Immigrante batek salatu du Renfeko zaindari batzuek eraso egin diotela

Irain arrazistak egin zizkiotela eta kolpatu egin zutela azaldu du Tolosako auzitegian. Protesta egingo dute bihar. Epailearen zain dago Renfe

Berria, , 14-05-2015

Trenean zihoala segurtasun zaindari batzuek modu txarrean hartu zutela eta eraso egin ziotela salatu du Tolosako (Gipuzkoa) herritar batek. Renferen zerbitzuan gertatu da, Irun-Brinkola ibilbidean. Arrazakeriarekin lotu du kasua gizonak. Salaketa aurkeztu du Tolosako auzitegian eta udaltzaingoan, jasandako kolpeei buruzko mediku txostenarekin batera. Erasoa salatzeko protesta egingo dute bihar iluntzean Tolosan, Eraso arrazistarik ez! lelopean. Salaketaren berri jaso dutela baieztatu dute Renfeko iturriek. Auzitegiaren ebazpenaren zain daude zein neurri hartu jakiteko.

Gizonak Tolosaldeko Ataria-n eman du gertatutakoaren berri. Haren arabera, maiatzaren 3an, igandearekin, eraso zioten. Martutenen igo zen trenera. «Zuzenean niregana etorri ziren. ‘Zu, billetea!’, esan zidaten». Txartela atera zuen, baina zaindariei esan zien ez ziela emango, ikuskariak arduratzen direlako billeteez, ez haiek. Hernaniko geltokian jaisteko agindu zioten. Salatu du bultzaka bota zutela. Jaitsi ziren zaindariak ere. «Ukabilkadak, zaplaztekoak, kolpeak… Labana txiki batekin ere mehatxatu ninduten». Iraindu ere egin zutela salatu du: «’Islamista hiltzailea’ errepikatzen zuten. Denetik esaten zidaten: kaka nintzela, hil egingo nindutela…». Ertzainak ere joan ziren. «Nola erasotzen ninduten ikusi zuten». Bi egunera, asteartean, Tolosan topo egin zuten zaindariek eta gizonak. «Txoko batera eraman nahi ninduten, nirekin hitz egin nahi zutela esanez». Salaketa jarria du.

Ez dira lehengo zaindariak

SOS Arrazakeriak eta Jatorkin elkarteak deituta, elkarretaratzea egingo dute bihar iluntzean Tolosan, Trianguloan, 19:00etan. Auzibidea martxan dela ikusita, horren zain dagoela esan du Renfek.

Orain urtebete ere izan zituzten gorabeherak. Bi zaindari etorkinen eta euskaraz hitz egiten zutenen aurka oldartzen hasi ziren. Renfek zerbitzutik kendu zituen biak, hainbat kexu jaso ondoren. Haietako bat Irun-Brinkola ibilbidean ari da lanean berriro ere. Renfeko iturriek BERRIAri azaldu diotenez, ordea, zaindari hori ez dago oraingo salaketan nahastua.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)