Europako ateak estutzen
Ekialde Hurbileko gerretatik ihesi doazenei sarrera galarazteko, Bulgariak Turkiarekiko muga hesituko du. Iaz, 30 kilometro luze den zati bat eraiki zuen. NBE hesiak altxatzearen aurka agertu da
Berria, , 08-04-2015Migratzaileei jarritako oztopoen ondorioak puztutako puxika batekin irudika daitezke. Presioa alde batean eginez gero, beste aldea puzten du oxigenoak, beharrezkoa zaion lekuaren bila. Lehertzen ez bada, behintzat. Bada, Bulgariako Gobernuak migratzaileak are gehiago estutuko ditu, eta Turkiarekiko muga osoan txarrantxa hesi bat hedatuko du. EB Europako Batasunaren funtsek finantzatuko dute egitasmoa. 2013an hasi zuen proiektua Sofiak, Siriako gatazkak eragindako errefuxiatuen jarioari erantzuteko. Izan ere, 2012an Greziak antzeko hesi bat eraiki zuenetik, Bulgariako bidea lehenetsi dute errefuxiatuek Europan barrena sartzeko.
Irailean amaitu zuten hesiaren lehen zatia. Hiru metro garai eta 30 kilometro luze den oztopoa. Urtebete eman zuen Bulgariako armadak harresia egiten. Orain, lurreko muga osoa itxi nahi du, hesia 160 kilometro zabalduz. Berunezko azpiegituran eraikitako txarrantxa hesi bat izango da, eta kontzertina xaflak izango ditu Turkiako aldean. Hesia ez da iheslari jarioaren aurkako neurri bakarra: mugazain gehiago ezarriko ditu, eta ekipamendu berriaz hornituko ditu.
Eguraldi epela baliatu ohi dute errefuxiatuek bidaiari ekiteko, eta, horregatik, uda baino lehenago nahi du gobernuak azpiegitura eraiki. Adituen ustez, ordea, zaila izango dute epeak betetzea. Hasi gabe daude lanak, eta gune menditsuetan errepideak eraiki behar dituzte.
Europako agintariei hegoaldeko muga kontrolpean duela erakusteko gertu da Sofia. 2007an EBko kide bihurtu zen, baina Schengen taldetik baztertua da ordutik. Bulgariarrek bisak eta pasaporteak beharrezkoak dituzte Schengen eremuan sartzeko. Bestalde, Siriako eta Irakeko gatazkek errefuxiatu uholdea eragin dute Europara bidean, eta krisiak jotako herrialde batzuetan —Bulgariak EBko ekonomiarik apalena du— uzkur dira errefuxiatuei laguntzeko baliabideak eskaintzeko.
Horrez gain, Europako hainbat herrialdetan —Frantzian, Hungarian, Erresuma Batuan, Finlandian…— eskuin muturraren presentzia handitu egin da azken urteetan, eta etorkinak krisiaren erantzuletzat jota gora egin dute zenbait alderdik.
Frontex EBko mugen babesa koordinatzen duen agentziaren arabera, Bulgariak emigrazioaren aurka hartutako neurriek helburua bete dute. 4.000 lagunek igaro zuten muga legezko baimenik gabe iaz. 2013an, 11.000 izan ziren.
Horrek ez du esan nahi, ordea, iheslariek uko egin diotenik Europan sartzeri. Bestelako bideak bilatzen dituzte: Turkiatik Greziara itsaso bidez, eta gutxi batzuek, Bulgariara Itsaso Beltzeko uretatik. Frontexen datuen arabera, Italia hegoaldetik itsaso bidez 170.000 errefuxiatu sartu ziren iaz Europan. Gehienak Afganistanetik, Ekialde Hurbiletik eta Afrikatik zetozen. Iazko datuekin alderatuz, aurtengo lehen bi hilabeteetan %40 igo da kopuru hori.
UNHCR Nazio Batuen Erakundearen errefuxiatuen agentzia Sofiaren asmoen aurka agertu da, eta «ateak zabalik politika» hartzeko eskatu dio. «UNHCR hesien aurka dago, ez dutelako irtenbiderik ematen. Gerra eta jazarpenetik ihesi datozen gurasoei eta haurrei Bulgarian sartzen utzi beharko liekete», adierazi du NBEko agentziako Bulgariako bozeramaileak.
Tratu txarrak
Giza eskubideen aldeko erakundeek hainbatetan salatu dituzte lege urraketak mugaldean. Oinarrizko giza laguntza ez ematea, tratu txarrak eta indarrez mugaz beste aldera kanporatzea dira salaketa ohikoenak, Human Rights Watch erakundearen arabera.
Turkia atzean utzi eta EBn sartzea ez baita lan erraza. Bordermonitoring erakundeak EBko mugetan errefuxiatuei eta beste migratzaile zaurgarriei eskubideak bermatzen ote zaizkien ikuskatzen du. Ez da batere ona Bulgariako mugazainei buruzko txostena: soilik azken urtean, zortzi lagun hil dira agenteen jarrera oldarkorraren ondorioz.
Azken kasua martxoaren 12an izan zen. Yezidi talde bat Turkia utzi eta Bulgarian sartzen saiatu zen, EI Estatu Islamikoaren jazarpenetik ihesi EBn babesa eskatzeko. Hamazazpi laguneko talde hura Bulgariako lurretan sartzean, mugazainek eraso egin zioten, eta Turkiara ihes egin zuten bueltan. Bordermonitoring erakundeak salatu duenez, Bulgariako poliziek bi lagun larri zauritu zituzten hanketan, eta, ezin mugiturik, hotzez hil ziren mendialdean. Hain zuzen, yezidi taldea ihesean jarri zuen etsai berbera astinduta defendatu dute Europako agintariek mugak itxi beharra; Pariseko erasoen ostean, Siriako eta Irakeko gatazketan trebatutako jihadisten itzulera bihurtu da agentzia sekretuen kezka iturria.
Hogei urte baino gehiago igaro diren arren Gerra Hotzean Bulgarian altxatutako harresia eraitsi zutela, beste bat eraikitzeko bidean da gobernua; oraingoan, baina, jendea sartzen ez uzteko.
(Puede haber caducado)