Aalia babestu eta Espainiaren jarrera salatu du Gipuzkoako Diputazioak
Foru aldundian hartu du Garitanok ekintzaile eta iheslari sahararra. PPk uko egin dio Hassanna Aaliaren babes eskaera berriz aztertzeari
Berria, , 19-02-2015«Erabat bidegabea, giza eskubide guztien aurkakoa» da Hassanna Aalia ekintzaile eta iheslari sahararrari babes politikoa ukatzea. Hala salatu du Gipuzkoako ahaldun nagusi Martin Garitanok, Aaliari harrera egin ondoren. Babes eskaera onartzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari: «Babesa lortzeko lan egingo dugu, saharar guztien alde lan egiten dugun bezala. Kudeaketa lan guztiak egingo ditugu erakundeetan». Aaliak azaldu du helegitea jarria duela Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta haren erantzunaren zain dagoela; oraingoz, ez dago gaztearen aurkako estradizio agindurik.
Bizi osoko zigorra jarri zion Aaliari Marokoko auzitegi militar batek, bera Euskal Herrian zela. Nazioarteko hainbat elkartek bezala, Garitanok gogora ekarri du bermerik gabeko prozedura izan zela —besteak beste, akusazio beragatik bitan epaitu dutelako—: «Gogor salatu behar dugu saharar herriak pairatzen duen okupazioa eta errepresioa, baita Espainiako agintarien kolaborazioa eta laguntza ere».
Atzoko harreraren ostean, Batzar Nagusietako Giza Eskubideen Batzordean azaldu zuen Aaliak Mendebaleko Saharako egoera: salatu zuenez, baliabideak ustiatzen eta giza eskubideak urratzen jarraitzen du Marokok, Espainiako, Frantziako eta AEBetako gobernuen babesarekin: «Marokok torturatzen eta erasotzen segitzen du». PPko ordezkaririk ez zen joan sahararraren agerraldira.
Kongresuan ere, ezezkoa
Madrilen ere antzeko jarrera agertu dute PPkoek, Espainiako Kongresuan: herenegun, uko egin zioten Aaliaren eskaera berriz aztertzeari, gainerako talde guztiek babestutako legez besteko proposamena atzera botata. Conrado Escobar bozeramaileak argudiatu zuen «lege gehiegikeria» litzatekeela prozedura hori onartzea. Amaiurreko diputatu Jon Iñarrituk galdera egin zion Jorge Fernandez Diaz Barne ministroari, gobernuaren jarrerari buruz. Atzo zen erantzutekoa. Azken orduan, erantzuna atzeratu egin dutela jakinarazi zieten.
(Puede haber caducado)