Ongietorri gozoa jaso dute 2014an jaiotako oiartzuarrek

Udalaren eta guraso talde baten ekimenez atsolorra berreskuratu da herrian, jaiotzari eta komunitatera biltzeari lotutako garai bateko erritua

Diario Vasco, GOIZARIN, 24-03-2015

Ongietorri gozoa jaso zuten iaz jaiotako haurrek igande goizean, propio prestatutako atsolorrean. «Atsolorra haur bat jaiotzen zenean egiten zen erritua da. Haurra jaio zen etxean emakumeen merienda bat antolatzen zen; bakoitzak etxetik zerbait eramaten zuen eta festa bat egiten zuten amaberriaren eta jaioberriaren omenez. Festaren helburua amari eta haurrari babesa adieraztea zen eta haiekiko konpromisoa hartzea. Hartara, auzoak haur jaioberria aurrera ateratzeko konpromisoa hartzen zuen. Eta konpromiso hori txalapartarekin sinatzen zen», argitu zuen saioaren hasieran Miren Irigoien udal zinegotziak.

Lehengo urtean 99 haur jaio ziren Oiartzunen, eta horietako 27 elkartu ziren udal areto nagusian. «Oso gertaera pozgarria da hori guretzat, eta elkarrekin ospatu nahi izan dugu. Ongi etorri gure artera! Zorionekoak sentitzen gara!», esanez eman zien ongietorria Zigor Goikoetxea udal zinegotziak.

Atsolorrari Este Martiarena eta Aitor Errazkin bertsolariek eman zioten hasiera bertso sorta ederrarekin. Gero, Zigor Goikoetxeak aitona – amonen lana goraipatu zuen. "Haurrok garrantzitsuak ditugu gaur, jakina, baina bada hemen beste jende multzo bat, haur horiek zaintzeko lan garrantzitsua egiten duena: aitona – amonak. Haurren gurasook gure esker ona adierazi nahi dizuegu zuei, zuen laguntzarik gabe gaur egun ia ezinezkoa izango litzatekeelako haurrak ekartzea eta aurrera ateratzea. Zuek guri bizia eman eta gu aurrera atera gintuzuen, baina gaur egun oraindik ere zuengana jo behar izaten dugu askotan, gehiegitan. Zuei orain zuen bizitzaz eta zuen bilobez disfrutatzea tokatu behar litzaizueke, baina gure haurrez arduratzea eskatzen dizuegu, eta, gainera, batzuetan, gure eginkizunak zuek egitea nahi izaten dugu. Eta zuek, beti bezala, hor egoten zarete: guk eskatu, eta zuek eman».

Haur – kantak gozatzeko

Horren ondoren, guraso talde batek hartu zuten hitza eta hainbat haur – kanta ezagun abesteko proposamena luzatu zieten aretoan bildutako gainontzeko gurasoei. Horrela, ‘Txalo – txalo Pin, etorri da Martin…’, ‘Aitaren xango, amaren xango…’, ‘Xango – mango, haur hau nongo…’ abestu zituzten, haurrak kantaren erritmoan mugitzen zituztela. Oso giro berezia sortu zen, haurrek primeran pasatu zuten eta baita beren amek ere. Eta begira zeudenak ere gustura. Herriko amona dezente gerturatu zen Atsolorrera eta haientzat ere oso ezagunak ziren abesti gehienak, beraiek beren seme – alabei auskalo zenbatetan abestutakoak. Segidan, bildutako haurren izen – abizenak kartoi mehe batean idatzita zituzten eta haien izenak esan orduko ama eta haurra altxatu eta horma – irudi batean zintzilikatu zituzten, bildutakoen txaloen artean.

Azkenik, Aiora Perez de San Roman alkateak konpromisoa hartu zuen haurrak babesteko eta aurrera ateratzeko. «Lan arduratsua da, ez baitugu edozein modutara egin nahi hori. Badakigu gure arbasoek oso ongi egiten zutela hori, baina haien jakintza ez da iritsi gureganaino, edo ez gara gai ongi bereizteko zenbateraino iritsi zaigun, eta gure inguruan nagusitzen ari den jarrera gero eta indibidualista eta berekoiagoak gu ere harrapatu gaitu… Baina prest gaude nola egin ikasteko; abiapuntu gisa, gogoan izango ditugu Mariren aginduak: ez izan harroputzak; ez egin lapurretarik; eta gezurrik ez esan».

Horretaz gainera, «errespetuan oinarrituta bizitzen erakutsi nahi dizuegu. Baina, batez ere, bizitza zoriontsua izateko prestatzen lagundu nahi dizuegu. Eta batzuetan mugak jarri beharko dizkizuegu, eta ez zaizue gustatuko, baina ez ahaztu zuen onerako izango dela, eta, beraz, komunitatearen onerako. Eta gainerakoan, senari jarraituko diogu: Amalurra guk baino hobeto zaintzen erakutsiko dizuegu, gure etxea da eta. Zuen jokabidean, kontuan izan komunitatea, komunitatearen onerako egiten duzuena, zuen onerako ere izango da eta. Zalantzak ditugunean, komunitateko aitona – amonei egingo diegu kasu, haiek dira eta gehien dakitenak. Eta beste gauza askotan zuek erakutsiko diguzue zer behar duzuen guregandik, zuek ikusaraziko diguzue, zuek irakatsiko diguzue».

Jatekoa eta edatekoa ere bai

Gogoan izan zituen, bestalde, «lehengo urtean, zuek bezala, gure artera etorri ziren beste batzuk ere: batetik, adoptatutako haurrak; bestetik, beren jaioterria utzi behar izan dutenak eta gurea aukeratu dutenak bizitza berri bat hasteko; eta azkenik, beste arrazoiren batengatik gure artera iritsi diren gainerako pertsonak. Haien etorreraz ere pozten gara, eta haiek ere ongietorriak dira gurean». Hortaz, «gaurtik aurrera, zuen guraso eta familiarenak ez ezik, ´gure haurrak´ ere bazarete, gure komunitateko haurrak baitzarete, eta konpromisoa hartzen dugu zuek babestu eta aurrera ateratzeko», azpimarratu zuen.

Bukatzeko, txalaparta doinuekin berretsi zuten hartutako konpromisoa. Une horretan haur guztiak adi – adi egon ziren, musikarekin liluratuta.

Garai bateko atsolorretan meriendara joaten ziren guztiek eramaten zuten jatekoa edota edatekoa. Gisatua, xerra pipermorroekin, arroz – esnea, almibarretako mertxika… ez ziren merienda makalak izaten. Igandeko menua ere moldatu egin zuten garaiotara: patata – tortilla, gazta, bizkotxoa, txorizoa, urdaiazpikoa, pastela eta txokolate beroa besteren artean. Gisatu on askia ere ez zen falta udal aretoan. Lehen bezala orain, euskaldunen jaietan ez da faltan izaten jatekoa eta edatekoa.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)