Ortzadarra argitu ezinik
Hegoafrikan berriz ere etorkinen aurkako eraso uholde bat piztu da, eta bortz hildako utzi ditu
Berria, , 17-04-2015Ia urte eta erdi igaro da Nelson Mandela Hegoafrikako lehenbiziko presidente beltza eta zurien apartheid sistema arrazistaren aurkako mugimenduaren liderra hil zenetik. Egun horietan, anitz idatzi zen Mandelarik gabeko Hegoafrikaren etorkizunaren inguruan. Bera hil aitzineko urteekin alderatuta, ordea, ez da gehiegi aldatu egoera, eta orduko arazo eta erronka berak dauzka herrialdeak. Horietako bat, xenofobia. Izan ere, Afrikako gainerako herrialdeetako eta Asiako etorkinen aurkako bertze eraso uholde bat piztu zen duela bi aste, eta ondorio larriak utzi dituzte liskarrek: bortz hildako gutxienez, milaka desplazatu, txikizioak hiriguneetan eta giro politiko gaiztotua. 2008an gertatu ziren gisa horietako istilu larrienak, eta itzal luzea utzi dute —60 lagun inguru hil zituzten, bi asteko epean—.
Istiluen erdigunea ekialdeko kostako Durban hirian dago, Hegoafrikako handienetan hirugarrenean —3,5 milioi biztanle inguru—. Inguruko auzuneetan hasi ziren borrokak, baina Hegoafrikako hedabideek jakinarazi dutenez, erdigunera ere ailegatu dira istiluak. Atzo, buruzagi erlijiosoek eta erakunde zibilek xenofobiaren aurkako martxa batera deitu zuten, baina ehunka lagunek eraso zioten manifestazioari. Poliziak ur txorrotadak jaurti zizkien erasotzaileei, sakabanatzeko. Duela hiru egun ere, Durban erdigunean istilu larriak izan ziren Poliziaren eta etorkinei eraso nahi zieten herritarren artean. Aihotzekin eta makilekin armatutako pertsonen irudi anitz hedatu zituzten Hegoafrikako hedabideetan, eta haien saltokiak defendatu nahi zituzten etorkin gisa identifikatu. Istiluak herrialdeko hiririk handienera ere hedatu dira, Johannesburgora. Benoni barrutian, Poliziak gomazko pilotak jaurti zizkion ustez etorkinak erasotzeko asmoa zuen jende multzo bati, eta Germistonen ehun etorkin inguru polizia-etxe baten aitzinean ezarri ziren babesa eskatzeko, haien etxeetatik ihes egin ondoren.
«Frustrazioak eta beldurrak ezin ditu justifikatu horrelako erasoak», adierazi zuen atzo Jacob Zuma presidenteak. Atzerritarren aurkako erasoak justifikatzeko, gainerako herrialdeetan ere ohikoak diren argudioak erabili dituzte Hegoafrikan: lana kentzea eta delinkuentzia ekartzea. Hiri handien periferietan sortu dira gatazkak, eta apartheidaren aroko ondorioak azaleratu dira bertze behin. Aro horretan herritar beltzak ghettoetan pilatu zituzten, eta gaur egun ere baliabide ekonomiko urrienak dituzten eremuak dira. Herrialde osoan, langabezia tasa handia da, %25 ingurukoa, eta, gainera, hirien periferia anitzetan %50eko tasa gainditzen du. Erreakzio xenofoboa, beraz, beltzen auzune pobreetan hedatu da, 2008an bezala —Hegoafrikako herritarren %79 inguru dira beltzak—. Apartheida erori zenetik, Hegoafrikako ekonomia etenik gabe hazi da, eta Afrikako BPG barne produktu gordin handiena du gaur egun. Bi hamarkadotan, ordea, sistema politikoaren aldaketa ez da hainbertze nabaritu ekonomiaren banaketan. Sektore pribatuko enpresa handi gehienek zurien esku jarraitzen dute. Iazko datu ofizialen arabera, beltzen %28 dago langabezian; zurien artean, %8 —herritarren %9 dira zuriak—.
Agintarien erantzukizuna
Zumak 2012an adierazi zuen apartheidaren egitura ekonomikoa «ia ukitu gabe» zegoela, eta hori aldatzeko erreformak eginen zituela hitz eman zuen. Atzo mezu berbera errepikatu zuen. Baina egungo agintariei ere leporatu diete indarkeria uholdearen erantzukizuna, neurriak ez hartzeagatik eta erretorikarengatik, bertzeak bertze. Durbanen, Goodwill Zwelithini errege zulua paratu dute jomugan, atzerritarrei Hegoafrikatik alde egiteko exijitu zielakoan martxoaren bukaeran. Ondoren gertatutako istiluen erantzukizun oro ukatu du Zwelithinik. Zuluak dira beltzen artean etnia nagusia. Baina gobernuko ANC Afrikako Kongresu Nazionala ere ez da kritikez libratu. Gwede Mantashe alderdiko idazkariak, adibidez, adierazi zuen etorkinak kontzentrazio eremuetan sartu beharko lituzketela. Immigranteen jatorrizko herrialdeetan ezinegona areagotu da, eta Malawik, Zimbabwek eta Kenyak jada itzuli nahi dutenak etxeratzeko asmoa agertu dute. Mozambikek, berriz, errefuxiatuentzako eremuak sortu ditu mugan, kolpean itzuli litezkeenak hartzeko.
(Puede haber caducado)