Lehentasuna: mugak zaintzea
EBren immigrazioari buruzko ezohiko bilkuran 'Triton operazioaren' aurrekontua hirukoiztea adostu dute. Bruselaren erantzuna «moralgabea» dela salatu dute giza eskubideen aldeko erakundeek
Berria, , 24-04-2015Azken asteko Mediterraneoko migratzaileen ezbeharrek —gutxienez mila lagun hil dira itsasoan— Brusela erantzutera derrigortu dute. Horrelako tragediak galarazteko neurriak hartzeko presioak eraginda bildu ziren atzo Bruselan EB Europa Batasuneko gobernuburu eta estatuburuak. Halere, Europako Batzordeak hartu beharko ditu immigrazio politikari buruzko neurri zehatzak. Edonola ere, hainbat hedabideren arabera, mugen zaintza gailendu zaio bilkuran ikuspegi gizatiarrari. Frontex kanpoko mugen zaintzarako EBko agentziaren misioak indartzea eta giza trafikatzaileen aurka ekiteari buruz hitz egin dute. Baina immigrazioaren bilkuran nagusitutako ideia argia da: Europan lekurik ez dute errefuxiatuek. The Guardian Erresuma Batuko egunkariak bilkurako zirriborroa eskuratu ahal izan du. Horren arabera, errefuxiatuak EBko herrialdeetan barrena jasotzeko proiektu bat landuko dute, eta 5.000 asilo eskaera besterik ez dute onartuko. Dena den, 28ek kopuru hori kendu dute adierazpenetik. Urteko lehen hiru hilabeteetan 36.000 lagunek zeharkatu dute Mediterraneoa Europan babes hartzeko. Iaz, 150.000 izan ziren. Bidaiatik onik ateratzea lortzen duten gehienak kanporatzeko, Frontexek koordinatutako «itzultze sistema azkar bat» osatuko dute.
Itsasoan zenbat ito diren zehaztea zaila da, baina ACNUR Nazio Batuen Erakundeko Errefuxiatuen Laguntzarako Agentziaren arabera, 1.600 lagun inguru hil dira aurten bakarrik. Azken urteetako kopururik handiena da.
Baina atzoko eztabaidaren ostean, ez dirudi EBren immigrazio politika askorik aldatuko denik. Triton —Italiako kostak zaintzen ditu— eta Poseidon —Egeo itsasoa— operazioen aurrekontua hirukoiztea proposatu zuten, «bilaketa eta erreskate aukerak» areagotzeko. Baina Frontexen mandatua mugak zaintzea da, eta soilik lehen 30 milietan jarduteko eskumena du, baina EBk esparru hori zabaltzeko nahia agertu du. Agentziako presidente Fabrice Leggerik berak argitu du zein den erakundearen zeregina: «Triton-ek ezin du izan bilaketa eta erreskate operazio bat, ez du horretarako mandatua».
Bi operazio horietarako funtsak hirukoiztuz gero, Mare Nostrum erreskaterako operazioaren finantzaketa berdinduko lukete. Iazko urrian bertan behera utzi zuen egitasmo hori Italiak, Europako beste herrialdeen kolaborazio falta dela eta. Ehun milian jarduten zuten Italiako erreskate zerbitzuek.
Trafikatzaileak jomugan
Giza trafikatzaileen aurkako neurriak hartzeko prest agertu dira EBko agintariak; migratzaileak garraiatzeko erabiltzen dituzten itsasontziak bonbardatu eta erabilezin uzteko operazioa hastea proposatu dute, EBk Indiako Ozeanoan piraten aurka egindako Atalanta-ren antzekoa. Baina arazo juridikoak xehatu beharko lituzkete horretarako. Izan ere, NBEko Segurtasun Kontseiluaren mandatua edo Libiaren baimena beharko lukete. Haatik, Afrika iparraldeko herrialdea huts egindako estatua da, gerra zibilean itota eta zilegitasuna aldarrikatzen dute bi gobernurekin. Tripoliko gobernuak ohartarazi du jada aurre egingo diola kanpoko erasoei.
Hain zuzen ere, esfortzuak bideratu nahi dituzte Libian eta Sirian gobernu egonkor bat sustatzeko. Gerra zibilean odolusten ari da Siria, eta errefuxiatu uholdeak ihes egiten du handik. Siriatik ihes egindako 135.000 iheslari hartzeko eskatu dio NBEk Europari, baina 36.000 leku besterik ez du eskaini Bruselak.
Nazioarteko hedabideetara filtratutakoaren arabera, EBko mugak zabaltzea da agintarien asmoa. Alegia, Afrikako herrialdeei finantza laguntza ematea haiek euren mugak zaindu ditzaten, eta errefuxiatuek ezinezkoa izan dezaten Europara hurbiltzea. Tunez, Egipto, Sudan, Mali eta Niger dira herrialde horiek. Giza eskubideen erakundeek gogor kritikatu dute aukera hori. Herrialde horietan asilo eskaera egiteko aukerak oso murritzak izateaz gain, zalantzan ere jarri dute enkargua bete behar duten segurtasun indarren giza eskubideekiko errespetua.
Giza eskubideen aldeko erakundeek gogor kritikatu dute EBk Mediterraneoko ezbeharrari emaniko erantzuna. Anmesty International erakundearen arabera, «legez kanpokoa eta moralgabea» da. «II. Mundu Gerratik izandako errefuxiatu krisi handienean, giza larrialdian zentratu beharrean, asilo eskaera egin dutenak itzularazteko azpilanean ari dira», esan du Kate Allenek, Anmesty Internationaleko Erresuma Batuko zuzendariak.
Alde horretatik, giza eskubideen erakundeek eginiko ateak irekitzeko eskakizuna ez dute aintzat hartu, eta eztabaidatik at utzi dute. Europara legalki sartzeko aukerak areagotzea nahi dute, gerretatik eta hondamendietatik ihesi doazenek EBn leku segurua aurki dezaten.
«Ikuspegi murriztailea»
Gobernuz kanpoko erakundeez gain, NBEko giza eskubideen, errefuxiatuen eta immigrazioaren hiru agentziek «ikuspegi murriztailea» alboratzeko eskatu diote EBri, eta migratzaileen jatorrizko herrialdeekin elkarlanean hasteko. Erakundeek ohar bateratu bat kaleratu dute: «Legeek ez dute arautu gabeko migrazioaren arazoa konponduko, eta errefuxiatu eta migratzaileek jasan beharreko arriskuak eta gehiegikeriak areagotuko ditu».
Gerhard Muller Alemaniako Kooperazio ministroak ere bide beretik jo du: «Afrikarentzako estrategia bat falta da». EBren jarrera gaitzetsi du politikariak, kooperazio programetan baino diru gehiago gastatzen duelako beste herrialde batzuk armaz hornitzen.
(Puede haber caducado)