MOHAMED SAID ALILECH. GAZTE MUSULMANEN PRESIDENTEA
Islama segurtasun ikuspuntutik tratatzen jarraitzen dute»
Elkarbizitzarako bidean komunitate musulmanari hitza ematearen garrantzia nabarmendu du; islamaren jarraitzaileei buruz aritzean erabili ohi diren estereotipoak bukatzeko eskatu du
Berria, , 14-04-2015Elkarbizitzaren aldeko mezua eman zuen Mohamed Said Alilech (Tanger, Maroko, 1981) Espainiako Gazte Musulmanen Elkarteko presidenteak iragan astean, Gasteizen. Bertako Elkarte Magrebtarren Koordinakundeak eta Gora Gasteiz-ek antolatutako Islama Europan; bizikidetza posiblea al da? hitzaldian aritu zen. Ikusmina piztu zuen: aretoa bete egin zen, eta hainbat pertsona sartu ezinik geratu ziren.
Bizikidetzarako zubiak sortzearen garrantzia nabarmendu zenuen hitzaldian.
Herritar guztiek ez badute sentitzen gizarteko kide direnik, gizarteak porrot egingo du; susmopean daudela sentitzen badute; elkartasunik edo elkarrekiko laguntzarik ez badago. Gure erlijioaren oinarrietako bat elkarbizitza hori da, edozein dela gizarteko kideen ideologia edo sinesmena.
Nondik abiarazi behar dira zubi horiek?
Hezkuntza da lortzeko oinarria; elkarbizitzan oinarrituta hezi den gizarte batean biztanle guztiek gehituko dute. Xenofobian eta herritarren arteko beldurrean hezi den gizarte bat ez da modu onenean garatuko.
Gizarte bateko kide ez sentitzeko arriskuaz hitz egin duzu. Zergatik gertatzen da?
Jatorri atzerritarra duten belaunaldien kasuan gertatzen da, tamalez. Sinesmena, gurasoen jatorrizko kultura eta nazionalitatea nahasten dute, haurrak direlako. Ume horiek nortasun gatazka izaten dute. Nortasun ezaugarri bereziak dituzte, gizartearen zati batek negatibotzat jotzen dituen ezaugarriak, hain zuzen ere; ezaugarri horiei ere uko egiteko eskatzen diete.
Nola zuzen daiteke hori?
Aniztasuna onartzeko neurriak sustatu behar dira. Jatorri atzerritarra duten umeei haien nortasuna barneratzen lagundu behar zaie. Frantzian gertatzen ari da, eta Manuel Valls lehen ministroak berak onartu du. Herritarren parte bat ezaugarri ezberdinak izateagatik baztertua sentitu da, diskriminaziora heldu arte. Baztertu dituen gizarte horri min egiteko gogoa ere gara dezakete. Gure gizarteko herritarrak dira, eta agintariek hausnartu behar dute zer egin duten txarto mutur horretara iristeko. Aniztasuna ondo kudeatuz gero, denok irabaziko dugu, baina txarto kudeatuz gero, denon kalterako izango da.
Komunitate musulmana oso plurala dela nabarmendu duzu. Estereotipora jotzen al da hedabideetan? Erreferente errealak sortzearen beharra al dago?
Estereotipoak badaude, eta hedabideetan zabaltzen denarekin elikatzen dira estereotipo horiek. Mezu positiboak zabaltzen badituzte, herritarrek jarrera baikorra izango dute. Dena den, badakigu hedabide batzuek agenda politikoa dutela, botere talde batzuen finantzaketaren beharra dute… Etika eta profesionaltasun falta sumatzen da batzuetan. Estilo liburu bateratua beharko litzateke gai honetan, edota erabiltzen diren hitzak hobeto zehaztea.
Adibidez?
