Baldintzarik gabe onartu dute AEBen segurtasun agentziaren aurrekontua

Obamaren immigrazioaren aldeko neurriak ukitu gabe onartu dute legea, errepublikanoen zatiketaz baliatuta. Gutxiengo izanda irabazi dute lehia demokratek, eta Boehnerren lidergoa ezbaian jarri

Berria, Adrian Garcia, 05-03-2015

AEBetako Kongresuan gutxiengo izanagatik, Alderdi Demokratak garaipen baliotsua erdietsi du. Hiru hilabeteko botere lehia luze baten ondoren, Ordezkarien Ganberak Segurtasun Nazionalaren Sailaren urte osorako aurrekontua onartu du. Beste muturreko egoera bat sufritu du administrazioak, legebiltzarra Barack Obama presidentearen eta Alderdi Errepublikanoaren arteko gudu zelai bihurtuta. Segurtasun Nazionalaren Saila amildegian erori eta aurrekonturik gabe ixteko zorian egon da. Errepublikanoen bandoan eragin ditu kalte gehien liskarrak, eta orbantzen denbora beharko duten zauriak eragin dizkie; helburua bete gabe amore eman behar izan dute, ez baitute Obamak dekretu bidez onartutako immigrazioaren erreforma baldintzatzea lortu. Horrez gain, Ordezkarien Ganberako errepublikanoen buru John Boehnerren lidergoa ezbaian geratu da, eta alderdiko sektore kontserbadoreenak gogor egin du haren kontra.

Azaroko hauteskundeetatik demokratak gutxiengoa dira Senatuan, eta Ordezkarien Ganberan ere atzera egin dute. Baina 257-167 irabazi zuten aurrekontua onartzeko azken zenbaketa herenegun, 75 legegile errepublikanok bat egin baitzuten demokratekin.

Ostirala arteko muga zuten legebiltzarkideek Segurtasun Nazionaleko Saila diruz hornitzeko. Senatuko demokratek behin eta berriz uko egin diote aurrekontua Obamak aurrera ateratako immigrazio legeari lotzeko errepublikanoen saialdiei. Izan ere, milioika paperik gabeen egoera erregulatzeko Kongresuko bidea saihestu zuen presidenteak, eta dekretu bidez onartu araua.

Amildegian behera erortzeko zorian zirela, Boehnerrek hiru asteetako finantzaketa onartzea proposatu zuen ostiralean bertan, denbora irabazteko. Hor zabaldu ziren lehen arrakalak Alderdi Errepublikanoan. 52 alderdikidek aurka bozkatu zuten, eta, atzera bota zuten proposamena. Azkenean, saila erortzen ez uzteko, beste zazpi eguneko finantzaketa adostu zuten.

Segurtasuna, jokoan

Demokratek eta Obama berak ohartarazi zuten ez zutela immigrazio erreformaren aurka egingo zuen legerik onartuko. Errepublikanoek ere, adar kontserbadoreenak bultzatuta, bururaino eraman dute borroka.

Asteetan, demokratek herrialdearen segurtasuna kinka larrian uztea leporatu diete legegile errepublikanoei, eta ezin izan diote presioari eutsi. «Aurrera egin eta joko inozo hauek uzteko ordua da. Estatubatuarrei erakutsi behar diegu serioak garela gure herria defendatzen», adierazi du Charlie Dent Pennsylvaniako senatari errepublikanoak. Halere, errepublikanoek ez dute amaitutzat eman borroka. Obamaren emigrazioaren aurkako neurrien aurka egiteko, soilik auzitegien bideari helduko diote. Obamaren jauntxokeriatzat dute neurria, eta dagoeneko auzitara jo dute 26 estatuk. Texasko epaile federal batek neurriaren zati bat behin-behinean bertan behera utzi du, baina Justizia Departamenduak helegitea jarri, eta 48 ordu eman dizkio epaileari erabaki hori atzera botatzeko.

Ikur handitxoa zen segurtasun agentzia borroka politikoengatik sakrifikatzeko. 2001eko irailaren 11ko erasoen ostean sortu zuten, «terrorismoaren aurka» herritarrak defendatzeko. AEBetako mugak, aireportuak, urak eta beste azpiegitura estrategikoak zaintzeaz arduratzen da. Finantzaketa garaiz iritsiko ez balitz, 30.000 langile kaleratu, eta beste 200.000ek soldatarik gabe lan egin behar izango zuketen. Urte osorako 36.000 euroko aurrekontua da onartutakoa.

Boehnerren eta Mitch McConnell Senatuko errepublikanoen buruak eginiko promesak ezerezean geratu dira, eta krisia sakondu dute alderdian. Kongresuko bi ganberen gehiengoa eskuratu ostean, kontserbadoreek ezin izan diote batasunari eutsi, eta Obamaren alde bakarreko erabakiak baliogabetzeko ekinak ustelak atera zaizkie.

Kritika zorrotzenak Freedom Caucus alderdi barruko taldetxo kontserbadoretik iritsi zaizkio Boehnerri, haren lidergoa auzitan jartzeraino. Alderdi kanpoko erakunde kontserbadoreei estuki lotuta dago, eta ildo erasokor bat hauspotu dute, segurtasun agentzia behin-behinean ixteko prest egoteraino. «Oso egun tristea da. Orain ez badugu borrokarik egingo, noiz egingo dugu?», adierazi du Matt Salmon Arizonako legebiltzarkideak.

Baina Boehnerren aliatuek ez dute haren buruzagitza arriskuan ikusten, ostiralean Ordezkarien Ganberako errepublikanoen buruari bizkar eman zioten 52 parlamentariek bloke trinko bat ez dutelako osatzen.

Haatik, askotan egin dute errepublikanoen bozeramailearen erabakien kontra, eta haren aurkako oposizioa gidatu dute Alderdi Errepublikanoan. Halere, buruzagia kargutik kentzeko ahaleginik egingo ez dutela argitu dute. «Borroka gehiago etorriko dira», azaldu du John Fleming Freedom Caucuseko kide errepublikanoak.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)