MIGRAZIOA MEDITERRANEOAN. ITSASOKO TRAGEDIA. ROBERTO ZACCARIA. CIR ELKARTEKO PRESIDENTEA
«Egoera hau berria da: ez du zerikusirik iraganean ikusi dugunarekin»
Mediterraneoko ezbeharraren gisakoak saihesteko Europa osoak konpromisoak hartu behar dituelakoan dago Zaccaria. «Europak bizkarra eman die giza eskubideei, alor ekonomikoarekin itsututa».
Berria, , 21-04-2015«Minduta eta atsekabetuta» utzi du Roberto Zaccaria (Rimini, Italia, 1941) Mediterraneoko ezbeharrak. CIR Errefuxiatuentzako Italiako Batzordeko presidentea da. Gogor jo du EB Europako Batasuneko immigrazio politikaren aurka. «Sostengagaitza da, eta Europako sortze printzipioei bizkar ematen die». Haren arabera, Ekialde Hurbileko gatazken eta Libiako ezegonkortasunaren ondorioz, inoiz baino errefuxiatu gehiago saiatzen dira Mediterraneoa zeharkatzen. Florentziako Unibertsitatean Zuzenbide Konstituzionaleko eskolak ematen ditu, eta zortzi urtez Italiako Parlamentuko diputatua izan da.
Tamaina horretako ezbehar baten ostean, nolatan abiatu dira migratzaileen itsasontzi gehiago Italiara bidean? Zer gertatzen ari da Mediterraneoan?
Mare Nostrum proiektuarekin izandako esperientziaren ondoren, Europak beste egitasmo bati ekin dio, baina helburu oso murritzekin: Triton. Egun dugun egoera guztiz berria da guretzako. Migratzaile gehiagok egiten dute bidaia. Libiako eta Afrika iparraldeko egoerak eragin handia du. Gerra zibila dago Libian, eta trafikatzaileek gero eta migratzaile gehiago abiarazten dituzte Italiara bidean, oso egoera kaskarrean eta arriskutsuan.
Immigrazio politika aldatu behar dela dio CIRek. Zein neurri hartu beharko lituzke Bruselak horrelakorik berriro ez gertatzeko?
Horri aurre egiteko, beharrezkoa da fronte askotan borroka egitea. Baina batez ere, beharrezkoa da Europa osoak konpromisoak hartzea, ez bakarrik hegoaldeko herrialdeek. Baliabide gehiago behar dira. Beste alde batetik, nazioartean beharrezkoa da NBErekin elkarlanean Afrika iparraldean errefuxiatuentzako zonalde seguruak sortzea, modu seguruan irits daitezen Europara. Migratzaileekin negozioak egiten dituzten trafikatzaileei eragozpenak jarri behar zaizkie. Libiako gerrako aldeen finantzaketa iturri dira migratzaileak. Azkenik, Europako herrialdeak ados jarri beharko lirateke etorkinak proportzio berean jasotzeko.
Immigrazioaren inguruan ez dago elkartasunik Europako herrialdeen artean?
Dublineko tratatua bertan behera utzi behar da. Horren arabera, migratzaileak ez du eskubiderik Europan barrena bidaiatzeko, eta sartu den herrialdean geratu behar du nahitaez. Ondorioz, Greziak, Italiak eta Espainiak jasan behar dute migrazioaren pisu guztia. Hori sostengaezina da egungo egoeran, milaka eta milaka migratzailerekin.
Zure ustez, zer dela-eta immigrazio politika moldatzeko Europaren uzkurtasuna?
Europa itsututa dago ekonomiarekin, eta giza eskubideen aldeko konpromisoak ahaztu egin ditu.
Zein da Mare Nostrum operazioaz egiten duzun balantzea?
Helburu garrantzitsua zuen: itsasoan pertsonak salbatzea. Oso garestia zen, ia hamar milioi euro hilabetean. Triton operazioa merkeagoa da, baina haren helburua soilik mugak zaintzea da, Poliziarena egitea. Baina hori ez da nahikoa, migratzaileen bizitzak salbatu behar ditugu.
Orduan, diru kontua al da arazoa?
Bai, diru kontua da. Baina egoera hau dramatikoa da, berria, ez du zerikusirik iraganean ikusi dugunarekin. Bibliako Irteera baten aurrean gaude. Nazioarteko egoera aldakorra da oso. Ekialde Hurbileko egoera, gerrak Afrikan…
Estatistiken arabera, itsasoan hildakoen kopuruak gora egin du aurten.
Ezinezkoa da estatistika zehatzak egitea itsasoan hil direnekin. Erraza da iritsi direnak zenbatzea, baina ez da posible jakitea bidean zenbat gelditu diren.
Bulgariak abian du muga ixteko harresi bat eraikitzeko proiektua. Europako ateak estutzen al doaz?
Hori da joera, baina ezin ditugu Europako ateak itxi, ezinezkoa da. Migratzaileak errespetatu behar ditugu. Ezin ditugu historiaren aurka doazen proposamenak egin.
Ezbeharraren tamaina ikusita, Bruselak jarrera aldatuko duela uste al duzu?
Beharko luke. Dimentsio ekonomikoak pisu asko du Europan, baina kontzientzia gizatiarrago bat hartu beharko luke. Ez dakit azkenean norabidea aldatuko duen, baina berehala egin beharko luke.
CIRek argitaratutako oharraren arabera, Europak sortze printzipioei traizio egin die.
Begi bistakoa da hori. Giza eskubideen defentsan aritu beharko luke Europak, baina norbait hiltzeko zorian dagoenean bizkar ematen dio. Oinarrizko eskubide bat zapaltzen du Europak.
(Puede haber caducado)