Arrazakeriaren aurkako tailerrak emateko, NBEri babes eskatu diote

Gasteizko Udalak arrazakeria prebenitzeko tailerrak bertan behera utzi ditu. Migratzaileen inguruko jarrerarekin kezkatuta dago Argituz

Berria, Jon Rejado, 24-03-2015

NBE Nazio Batuen Erakundeko zenbait kontalari bereziri babesa espatuko die Argituz giza eskubideen aldeko elkarteak, Gasteizko Udalak hartutako erabakien aurrean. Duela bi aste udalak bertan behera utzi zuen Gezur-detektagailua, DBHko ikasleen artean arrazakeria eta xenofobia prebenitzeko tailerra. Argituz-en iritziz, Gasteizko Udalak urratu ditu giza eskubideak sustatzeari buruzko NBEko adierazpeneko zenbait agindu, eta, ondorioz, babesa eskatu dio.

Andres Krakenberger Argituz-eko presidenteak gogorarazi du udalaren Kulturartekotasun Unitateak, Norabidek, eskaini zuela Gezur-detektagailua tailerra ikastetxeetan, eta eskolek erabaki zutela parte hartzea edo ez. Norabidek Eusko Jaurlaritzari diru laguntza eskatu zionean jarri zituen lehen trabak udalak, eta argudiatu Gasteizen ez dagoela arrazakeriarik. «Erabakiaren oinarria ez da pedagogikoa, ezta teknikoa ere», esan du Krakenbergerek. Kezkatuta agertu da PPko agintariek migratzaileen aurka sortutako giroagatik.

Argituz-ek hiru kontalari berezirengana jo du babes bila: giza eskubideen defendatzaileen egoerari buruzko kontalari berezia; arrazakeriaren eta horri lotutako intolerantzia forma garaikideen kontalari berezia; eta iritzi eta adierazpen askatasunerako eskubidea babesteari buruzko kontalari berezia. Giza eskubideetan eta nazioarteko elkartasunean aditu independente batengana jo dute.

Enpatia lantzeko bidea

Ikastetxeetan egitekoa zen tailerraren oinarria 2013an Marta Gil artistak eta Juan Ibarrondo idazleak Montehermoso Kulturunean abiarazi zuten proiektuan zegoen. Funtsean, migratzaileen lekuan jartzea zuen helburu egitasmoak. Ekinbide pribatuko jarduera Argituz-en sartu zen gero, eta helduei ere eskaini zieten, «emaitza oso onekin», Ibarrondok azaldu bezala.

Lau pertsonen marrazkien aurrean bakoitzaren istorioa irakurri behar dute Gezur-detektagailua-n: Leire, Berlinen tabernari ari den euskal herritarra; Rosa, AEBetan lanean dabilen Peruko biztanlea eta kitxua hiztuna; Luis, Moskun dagoen Madrilgo futbolari homosexuala; eta Abderraman, Marokotik Gasteizera adingabe zela heldu zen gaztea.

Lau pertsona horien istorioak ez daude bukatuta, ordea. Laurak bidegurutze batean daude, eta zehaztu behar dute zer egin haien bizitzekin. Hori eskatu behar zieten tailerretan parte hartzea erabaki zuten bederatzi ikastetxeetako 400 ikasleri: Leire, Rosa, Luis eta Abderramanen lekuan jarri, eta haien istorioak bukatzea.

Edukia DBHko ikasleetara egokitu dute; egindako lana hutsean gera ez dadin, interesa agertu zuten ikastetxe batzuetara doan joatea aztertzen ari dira. Euskal Herriko beste udalei ere eskaintzeko asmoa agertu du Argituz-ek.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)