TZVETAN TODOROV. IDAZLEA

«Globalizazioak oso hauskor bilakatu ditu demokraziak»

Literatura aztertuz hasi zuen ibilbidea Tzvetan Todorov pentsalari eta idazleak, baina demokrazia du kezka iturri azkenaldian; demokrazia falta, alegia. Bilbon izan da hizketan.

Berria, Iñigo Astiz, 19-05-2015

«Bisita txartela egingo bagenu bezala hautatzen ditugu demokrazia eta giza eskubideak Europaren ikur gisa, baina Europaren historia odoltsua ahazten duen ideal bat baino ez da hori. Errealitatea ez dator bat horrekin, eta hori ez da berria: hor daude XX. mendeko totalitarismoak, nazismoa, kolonizazioa, esklabotza, inkisizioa, esterminioak, kartzela…». Hasiera-hasieratik baztertu nahi izan du marketin ideologikoa Tzvetan Todorov pentsalariak ( Sofia, 1939), baina aitortu du kezka ere. Demokraziaren hauskortasunaz mintzo da behin eta berriz. Komunismotik ihesi heldu zen Frantziara, eta literatur ikerketan hasi zuen ibilbidea bertan. Ideien historia aztertzeari ekin zion 1980ko hamarkadan, ordea. Ikertu ditu gizatasun keinuak II. Mundu Gerrako kontzentrazio esparruetako eta gulagetako baldintza estuetan, eta aztertu ditu XX. mendeko kolonizazio prozesuetako deshumanizazio diskurtsoak ere. Gu eta besteak hitzen artean jokatzen dena izan du kezka iturri bere ibilbide osoan, eta demokraziarekin dabil orain bueltaka. Bilbon, Gutun Zuria jaialdian aritu zen hizlari.

Grezia da ikurra. Demokraziaren sorleku, baina baita herritarren eta botereguneen arteko etenaren adierazle ere.

Globalizazioak eraldatu egin du munduaren antolaketa politikoa: herriei botere politikoa kendu die. Segitzen dugu gobernuak hautatzen, baina erabaki ahalmen txikia dute. Ekonomia guztiak daude Brasilen, AEBetan, Zeelanda Berrian kokatu eta gobernuei azalpenik eman beharrik ez duten enpresa handien erabakien menpe. Grezia izan zen munduko lehen demokrazia, baina egungo ikuspegitik oso demokrazia eskasa zen, kanpoan uzten baitzituen emakume, kanpotar, esklabo eta idiotak. Eta, halere, Greziakoaren ostean mendeak joan ziren herritarren subiranotasunean oinarritutako inolako gobernurik gabe munduan. Baina ez da historia Greziako kasua deigarri egiten duena. Greziarekin, ohartu gara alderdi bat boterera eramaten duen herri borondateak ez duela batere balio bankarien, Nazioarteko Diru Funtsaren edo Europako Batasunaren iritziaren aldean. Globalizazioaren ondorioz, oso gauza hauskorra bilakatu da demokrazia.

Eta zer egin daiteke?

Epe laburrean, askorik ez. Gure erakunde legal eta legitimoek ezarri dituzte aldaketok. Erakunde horiek barrutik aldatu behar ditugu, eta geneuzkan politikak berrartzera bultzatu behar ditugu, egungoak baino askoz ere orekatuagoak zirelako. Alderdi berriak sortu behar dira, eta garatu egin behar da demokraziaren aldeko kontsentsua ere. Kazetariek eta intelektualek eginkizun garrantzitsua dute hor.

Demokraziaren barne etsaiak dira horiek, baina, egun, erlijio fundamentalismoak aipatzen zaizkigu aurkari nagusi gisa.

Ez dut uste erlijio fundamentalismo horiek direnik Europan demokraziaren aurkako arrisku nagusia. Argi dago fundamentalismo musulmana erasokor zaiola demokraziari, baina iruditzen zait demokraziarentzat, erregimen modura, mehatxu handiagoa dela desbideratze neoliberala eta desbideratze neokontserbadorea. Demokrazia arma bidez ezar daitekeela uste du jarrera horrek. Misil eta bonbaz saiatu dira demokrazia ezartzen Sirian, Iraken eta Afganistanen. Libiak, adibidez, erakusten du gisa horretako esku hartzeek gerra zibilak sortzen dituztela, eta ez demokraziak. Terrorearen aurkako borroka horretan, tortura legeztatu ere egin dugu, gainera, eta lehenengoz gertatu da hori mendebaldeko demokrazietan.

Kostantinos Kavafis idazlearen Barbaroen zain poeman hori kontatzen da. Geldi dago hiria barbaroen zain, baina azkenean haiek agertu ez. «Eta orain zer gertatuko zaigu barbarorik gabe?/ Jende hauek zelanbaiteko konponbidea ziren».

Badut liburu bat barbaroei buruz [La peur des barbares]. Ez dut uste hitz hori erabiltzeari uko egin behar zaionik, baina, noski, uko egin behar zaio barbaroak besteak direla esateko errazkeriari. Hurkoaren humanitate guztia onartzen ez dakiena da barbaroa, nire ustez. Egoera totalitarioetan ere pasatzen da hori, giza populazio osoak azpihumano izendatzen direnean eta, beraz, inolako kalterik gabe desagerraraz daitezkeela pentsatzen denean. Hori gertatu zen juduekin Alemanian, eta burgesiarekin Sobietar Batasunean.

800 pertsona inguru hil ziren aurreko astean Mediterraneoa gurutzatu nahian. Barbaroa da Europaren jarrera ere?

Badu barbaritate puntu bat jende horrek guk merezi dugun baino arreta gutxiago merezi duela pentsatzeak, bai. Baina ez da nahikoa hori esatea. Esku hartzeko bi maila daudela uste dut. Berehala erantzutea da lehena. Jendea itotzen ikusi eta laguntzera joatea. Eskandalu bat da. Beren bizia arriskuan jarri eta Siziliara, Lampedusara edo Kanarietara heldu badira, onartu egiten ditugu, baina bizia arriskuan jartzen ez badute, ez ditugu onartzen. Eta bada esku hartzeko bigarren maila ere: etorkin horien jatorrizko herrialdearekin elkarlanean aritzea. Horrela soilik topa daiteke erantzun egokia. Europarentzat askoz ere merkeagoa da, gainera, herrialde horiek sendotzen laguntzea, Mediterraneoan itsasontzi flota erraldoi bat sortzea, jende hori aparkatzeko esparruak sortzea eta gizarteratzeko laguntzak eskaintzea baino. Herrialde horiek borondaterik eta aurrera egiteko indarrik handiena duen jendea galtzen ari dira, eta haiek dira herrialdearen berpiztea bultza dezaketenak. Beharrezkoa da itotzen ari den jendea berehala laguntzea, baina iruditzen zait askoz ere motelagoa den bigarren esku hartze hori aztertu behar dela serioski.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)