore Festean. Kultura eta herri ezberdinetako gastronomiak dastatzeko aukera izango da aurten: Gaztela, Ekuador, Bretania, Peru, Mexiko, Vietnam, Irlanda, Asturias, Korsika, Andaluzia eta Kuba.
Baina aurtengo 11 Kolore Festak baditu gauza berriak ere: Bulebarrean haurrentzako perkusio talierra izango da goiz osoan zehar. Gipuzkoako SOS Arrazakeriak eta Bidez Bide elkarteak erakusketa bana ipiniko dute Bulebarrean ere “Zurrumurruak desagiten” bata eta “Aingeru zaindariak” bestea. Banda Bat elkarteak bat egiten du aurten 11 Kolore Fest egunarekin eta gauean Soupkandia Reggae Band taldearen kontzertua ikusteko aukera izango da Guardetxen. Donostiako Piratek beste behin ere Burubeltz Konpartsari bizia emango diote, baina aurten ordea jatorri eta kultura ezberdinetako mutil eta neskak batuko zaizkie Kolore Guztiak elkarte interkulturalari esker.
Donostian ospatzen den Aniztasunaren jaiak baditu garrantzizko beste bi ekitaldi: Ohitura bihurtu den Gipuzkoako Erregio Etxeen jaia maiatzaren 31an Konstituzio Plazan eta “Sukaldeanitzak” ekimena ekainaren 13an Donostiako elkarte gastronomikoetan.
(Puede haber caducado)