Hassanna Aalia aktibista sahararrak Udalaren «babesa» jaso du
Euskararen alde elkarlanerako beharra azpimarratu da otsaileko udalbatzarrean
Diario Vasco, , 28-02-2015Hassanna Aalia aktibista sahararraren alde El – Watan elkarteak sartutako mozioa aho batez onartu zuen asteazkenean udalbatzarrak (EH Bilduk eta EAJk; H1! ez zegoen). Marokoko tribunal militar batek epaitu zuen gaztea 2012an eta Gdaim Izikeko gertaeretan parte hartu izana egotzita bizi osorako kartzela zigorra jarri zioten. Udalak Aaliarentzako asilo politikoa eta Saharako herriak pairatzen duen errepresioaren bukaera eskatu zen.
Aalia bera presente egon zen udalbatzarrean eta hitza eman zioten. Gazteak Oiartzungo herriari eskerrak eman zizkion «urtetan Sahararekin izan duen elkartasunarengatik eta Marokoren okupazioaren kontra agertu duen jarrera argiarengatik» Espainiako estatuak Mendebaldeko Saharan dituen interes ekonomikoak ere salatu zituen eta eskertu zuen «Euskal Herrian jaso dudan babesa, justiziaren eta Sahara libre baten alde borrokan jarraitzeko indarra eman didana». Zapalkuntza bizi duten munduko gainerako herriak ere gogoan izan zituen aktibistak.
Miren Irigoien zinegotziak Aalia Oiartzungo udalbatzarrean izatea «ohore» gisa definitu zuen. «Urteak daramatzagu Tindufeko errefuxiatu guneak laguntzen, baina maiz ahaztu egiten gara gune okupatuez. Bada garaia estaturik gabeko herriok eta estatua dutenek zerbait egiteko, bestela gerrara bultzatzen ari zaituztegu».
Iturrik merkatarien elkarteak Merkataritza aktibitateei buruzko legean Espainiako estatuak egin nahi duen aldaketa batek eragindako kezkagatik mozioa sartu zuen, Udalari aurkako jarrera eskatuz. EH Bilduk eskaerarekin bat egin zuen. EAJk, berriz, kontra. Mikel Idiazabalen arabera, «Oiartzuni ez lioke eragingo, gehienez ere merkataritza guneei».
Euskara
Euskararen arloan Carlos Urquijo Espainiako ordezkaria egiten ari den «esku – hartzeak salatzeko» Uemaren mozioa aho batez onartu zen. Irati Etxebeste Euskara zinegotziak «egoera oso larria» dela adierazi zuen.
Horrez gain, Uemaren Oiartzungo bulegoa izateko Fermiñeneko gune batzuk erabiltzeko hitzarmena onartu zen bost urterako. EAJ abstenitu egin zen. Idiazabalen ustez, «UEMAk dagoeneko baditu bulegoak».
2013ko martxoaren 20an udalba – tzarrak Udalaren kontratazioetan hizkuntza baldintzak txertatzeko hartutako erabakia bertan behera utzi zen otsaileko udalbatzarrean. «Udalon konpetentzia ez dela esan digute», azaldu zuen Etxebestek, «ondorioz, Eusko Jaurlaritzari babesa eskatu zion Gipuzkoako Foru Aldundiak, baina ez dugu lortu. Elkarlana nahi genuke – aktetan lortu den bezala – , beharrezkoa delako euskararen alde egiteko». EAJk «ausardia» eskatu zion EH Bilduri, «ez atzera egiteko». Aiora Perez de San Roman alkateak azaldu zien jeltzaleei «gaia oso ongi aztertu ondoren eta epaitegiek hartu duten jarrerak behartuta, min handiarekin», hartu dela erabakia. Aitziber Arnaiz, Euskara teknikariak ere hartu zuen hitza: «Poza ematen dit EAJ ausardiaz hizketan aritzeak. Izan ere, Eusko Jaurlaritzaren eskumena da gai hau, ausardiaz aritzekoa».
M8ko mozioa
EH Bilduk, martxoaren 8aren harira gizon eta emakumeen berdintasuna errealitate izango den Euskal Herri feminista aldarrikatu eta hori lortzeko pausoak emateko konpromisoa berresten zuen mozioa aurkeztu zuen, eta koalizioaren aldeko botoekin onartu zen. Aurten ere, EAJk abstentziora jo du «feminista» hitza agertzen zelako. Idiazabalek esan zuenez, «nik ez dakit zer esan nahi duen feminista hitzak, baina ez zait gustatzen». Asier Legorburu EH Bilduko zinegotziak erantzun zion: «Feminismoa gizon eta emakumeen arteko berdintasuna izendatzeko hitza da».
Ondoren, heriotza matxisten aurrean erantzuteko Udalaren protokoloa onartu zen, aho batez. Eskualdeko lau Udalek osatzen duten Berdintasun Mahaian landu eta adostu da protokolo hori.
Oiartzun Irratiarentzako, Ttur – Ttur Euskaltzaleon Bilguneak Oiartzuarren Baitan garatzen jarraitzeko eta OKISArentzako diru – laguntzak aho batez onartu ziren. Hirigintzako Plan Orokorra behin betiko onartzeko puntua mahai – gainean geratu zen, Etxebizitza Saileko sinadura bat falta delako.
(Puede haber caducado)