Maroto, PPren sigletatik ihesi
Gasteizen «beharrak» alderdiaren aurretik jarrita egiten ari da hauteskunde kanpaina Javier Maroto PPko alkategaia. Gizarte laguntzetarako sarbidea gogortzeko neurriak jaso ditu bere programan
Berria, , 14-05-2015PPren siglek zama handia dute. Ongi daki hori Javier Maroto PPko alkate eta hautagaiak. Eta zama hori gainetik kendu nahian dabil kanpainan. PPren boto galera orokorra eteteko nahi horretan, Arabako hiriburuaren indentitatearen bandera bere egin du Marotok, bere alderdiaren sigletatik ihes eginda. Hiriaren nortasun ikurrak kanpainaren erdigunean jarri ditu, eta PPren siglak bigarren maila batean utzi. Atzo bertan, modu argian esan zuen Gasteizko alkate izaten jarraitu nahi duela, sigla eta alderdien gainetik: «Gasteiz gauza guztien gainetik defendatuko dut, baita nire alderdiaren siglen gainetik ere».
Udalerako hauteskunde programaren aurkezpena egin zuen atzo PPko alkategaiak Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan. Kanpaina aurretik egin duen moduan, bere burua Arabako hiriburuaren defendatzaile bakartzat aurkeztu zuen: «Besteek beren alderdien siglak daramatzate tatuatuta, baina nik Gasteizko bandera bihotzean tatuatuta daramat, udal politika egitea Gasteiz lehenestea delako».
Bere garaian Unidad Alavesa alderdiak egin zuen antzera, Arabako hiriburua baztertua delako konplexua erabiltzen ari da PPko hautagaia botoak eskuratu nahian. PPren siglek baino garrantzi handiagoa hartu dute bere ekitaldietan Gasteiz hiriarekin lotura duten ikurrek. Hauteskunde mitin bakoitzean #GanaVitoria (Gasteizek irabazten du) traola erabiltzen ari da Maroto, eta hala egin zuen atzo goizeko ekitaldian ere. Errotuladore batekin idatzi zituen traolaren hizkiak bere sinadura eta legealdirako bost konpromisoak jasotzen zituen afixa batean.
PP ez zuen aipatu ere egin hitzaldian, eta alderdiaren ikurrik ez zuen erakutsi, ez legealdirako konpromisoak jasotzen zituen afixan, ezta inguruan zituen hautagaien elastikoetan ere; ez zen PPren siglarik ageri. Haatik, hiriburuaren aldeko leloari eman zion protagonismoa. Gasteiz delako bere «marka» bakarra, «gehiengo moderatua» biltzen duen ikurra, adierazi zuenez.
Bere ustez, gainerako hautagaiek ezin dute gauza bera esan, eta alderdietako buruzagiak hiriburura eraman behar izaten dituzte bere aurkako kanpaina egiteko. Gogoratu zuen PSOEko buru Pedro Sanchez Gasteizen izan dela, eta kanpaina hasieran eta atzo bertan EAJko presidente Andoni Ortuzar ere bai. «Nik ez dut horren beharrik», adierazi zuen. Alabaina, etzi Mariano Rajoy Espainiako presidentea Arabako PPk Gasteizen antolatu duen ekitaldi nagusian izango da. Ez zuen aipatu.
158 proposamen
Bost konpromiso eta 158 proposamen. Berriro alkate aukeratzen badute martxan jarriko dituen neurrien berri eman zuen atzo Marotok. Konpromiso zehatzak eta laburrak, kartel batean idatzita: emandako «hitza» betetzea, Gasteiz «gauza guztien gainetik» jartzea, «hurbiltasuna», «gardentasuna» eta gauzak «argi eta garbi» esatea. Gobernatzeko «eredu bat» islatzen dute konpromiso horiek, eta gauzak «egiteko modu» jakin baten erakusle dira, bere esanetan.
Harro dago Maroto bere mandatuarekin; ez, ordea, gainerako alderdietako hautagaiak. Kanpainan, PPk Gasteizen izan duen gobernatzeko eredua aldatzea ezinbestekotzat jo dute EAJ, EH Bildu, PSE eta gainerako alderdi berrien alkategaiek, eta Gasteizen bestelako gobernu bat behar dela adierazi. Izan ere, duela lau urte Gasteizko alkatetza lortu zuenetik, ez da oharkabean igaro Marotoren mandatua. Polemika biziak sortu ditu, batez ere gizarte laguntzen iruzurgileak aljeriarrak eta marokoarrak direla esan, eta diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzeko baldintzak aldatzeko kanpaina abiatuta.
Gainerako alderdiek bakarrik utzi dute Maroto etorkinen aurkako gurutzada horretan, baina herritar askoren oniritzia dute PPko hautagaiaren planteamenduek, eta horren jakitun da Maroto. Horregatik jaso du bere hauteskunde programan gizarte laguntzen sistemaren erreforma: «bidezkoagoa» egiteko eta laguntzak «benetan behar dituenak» jasotzeko.
«Gardentasunaren» aldeko konpromisoa ere hartu du Marotok hurrengo lau urteetarako. Legealdi honetan Gasteizko Udala «Espainiako udal gardenetarikoen» artean aukeratu dutelako harro dago alkatea, eta programan hitzeman du «gardentasunaren» eta «gobernu onaren» aldeko lanean sakontzen jarraituko duela. Arlo horretan, baina, baduela gainditu gabeko ikasgai bat gogoratzen diote egunero gainerako hautagaiek: ustezko iruzurrekin lotutako kudeaketarena. Besteak beste, Gasteizko San Antonio kaleko bulegoak eta Iradier Arena erabilera anitzeko pabiloiak izandako ustezko irregulartasunek bete betean zipriztindu dute PP legealdi honetan, eta hori baliatu dute gainerako alderdiek Marotoren aurkako kanpaina egiteko.
Izan ere, PP udaletik kanporatzeko helburuarekin ari dira kanpaina egiten EAJ, EH Bildu eta PSE, jakinda estua izango dela aldea batzuen eta besteen artean. Badaki hori Marotok ere, eta, PPren itzaletik ihes eginda, ahalik eta boto gutxien galdu nahi du, lema batekin: «Gasteizen beharrak beste edozeren aurretik jartzea».
(Puede haber caducado)