Zirrikituetatik begira
Aniztasun atzerritarra
Deia, , 20-04-2015dONOSTIA mundu mailako turismo edo gida aldizkarietan bi aldiz agertu dela jakin dugu asteon. Batetik, munduan barrena jateko lekurik onenak aukeratu dituzte eta Donostiak lehenbiziko postua merezi omen du eta, bestetik, Europako hiriak kontuan hartuta, kalerik gomendatuenak zerrendaratu dituzte eta Donostiako alderdi zaharreko “Abuztuak 31” aurkitzen da lehenbiziko hamarren artean. Kale honetan jateko eta edateko dagoen aukeraz eta giroaz gain, daukan historia “benetakoa” izan omen da kontuan hartu dena.
Interesgarria, benetan, kanpoko komunikabideek, turismo agentziek, eta tankera honetako azterketak egiten dituzten erakundeek, kalearen benetakotasuna edota identitatea baloratu izana.
Asteburuan hainbat ekimen izan dira Donostian Europari eta 2016ari begira. Kultura aniztasuna erakutsi eta bizi nahi da. Herri ezberdinen arteko ezagutza eta elkarbizitza; errespetua kolore, erlijio, hizkuntza eta kultura ezberdinetatik datozenekiko. Mestizaiak bultzatu nahi dira, horrela, berrikuntza sustatu asmo delarik. Kanpokoei besoak zabalik ditugula erakutsi nahi diegu, irekiak garela jakinarazi.
Eta antolatuz doazen ekimenetan argi dago bai parte hartzaileen aldetik eta baita ikusleen aldetik ere, aniztasuna arnasten dela. Larunbatean, urrutira joan gabe, udaletxe aurrean dantza erakustaldi erraldoia antolatu zen. Erraldoia diogu, parte hartu zutenen kopurua kontuan hartuta.
Aspektu batek harritu ninduen biziki: bai musika eta bai dantzak ere, guztiz orotarikoak izan zirela. Hainbeste, ezen eta beste herrialde batean nengoen sentsazioa izan nuela.
Nago, ireki nahiaren ireki nahiaz, kanpokoari ongi – etorri handiegia egiten ez ote diogun, gurea, autoktonoa eta benetakoa dena, izkina batean utziz, euskal dantzen edota euskal musikaren urrezko egunerako zokoratuta.
(Puede haber caducado)