"Bost urterekin ontziratu ninduten nire nebarekin bakarrik"
Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunera ebakuatu zituzten gerrako umeei buruzko erakusketa Durangon ikusgai dago, Euskal Herrian lehenengo aldiz
El Correo, , 31-03-2015Nolakoa izango ote zen une hartako egoera, berriro inoiz ikusiko zuen segurtasun barik, ama batek bere umea itsasontzi arrotz batean sartu zezan? Eta zein gogorra izango zen ume horrentzat bere senideengandik eta ezagutzen zuten bizimodutik aldentzea? Haien esperientzian sakontzeko, Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunera (SESB) ebakuatu zituzten gerrako umeei buruzko erakusketa lehenengoz ekarri dute Euskal Herrira, eta Durangon izan da ikusgai, Gerediaga Elkarteak, Durangoko Udalak eta Asociación Guerra y Exiliok (AGE) antolatuta. Gaurtik aurrera, Euskal Herria utzi eta Espainian zehar erakutsiko da, Orihuelan eta Asturiasen, hain zuzen ere.
1937ko ekainaren 13an, 4.500 haur Santurtziko portutik Bordelera atzerriratu zituzten Habana izeneko itsasontzi bete – betean. Horietatik 1.500 Errusiara eraman zituzten Sontay izeneko ontzian, tripulazio txinatarra zuelarik. Erakusketak ehundaka bisitari bildu ditu dagoeneko eta gaur arte egongo da zabalik Landako Gunean. “Harrera ikaragarria izan du. Berezitasun bat dauka: ez dela ikerlariek egindako lan bat, gerrako umeen euren eguneroko gutun, testu, memoria eta marrazkien bidez kontatutako istorio pertsonala baizik. Lehen pertsonan kontatzen dute bizi izandakoa. Guretzat ez da posible imaginatzea zer bizi izan zuten, trauma handi bat izan zen haurrentzat”, adierazi du Jon Irazabal, Gerediaga Elkarteko kideak eta Asociación Guerra y Exilio Euskadiko ordezkariak.
Testigantzak gazteleraz, umeen hizkuntzan, daude jasota. Hala ere, testuingurua ulertzen laguntzen duten azalpenak euskaraz eta gazteleraz daude 60 paneletan, argazkiekin batera. Moskuko Espainiar Zentroko materiala da nagusiki, Asociación Guerra y Exiliok berreskuratu, katalogatu eta digitalizatu ostean Arxiu Nacional Catalunya – ko ikertzaileen eskuetan izandakoa. “Zertarako gogoratu? Berriro gertatu ez dadin. Orain dela hamarkada bi inork ez zuen pentsatuko Yugoslavian gerra bat egongo zenik. Gerra ez da telebistan ikusten duguna, gertuago dago, eta kontzienteak izan behar gara zein gogorra den eta zeintzuk diren ondorioak, berriro gertatu ez dadin. Azken finean, hau da erakusketaren helburu nagusia”, aitortu du Irazabalek.
Gerra batetik aldendu, beste herrialde ezezagun batera joateko. Errusiara joan zirenak, Irazabalen esanetan, “ume nahiko pribilegiatuak izan ziren”. Ikasteko aukera izan zuten eta unibertsitatera heltzeko ere bai, Espainian hori lortzea oso zaila zenean. “Errusia munduko herrialderik onena da. Kulturaduna eta familiarra. Oso pozik bizi ginen han eta oso esker oneko gaude. Leningradora iritsi ginenean harrera paregabea eskaini ziguten”, aitortu du Mari Carmen Bisabarros, Santurtzin ontziratu zuten gerrako umeak. Lekuko honek biologiako ikasketak burutu zituen Errusian eta Ukrainan bizi eta ezkondu zen. Chernobilen ezbeharra gertatu ondoren Euskadira itzuli zen 1993an, 56 urte eta gero.
Herria eta odola
“1937tik 1941ra erregeak bezala bizi izan ginen. Heziketa paregabea izan genuen eta jantzi dotoreak. Oso ondo tratatu gintuzten”, gogoratzen du Victoria Iglesiak. Bizkaitar hau 1956an itzuli zen, baina memorian oso presente du Santurtziko ihesa. “Nire zortzi urteko neba eta biok bost urte nituenean ontziratu gintuzten. Beste lau anai – arrebak Bilbon geratu ziren eta, nahiz eta Errusian ondo bizi, beti izan dut eurekin berriz elkartzeko gogoa. Finean, herriak eta odolak asko erakartzen du”, aitortu du Iglesiak.
Baina itzulera ez zen bat ere erraza izan gehienentzat, batez ere, 1956an antolatu ziren espedizioetan bueltatutakoentzat. Esate baterako, Victoria Iglesia injineru agronomoa zen eta baliteke garai hartan ikasketa horiek zituen Bizkaiko emakume bakarra izatea. “Francoren Espainia eta Errusia guztiz desberdinak ziren. Pentsatzeko era, bizimodua, ohiturak, eta abar. Hortik aparte, bizipen latzak jasan zituzten poliziarekin, komunista ezkutuak zirela uste baitzuten”, azaldu du Irazabalek.
Atzerriratu zituzten milaka ume horiek bizi izandako istorioan sakontzeko, eskaintza paregabea da Landako Guneko erakusketa. Durangoko Bonbardaketaren 78.urteurreneko oroimen – ekintzen egitarauan oinarrituta, gaur arte zabalik egongo da.
(Puede haber caducado)