Besteen begiradapean

Identitateari buruzko hausnarketa eta gatazka etengabean bizi da. Ekuadorren jaioa da, eta kanpotar sentitzen da, hala sentiarazten dutelako, baina asimilazioan erortzeari ere uko egin dio.

Berria, Maite Asensio, 08-03-2015

Migratu izanak zeharkatzen du Nathalie Bejarano (Guayaquil, Ekuador, 1988): «Emakume sentitzen naizenean, migratzaile sentitzearen eskutik doa beti». Duela hamabi urte iritsi zen Euskal Herrira: Iruñera lehenik, familiarekin, eta Donostiara ondoren, unibertsitatera; Bilbon bizi da egun, baina batetik bestera dabil. Halere, ez da euskal herritar sentitzen; ekuadortar ere, gero eta gutxiago. «Linbo batean bizi naiz. Sentsazio hori eraikia ere bada, hein batean: migrazio prozesuan zehar ohartu naiz etxea ez dela espazio fisiko bat soilik, barnean ere bila dezakezula, edozein lekutan zaudela». Hain zuzen, migrazioen eta gorputzen arteko lotura aztertzen ari da tesinan.

Emakumea, migratzailea, lesbiana eta gaztea da Bejarano. Baina ez da biktimaren tokitik mintzatzen. Ezta inoren izenean ere: «Neure buruaz ari naiz. Batzuetan, nire bizipenek ez dute zerikusirik beste migratzaileen zapalkuntzekin». Identitateaz asko gogoetatu ondoren hasi da identifikatzen arroztasuna besteen begiradetan. Sotila izan ohi da, ordea, arrazakeria hori: «Oro har, gerora konturatzen naiz, hausnartu ostean, pertsona batek zerbait esan didala latinoa naizelako, eta segur aski bera ere ez dela konturatu». Adibide asko ditu; batzuk, ohikoak: «Jendea harritu egiten da ez dudalako garbiketan edo zaintzan lan egiten. Ziurtzat jotzen dute heterosexuala naizela; ez zaie bururatu ere egiten bollera izan naitekeenik».

Psikologia ikasketak ditu Bejaranok, eta adingabeen zentroetan lan egindakoa da. Uneotan, ordea, bi master ikasten ari da: sexologiari buruzko bat, eta ikasketa feministei buruzko beste bat. «Pertsona askok galdetu izan didate, lehenengo solasaldian, nork pagatzen dizkidan ikasketak, eta harritu dira erantzun diedanean nire lanarekin ordaintzen ditudala. Zuri ez lizukete halakorik galdetuko. Eta ni ezin naiz egunero azalpenak ematen ibili; ez naiz beti hain borrokalari sentitzen».

Bejaranok badaki zer espero duen jendeak: soslai jakin bateko ezaugarriak bete ditzala. «Espero dute ni beti zerbaiten beharrean egongo naizela. Hor ez nagoenean, jokoz kanpo geratzen dira; orduan datoz galdeketak: niri buruzko guztia jakin nahi dute, berehala, ni zein kategoriatan kokatu zehazteko. Batzuetan, galdetzen didate zergatik migratu nuen, eta ez naiz gai horri ere erantzuteko: ni ekarri egin ninduten, ez zen nire erabakia izan».

Baina bi norabide dituzte Bejaranoren kritikek. «Hemengoa ez izateak edo hemengo ez sentitzeak aukera ematen dit nire kultura ere modu askeagoan kritikatzeko. Linboan egoteak ahalmen hori ematen dit, nolabait». Ekuadorko oligarkiaren eta sexismoaren aurka mintzo da, baita hango arrazakeriaz ere: «Ikaragarria da nola jarraitzen duten diferentea dena gaizki tratatzen: afroak, indigenak, cholo-ak… Amorrua ematen dit hemen identifikatuta daukadan arrazakeria han ere ikusteak, adibidez, kolonbiarren aurka, gatazketatik ihesi datozen arren».

Ekuadorren, europarregi

Izan ere, Ekuadorrera itzultzen denean ere gertatzen zaio talka: «Ateoa naiz, eta begetarianoa; senide batzuek uste dute Europan luzaroan bizitzearen ondorioa dela. Europarrek bezala pentsatzea aurpegiratzen didate». Bejaranorentzat etengabea izan da identitatearekin lotutako barne borroka: gizarteratzeko baina asimilazioan ez erortzeko, bere nortasunari eusteko. «Neurri batean, nire diferentziak babestuta sentitzen naiz. Ez dut nahi zuria banintz bezala trata nazaten. Bollera feminista europarrak dira nire inguruko gehienak, baina askorentzat, ezagutzen duten atzerritar bakarra naiz. Hori da integratuta egotea? Ez dakit».

Jakitun da, halaber, solaskideen «eskemak hautsi» egiten dituela maiz. «Ez naiz ezagutu dituzten ekuadortarrak bezalakoa; beraz, esaten didate salbuespena naizela». Halakoek mindu egiten dutela onartu du. Baina denborarekin bere burua zaintzen ikasi duela nabarmendu du: «Nerabezaroan, nik hautatzen ez nuen jende gehiagorekin mugitu behar nuen; orain nik aukeratzen ditut gertukoak, eta ingurune osasuntsuak sortzen saiatzen naiz. Hori asko landu dut. Eta egun oso babestua sentitzen naiz».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)