Arrazismorik ez
Berria, , 06-03-2015Sarritan, bidegabekeria baten kontrako kanpaina bat abiatzean, antolatzaileek esaten dute oxala egunen batean haren beharrik ez den izanen. Sarrera erretorikotzat jo izan dut nik beti. Inoiz ez dut ikusi horrelako ekinaldi bat bertan behera utzita, arazoa gauetik goizera konpondu delako. Gasteizen gertatu den arte.
Gasteizko Udalak arrazakeriari aurre egiteko eskola tailerrei laguntza kendu die, zergatik eta «Gasteizen ez dagoelako arrazakeriarik». Ez dute argitu ez dagoen, beraiek konpondu dutelako edo inoiz ez delako egon eta, halaber, inoiz egonen ez delako. Arrazakeria Gasteizen halako ezintasun kontzeptuala balitz moduan. Edo Gasteizko agintariek, gure intelektualen bati irakurrita, ikasi dutelako arrazakeria berez XXI. mendeaz mozorroturiko klasismoa besterik ez dela, progresista onberek beren burua desenkusatzeko astindutako bandera zuria, irakur bedi, hipokrita.
Kontua da Gasteizen arrazakeriarik ez dagoela, Marotoren taldeak baieztatzen digu. Eta kito. Iranen homosexualik ez dagoen modu berean (Luistxo Fernandezi zor diot konparaketa), Columbiako unibertsitatean Mahmud Ahmadinejad Irango presidenteak baieztatu zuenez. Kontuz zer ukatzen duzun, horrek definitzen zaitu eta.
(Puede haber caducado)