ZINEMA
Zhang Yimouren Coming Home filmak zabalduko du Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldia
Berria, , 10-04-2015Hilaren 17tik 24ra bitartean 23 herrialdetako 42 film eskainiko dituzte Donostiako jaialdian, tartean, Bertha Gaztelumendiren ‘Negar franko egingo zuen aitak’ euskarazko lana. Heldu den ostiralean hasiko da Donostiako Giza Eskubideen XIII. Zinemaldia, Zhang Yimou zinemagile txinatarraren ‘Coming Home’ lanarekin. Txinako Iraultza Kulturalaren amaierako garaietan girotutako filmak zabalduko du aurtengo egitaraua. Hilaren 24a bitarte, askotariko gaiak jorratzen dituzten 42 film eskainiko dituzte, 26 luze eta 16 labur, guztiak ere giza eskubideen eta haien urraketen inguruan “gogoeta eta eztabaida” eragiteko asmoa dutenak. Sail Ofizialaren barruan 18 film luzek parte hartuko dute, horietatik hiruk lehiatik kanpo. Azken horien artean dago Bertha Gaztelumendiren ‘Negar franko egingo zuen aitak’ euskarazko lana, 1936ko gerraren osteko garaia hizpide duena.
Etxerik gabekoen errealitatea, immigrazioa, armeniarren genozidioa, memoria kolektiboa, errepresioa, neokolonialismoa… Hamaika errealitate pantailaratuko dituzte jaialdian, baita Sail Ofizialetik kanpo ere, auzoetako kultur etxeetan ere izango baitira emanaldiak. Horiekin batera, erakusketak, solasaldiak, ‘Ez dira aspaldiko kontuak’ herri antzerkiaren emanaldia eta beste hainbat jarduera hartuko ditu jaialdiak.
Aurtengo Giza Eskubideen Zinemaldiaren Saria, berriz, Lourdes Portillo zinemagile mexikarrak jasoko duela jakinarazi dute antolatzaileek. Portillok giza eskubideekiko agertu izan duen konpromisoa eta dokumentalgintzan zabaldu dituen bide berriak saritu nahi dituzte horrela, azaldu dutenez. ‘Las Madres de la Plaza de Mayo’ haren lana ere eskainiko dute.
Sarrerak bihartik egongo dira eskuragai Viktoria Eugenia antzokiko leihatiletan nahiz Internet bidez. Egitarau osoa nahiz informazio gehiago eskuratzeko, bisitatu webgune hau:
http://www.cineyderechoshumanos.com/2015 /index.php
(Puede haber caducado)