Getxo, kultur aniztasunaren aldeko agertokia

Larunbatean izango da topaketa, 21ean ospatzen den Kultur Aniztasunaren Nazioarteko Eguna dela eta

El Correo, elcorreo.com, 18-05-2015

Getxo Anitza I.Topaketa izango da maiatzaren 23an Fadurako antzinako garagardotegian, Egizu elkarteak eta Getxoko Etorkinak Plataforma Federazioak antolatuta, Getxoko Udalaren laguntzarekin. Jarduera ‘Egin zerbait aniztasunaren eta gizarteratzearen alde’ lelopekoen artean kokatzen da, Nazio Batuen Erakundeko (NBE) Zibilizazioen Batasunak eta Unescok bultzatuta, maiatzaren 21ean ospatzen den Kultur Aniztasunaren Nazioarteko Eguna dela eta.

Ekimenaren helburua da kultur artekotasunaren, aniztasunaren eta elkarrekintzaren aldeko apustua egiten duten getxotarrei udalerrian topaketa eta ospatzeko gune bat eskaintzea. Horregatik, topaketa bereziki izango da ‘Bizilagunak – Aldameneko familia’ programan parte hartu duten edo parte hartu nahi dutenentzat. Ekimen horretan bertoko eta atzerriko jatorria duten familiek bazkari bat partekatzen dute eta hurrengo edizioa azaroaren 22an izango da. Aldi berean, Getxo Anitza topaketa Urkiolarako kultur artekotasuneko martxan eta Zurrumurruen kontrako Estrategian parte hartzen dutenentzat ere izango da, besteak beste.

Jardunaldian zehar hainbat ekitaldi izango dira, esate baterako, ‘Aldameneko familia 2013/2014’ argazki erakusketa, kultur artekotasuneko bazkaria, txapen tailerra, musika, dantzak, ipuin kontalariak eta ‘zurrumurrurik ez’ tituluen banaketa. Aixerrota eta Julio Caro Baroja Institutuetako DBHko ikasleek Unesco Etxearekin 2014an ‘Aniztasunak’ programaren barruan sortutako bideoak ere aurkeztuko dira. Jarduera guztiak doakoak izango dira eta 12:30etik 18:00etara izango dira.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)