MIGRATZAILEAK Bozik gabeko protagonistak

Migratzaileek udal hauteskundeetan baino ezin izango dute bozkatu; areago, Hego Euskal Herriko 133.000 herritarrek baino gehiagok ere ezin izango dute bozetan parte hartu, Espainiako Gobernuaren baldintzak ez betetzeagatik.

Berria, , 14-05-2015

Hauteskunde kanpainan agertu bai, baina ezin botoa eman. Milaka migratzaile daude egoera horretan Hego Euskal Herrian. Udaletako eta biltzar nagusietarako hautagaien proposamenek eragin zuzena dute pertsona horiengan, hemengo bizilagunak diren heinean; baina, kasu gehienetan, ezin izango dute ezer erabaki horren harira. Areago, hautagai batzuek zuzenean egin dute haien kontra, kutsu xenofoboko mezuen bidez; aldiz, migratzaile gehienek ezin izango diete erantzun hautetsontzietan.

Javier Maroto Gasteizko alkateak (PP) kanpainaren erdigunean kokatu ditu zenbait kolektibo migratzaile. «Gogor lan egin» beharrean, gizarte laguntzez bizi nahi izatea leporatu zien udan; handik gutxira, diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzeko irizpideak aldatzeko herri ekinbide legegilea sustatu zuen. Sestaoko alkate Josu Bergararen hitzek ere (EAJ) eztabaida sortu zuten orain urtebete: migratzaileak iraintzeaz gain, haien errolda zailtzeaz mintzatu zen. Kriminalizatutako pertsona horietako gehienek ezin izango dute erantzun hautetsontzietan. Gehienek.

Espainiako Kongresurako bozetan eta foru hauteskundeetan migratzaileek ezin dute bozkatu, eta Europako Parlamenturakoetan Europako Batasuneko herritarrek soilik. Udal bozak dira Europatik kanpoko atzerritar batzuei bozkatzeko aukera ematen dieten bakarrak. «Nazioarteko politika harremanek zerikusi zuzena dute boto eskubidea zehazteko orduan», azaldu du Edurne Ordorika Harresiak Apurtuz koordinakundeko kideak.

Agustin Unzurrunzaga SOS Arrazakeria elkarteko kideak zehaztu du akordio horiek udal eta Europako hauteskundeei bakarrik dagozkiela. «Ez dago munduan estatu bakar bat ere hauteskunde orokorretan atzerritarren botoa onartzen duenik».

Alde biko akordioak oinarri

Espainiako Estatuak alde biko akordioetan oinarritzen du parte hartzea; hau da, bi estatuek adosten dute bestean jaiotako migratzaileek udal hauteskundeetan bozkatu eta hautagai gisa aurkeztu ahal izatea. Europako Batasuneko herritarren kasuan, Europako Parlamenturako bozetan ere bozkatu ahalko dute.

Unzurrunzagak «diskriminatzailetzat» jo du Espainiak erabiltzen duen eredua, politika harremanen eta agintarien borondatearen araberakoa baita. «Afrikan Cabo Verderekin baino ez du akordioa sinatu; Espainiako estatuan Cabo Verdeko 1.493 pertsonak bozkatu dezakete, baina Marokoko inork ezin du bozkatu, gehiengoa diren arren». Gaineratu du eredua aldatu beharko litzatekeela, Danimarka edo Herbehereetakoa erabiliz, adibidez. Herrialde horietan bizileku denbora hartzen dute kontuan, Unzurrunzagak azaldutakoaren arabera. Herrialdearen arabera, hiru edo bost urtez hemen bizi izan direnek bozkatzeko eskubidea dute.

Alde biko akordioen ondorioz Hego Euskal Herrian erroldatuta dauden 133.000 pertsonak ezin izango dute bozkatu; alegia, Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroan erroldatutako adindun guztien %5,7k ezin izango du botoa eman hilaren 24an. Dena den, parte hartu ezin izango dutenen kopurua handiagoa da, baldintza gehiago bete behar dituzte eta.

Epeen aurka lanean

Elkarteek nabarmendu dute boto eskubidea ahalbidetzeko tramiteak ez duela parte hartzea errazten. Alde biko akordioa duten estatuetako herritarrek, betiere egoitza baimena bost urtez jarraian izan badute, bozkatzeko asmoaren berri eman behar dute. Horretarako epea 2014ko abenduaren 1etik 2015eko urtarrilaren 15era arte iraun zuen. Hau da, hauteskunde kanpaina hasi baino lau hilabete lehenago, 45 eguneko epea izan zuten bozkatzeko asmoaren berri emateko.

