Bitartekariak jomugan
Europako Batasunak itsasoko misio bat abiatzea adostu du, migratzaileak Mediterraneotik Europara daramatzaten «trafikatzaile sareak» suntsitzeko
Berria, , 19-05-2015Mediterraneotik heltzen diren etorkinei babesa emateko moduan ez, baina haiei bidea nola moztu erabakitzerakoan aise jarri dira ados Europako Batasuneko Atzerri eta Defentsa ministroak. Itsasoko misio militar bateratu bat abiatzea hitzartu dute, migratzaileen bidaiak antolatzen dituzten «giza trafikatzaileen» sareak desegiteko. Operazioa ekainaren amaierarako martxan nahi du Federica Mogherini EBko diplomazia buruak.
Azken hilabeteotako «migrazio krisiari» aurre egiteko plana dela azaldu du. Urte hasieraz geroztik, 1.800 pertsona baino gehiago hil dira Mediterraneoan itota, Europara eraman behar zituzten txalupek hondoa jota. Gertakariok saiheste aldera, bitartekari lanak egiten dituzten «mafiak» jarri dituzte EBko estatuek jomugan, eta haien «negozio eredua eteteko» urratsak zehaztu dituzte. Asmoak itzal ugari ditu, ordea. Izan ere, etorkinak dakartzaten itsasontzietan zuzenean esku hartzeko baimena ematen die EBko militarrei, baita haiei eraso egitekoa ere.
Mogherinik azaldu duenez, hiru fase nagusi leuzkake Eunavfor Med operazioak. Hasteko, zaintzarako patruilak barreiatuko lituzkete Mediterraneoan, «migratzaile sareak detektatzeko eta behatzeko»: haren funtzio nagusia informazioa biltzea litzateke, eta berez ez luke NBE Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluaren onespenik beharko. Bigarren faserako, ordea, bai: hartan, migratzaileak baimenik gabe Europara daramatzaten ontziak «identifikatu, atzitu eta desgaituko» lituzkete. Oraingoz ez dute zehaztu zein metodo erabiliko luketen horretarako, baina «beharrezko neurri guztiak» hartzeko baimena ematen du akordioak. Italiak misioa Erromatik zuzentzea proposatu du, eta Erresuma Batuak gaitasun handiko itsasontzi militar bat eskaini du.
NBEren onespen bila
Bruselan bildutako atzerri ministroen egitasmoak hainbat kontraesan ditu. Alde batetik, pertsonaz betetako itsasontziak «ezgai» uzteko operazio militar batek migratzaileei ekar diezaiekeen arriskua dago. Bestetik, nazioarteko legedia ere bada oztopo: operazio horietako gehienak Libiako kostan egingo lituzkete, eta, beraz, estatu subirano baten lurraldean esku hartzen ariko litzateke EB. Mogherini ziur da Segurtasun Kontseiluak babestuko lukeela, «erresistentzia politiko handirik ez» duelako antzeman New Yorken; eta NATO ere prest agertu da misioan parte hartzeko.
Alderdi etikotik, ordea, gatazka eragin du auziak. Herrialde batzuek Libiarekin akordio bat lortzeko eskatu dute lehenbizi, nahiz eta hango egoera politikoak are gehiago korapila ditzakeen gauzak: elkarri zilegitasunik aitortzen ez dioten bi gobernu paralelo ditu, eta bietako bakar batek ere ez dauka Europako misio baten adinako eraginik itsasoko zirkulazioan. Libiak NBEn daukan enbaxadorea, behinik behin, halako esku hartze baten aurka agertu da.
Bruselak behin eta berriz esan du ez duela soldadurik ipiniko Afrika iparraldeko lurretan. Iraganeko antzeko kasuek, ordea, besterik pentsarazten dute. 2012ko udan Somaliako piraten aurka abiatutako Atlanta misioa erabili nahi dute Mediterraneorako eredu gisa; hain zuzen ere, operazio hartako buruzagiari eman nahi diote Eunavfor Med zuzentzeko ardura. Ordukoan, EBko indar armatuek ez zieten soilik itsasontziei erasan: piratek lurrean zeuzkaten baseen aurka ere jo zuten. Mediterraneokorako adostutako planak ere zabalik uzten du zirrikitu bat halako esku hartzeetarako: sare klandestinoak dituenez jomugan, indar bereziekin aurrez iragarri gabeko operazioetarako bidea ematen du.
Beste galdera bat da zer egin behar ote duten «desgaitutako» itsasontzietan doazen migratzaileekin. Nazio Batuen arabera, aurten gutxienez 60.000 lagun saiatu dira Libiatik Europarako itsasartea igarotzen. Gehienak Afrika iparraldeko eta Ekialde Hurbileko beste herrialdeetatik ailegatzen dira hara —nagusiki Siriatik, Eritreatik, Nigeriatik eta Somaliatik—, gatazka armatuetatik eta pobreziatik ihesi. Haien bidea itsasoratzean oztopatuz gero, milaka pertsona Libian harrapatuta gera daitezkeela ohartarazi dute giza eskubideen aldeko hainbat erakundek, Amnesty Internationalek tartean.
Kuoten inguruan itzulika
Europako Batzordeak joan den astean argitaratutako txosten baten haritik etorri da akordioa. Hark migrazio estrategia partekatu baterako proposamen sorta bat helarazi zien EBko estatuei; besteak beste, jada Europara heldu diren errefuxiatuak herrialdeetara banatzeko kuotak ezartzea. Gaur egun, Italian geratzen dira Mediterraneotik heldutako migratzaile gehienak —besteak beste, gainerako estatuek Dublingo Zuzentaraua erabiltzen dutelako legez kanpoko etorkinak Europara sartzeko baliatu zuten herrialdera igortzeko—, eta Alemaniak kudeatzen ditu, alde handiarekin, babes eskaera gehienak: joan den urtebetean, 250.000 baino gehiago. «Karga» hori orekatze aldera, asilo bila dabiltzan kasuak kudeatzeko kuota batzuk ezarri nahi ditu Bruselak. Irizpide gisa, kontuan hartuko lituzke herrialde bakoitzeko biztanleria eta barne produktu gordina, eta, neurri txikiagoan, langabezia tasa eta aurretik hartu izan dituen etorkinen kopurua. Bestalde, datozen bi urteotan 20.000 errefuxiatu kokatzeko asmoa du Europako Batzordeak; aurrekontu orokorretik 50 milioi euro erabiliko lituzke horretarako.
Banaketa horren arabera, Alemaniari legokioke babes eskaera gehienei erantzutea —baina, proportzioan, orain baino gutxiago—; eta, haren ondoren, Frantziari eta Italiari. Berlin eta Erromak begi onez hartu dute Bruselaren proposamena; gainerako kideei ez zaie hainbeste gustatu. Paris dagoeneko aurka agertu da, argudiatuz asiloa nazioarteko eskubidea dela eta ezin litekeela kopuru jakin batzuetara mugatu. Londresek jakinarazi du ez duela egitasmoan parte hartuko —ez baitago behartuta, ezta Danimarka eta Irlanda ere—, eta migratzaileak euren jatorrizko herrialdeetara itzularazteko politikak lehenetsi ditu. Madril ere ez da konforme agertu irizpideekin, langabezia tasak pisu gutxiegi duela argudiatuta: «Etorkinak hartzea, lanik eman ezin badiezu, arduragabekeria da», esan du Jose Manuel Garcia-Margallo Espainiako Atzerri ministroak.
(Puede haber caducado)