Mundua

Mediterraneoan 5.800 etorkin inguru erreskatatu dituzte asteburuan

Berria, , 04-05-2015

Italiak eta Egiptok emandako datuen arabera, hamahiru etorkin hil dira. Migratzaileen uholdeak ez du etenik Mediterraneoan. Italiako eta Egiptoko agintariek jakinarazi dutenez, asteburu honetan 5.800 etorkin inguru erreskatatu dituzte Afrika eta Europa artean. Gutxienez hamahiru etorkin hil dira, Libiatik Italiara igarotzeko saioan. Hamar hilotz Libiako kostaldetik gertu atzeman dituzte kostazainek. Beste hiru, berriz, Egiptoko uretan. Bizirik erreskatutako gehienak Italiara eraman dituzte.
Duela bi aste pasatxo tragedia gertatu zen Mediterraneoan. Ontzi bat Libiako kostatik 130 kilometrora hondoratuta, 900 etorkin inguru desagertu ziren. Astebetean, milatik gora lagun desagertu ziren Mediterraneoa zeharkatu nahian. Espainiako gobernuz kanpoko erakunde batek orduan emandako datuen arabera, aurten 1.600 etorkin inguru hil dira Europarako bidean, lau hilabete baino gutxiagoan: iazko kopuruaren erdia ia.
‘Triton operazioaren’ finantzaketa hirukoiztu
Triton operazioaren finantzaketa hirukoiztuta erantzun zion gertaerari Europako Batzordeak. Maiatzaren 13ko bilkuran hitzartuko du immigrazioari buruzko estrategia, baina aurreratua du Frontexen zaintza operazioen jardute eremua zabaldu egingo dutela. Egun, Triton ezin da kostatik 30 milia baino gehiago urrundu. Bruselaren erantzuna «moralgabea» dela salatu zuten giza eskubideen aldeko erakundeek.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)