Unzurrunzagak «administrazio oztopotzat» jo du hori. «Bozkatu nahi dutenek udaletxera joan behar dute tramiteak egiteko, eta, azkenean, jendeak paso egiten du». Bozkatzeko eskubidea duten migratzaileak suspertzeko asmoarekin lan ildo bat abiarazi zuen Harresiak Apurtuz-ek, izena emateko epea ireki aurretik. «Ikusi genuen askok ez zutela hauteskundeei buruzko informaziorik», azaldu du Ordorikak. Hori ikusirik, informazio gida bat prestatu zuen koordinakundeak, eta Gipuzkoako elkarteei ere eman zien.

Guztira, 9.756 migratzailek agertu dute maiatzaren 24ko hauteskundeetan bozkatzeko borondatea Hego Euskal Herrian, Unzurrunzagak emandako datuen arabera: 1.415ek Araban, 3.292k Bizkaian, 2.115ek Gipuzkoan eta 2.934k Nafarroan. «Migratzaile gehienak kanpoan geratzen dira, haien herrialdeek alde biko akordiorik ez dutelako; are gehiago, eskubidea dutenen parte hartzea ere zailtzen dute, hemengook ez ditugun administrazio tramiteak egin behar dituztelako».

Migratzaileen boto eskubidea gai politikoa dela nabarmendu dute Unzurrunzagak zein Ordorikak. Hori dela eta, Harresiak Apurtuz-ek hautagaiengana jo zuen, migratzaileentzako politiken gainean itauntzeko. Alderdiek gaiok txertatu dituztela zehaztu du Ordorikak, baina erantsi du batzuek programa garatuagoa dutela besteek baino.

Halaber, hauteskunde kanpainan politikariek duten jokabidearen harira, bi puntu aldarrikatu ditu Harresiak Apurtuz-ek. Batetik, migratzaileen boto eskubidea ezagutarazi eta ezohiko zerbait gisa jo ez dadin eskatu dute; alegia, «normalizazioa». Bestetik, alderdi politikoei galdegin diete migratzaileak ez erabiltzea: «Batzuetan, migratzaileen argudioa erabiltzen da aniztasunaren ideia positiboa islatzeko; baina, beste batzuetan, kriminalizatzeko baliatzen dute».

Hamaika bide salatzeko

Asko dira azken hamarkadan migratzaileen boto eskubidea aldarrikatzeko hasitako ekinbideak. Areago, aurtengo hauteskundeetan, horrekin lotutako sentsibilizazio lana egingo duen alderdi bat aurkeztuko da Gasteizko Udalera: Ongi Etorri. «Gasteizko bizilagun zahar eta berriek» osatzen dute hautagaitza, eta Arabako SOS Arrazakeria 2007tik sustatutako lan ildo bati segida ematen dio. Hala, 2007an, emakume migratzaileek osatutako zerrenda bat aurkeztu zuen; 2011n, Ongi Etorri sustatu zuen lehenengoz.

Ongi Etorrik eskubide politiko osoak eskatu ditu migratzaile ororentzat. «Hiritartasun osoa aitortu behar da behingoz: elkarrekin bizi gara, zergak ordaintzen ditugu, kotizatzen dugu, baina ezin dugu bozkatu», nabarmendu du Fede Garcia Arabako SOS Arrazakeriako kide eta Ongi Etorri alderdiko sustatzaileetako batek.

Gipuzkoako SOS Arrazakeriak ere mota horretako ekinbideak hasi izan ditu, Mikel Mazkiaran kideak oroitarazi bezala. «Aurreko hauteskundeetan zerrenda propioa egin genuen, sinbolikoa. Bozen aurreko egunean esan genuen paso egiten genuela, eta ekitaldi sinbolikoa egin genuen Donostian, jendearekin botoa ematen». Ekinbide horiez gain, maiz gertatzen dira botoa uzteko ekintzak hauteskunde egunean. Gobernuz kanpoko erakundeak, migratzaileen eskubideen aldeko elkarteak, alderdi politikoren bat edo beste… Bozkatu ezin duten pertsonei eskubide hori uzteko ahaleginak asko izan dira azken urteotan.

Atzerriko euskal herritarrak

Unzurrunzagak gaineratu du migratzaileen bozkatzeko trabak ez direla soilik Hego Euskal Herrian bizi diren atzerritarrenak; atzerrian bizi diren euskal herritarrek ere hamaika oztopo dituzte Espainiako kontsuletxeetara joatean. «Trabak jarri dizkietela jakinarazi dute hainbatek, erkidegoetako hauteskundeei begira; Nafarroako 23.110 pertsona bizi dira atzerrian, eta botoa emateko eskubidea dute». Atzerrian bizi diren horiek haien bozkatzeko asmoa jakinarazi behar dute, baina hori ere zailtzen ari direla salatu dute, eta migratzaileen eskubide politikoak zaildu.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)