Immigrazioaren gerra

Berria, , 21-04-2015

Estatu Islamikoak mehatxu egin zion otsailean Italiari: Libiatik milioi erdi bat migratzaile bidaliko zizkiola kostaldera, eta benetako kaosa sortu. Urte hasieratik, dozenaka mila iritsi dira Italiara. Haietako asko bidean geratu dira. Aurreko astean, esaterako, 1.500 migratzaile ito ziren itsasoan. Eta Europan, Italia izan ezik, inor gutxi aztoratu da.

Estatu Islamikoa gerra helburu gisa ari da erabiltzen Siriako eta Afrikako migratzaileak, jakinda Europako Batasuna(EB) politikoki aztoratu eta krisi humanitario larri bat eragiteko gai izan daitekeela. Dagoeneko lortzen ari da zerbait: Italia ezinean dabil bere kostaldea egun batean zein bestean astintzen ari den hilotz tsunamiaren aurrean.

EBko herrialdeak beste aldera begira badaude ere, zaila izango dute ez ikusiarena egiten jarraitzeko. Izan ere, Estatu Islamikoak badaki non egin dezakeen min, eta ez du zalantzarik izango hondoratuko diren hilobi-ontzietara milaka lagun sartzera behartzeko.

Europak ere ez zuen zalantzarik izan, AEBekin batera, herrialde arabiarrak desegonkortu eta krisi politiko sakonak eragiteko. Ezta Estatu Islamikoa diruz eta armaz hornitzeko ere, Siriako gerran adibidez. Bada, orain, baliabideak eta tresnak jarri beharko ditu, besteak beste, erabaki horiek eragindako ondorioei aurre egiteko. Hildakoak hegazkinez doazen turistak balira egingo lukeen bezala.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)