Terrorismo islamiarrari buruz hitz egiten dute batzuek, eta hori kontraesanezkoa da, errotik; islamaren funtsa bakea da. Al-Qaedaren edo Estatu Islamikoaren terrorismoaz hitz egin beharko lukete. Kriminal batzuen sinesmena aipatzeak zilegitasuna ematen die; hasieratik ukatu behar zaie haien burua musulman deitzea. Musulmanei buruz aritzean, orokortzera jotzen da, ekintza horiek egiten dituztenak kriminal soilak diren arren; are gehiago agintaritza islamiarrek indarkeria hori gaitzetsi dutenean.
Ideia hori nabarmendu zenuen hitzaldian: komunitate musulmana elkarbizitzarako eragile gisa, kanpotik heldutako aginduen aurrean.
Zenbait gaitan ezinbestekoa da babes hori. Mailaketa bat dago komunitateetan; ez beste erlijio batzuetakoa bezalakoa, baina badaude organoak non erabaki lagungarriak har daitezkeen. Zapi islamiarraren gaia aipatu nuen hitzaldian. Aurpegia estaltzen dion zapi bat janzten duen emakume batek kasu gehiago egingo dio islama baliatzen duen argudio bati lege baten debekuari baino. Debekuak kontrako eragina izan dezake. Elkarrizketarekin emaitza hobeak izango dira.
Zein da ba zapiaren gaian duzuen jarrera?
Publikoki adierazi dugu behin baino gehiagotan. Gorputz osoa eta aurpegia estaltzen duen zapia ez erabiltzeko aholkatu diegu emakume musulmanei, testuingurua eta gure erlijioak eskaintzen dizkigun argudioak kontuan hartuta. Gorputz osoa eta aurpegia estaltzen duen zapia ez den beste aukerak badaude, eta emakumeak ezagutu behar ditu, libreki aukeratzeko. Ordea, hedabide batzuek nahiago dute burkari buruz aritzea, Espainian halakorik ez dagoen arren.
Komunitate musulmanaren ateak irekitzearen garrantziaz aritu zara, baina komunitate musulmana ghettoetan sartzen ari direla ere salatu duzu. Ez al da kontraesanezkoa?
Komunitate musulmanen ordezkaritza ofizialean sartuta egon naiz, administrazioarekin harremanetan, eta ez dut ikusi borondate zintzorik instituzio publikoen partetik; elkarbizitzaren bandera erabiltzen dute, baina ez dago polemikak bukatzeko borondaterik. Komunitate musulmana babesik gabe uzten dute, eta, aldi berean, elkarbizitza sustatzea eskatzen diote.
Ez dago salbuespenik?
Badaude sektore batzuk zerbait egiten ari direnak, baina jarrera nagusia ez doa jarduera islamiarra normalizatzen laguntzeko ildoan. Islama segurtasunaren ikuspuntutik tratatzen jarraitzen dute; komunitate musulmanari buruz eskatzen diren txosten guztiak segurtasunarekin lotuta daude. Borondate zintzoa dagoenean, hobera egingo dugu, komunitate musulmana ahalegin handia egiten ari delako.
Agintari politikoez gain, gizartea prest al dago irekitzeko?
Gizartea prest dago eskaintzen zaion hori aintzat hartzeko, baina, oraingoz, informazio okerra eman diote: terrorismo islamista, heriotzak, indarkeria… Espainiako Gobernutik entzuten dugun bakarra Barne ministroaren adierazpenak dira, ustezko kriminalen atxiloketak egiten dituztenean; ordea, ez dugu inoiz ikusi imamekin hitz egiten.
Espainiako Barne ministroa katolikoa da eta Opus Deiko kidea. Eraginik izan dezake?
Bikain ikusten dut pertsona bakoitzak nahi duen sinesmena izatea, baldin eta horrek ez badu ezer oztopatzen. Musulman gisa, uste dut gauza gehiago partekatu ditudala sinestun batekin, fededuna ez den batekin baino. Oinarri komuna dugu: bakoitzak bere liburu sakratua du, jainko batean sinesten dugu, balioak komunak dira… Ministroek edo aginte publikoa dutenek, duten sinesmena dutela, jakin behar dute denentzat gobernatzen dutela; ez bada horrela, ez daude kargu horretarako prestatuta.
(Puede haber caducado)