Jihadisten erasoek eragindako krisiari aurre egiteko bilera
Berria, , 14-04-2015Talde jihadisten arriskuak bizkortuta Frantzian zaintza elektronikorako lege berria eztabaidatzen hasi diren egun berean, bilera egin dute Bartzelonan Europako Batasunak eta Mediterraneoaren hegoaldeko herrialdeek. Europaren Auzokidetza Politika aztertzeko egin zuten berez bilera, baina «terrorismo jihadistak eragin duen krisi globala» eta immigrazioa izan zituzten eztabaidagai nagusiak, Federica Mogherini EBko diplomaziaburuak eta Mariano Rajoy Espainiako gobernuburuak onartu zutenez.
Erakundean batzen diren 38 herrialdeetatik atzerri gaietako 32 ministro edo ordezkari elkartu ziren —Siria eta Libia ez zituzten gonbidatu—, 2008tik Mediterraneoko iparrak eta hegoak egin duten maila goreneko bileran. Israelgo eta Palestinako ordezkariak ere izan ziren, bi mahai berezitan antolatutako elkarrizketetan.
Baina, agendako gaiez landa, inaugurazio ekitaldian Kataluniako presidente Artur Masek eta Rajoyk bat egin izanak eman zion kolorea bilera hasierari. Bartzelona «Mediterraneoko hiriburu espainiarra» dela esan zuen Rajoyk. Masek, berriz, nabarmendu zuen Kataluniak «atzera bezala aurrera ere» begiratu dezakeela, «beti Europaren barruan».
(Puede haber caducado)