Zirrikituetatik begira
Arabako zero tolerantzia
Deia, , 18-02-2015ALDERDI politikoek hautagaien zerrendekin dituzten gorabeherak, eztabaidak edo istiluak oraindik bukatu ez badira ere, hauteskunde propagandak bideari ekin dio berritasun gutxirekin, betiko erdigezurrak eta betiko erdiegiak erabiliz alegia. Gasteizko alkatearen promesak tipikoegiak dira, edo topikoagoak, barrez lehertzeko modukoak: Gasteizko tranbia zabalduko dela dio Maroto jaunak, udaberriko loreak bezala, ekialderantz eta hegoalderantz, baina horretarako zehaztu behar diren epeez eta aurrekontuez ez du tutik ere esan, zertarako? Hautesleak engainatzea erraza omen da, eta merkea. Dena ez da barregarria, baina. Arabako Aldundiak “Zero Tolerantzia” izen tipikoa, edo topikoa, duen kanpaina abian jarri du argazkiz ondo hornitua zer dagoen ondo (koloretan) eta zer gaizki (zuribeltzean) erakusteko: fanatismoaren kontra, burua estalita daramaten emakume musulmanen ondoan Malala neska pakistandarraren argazkia dago; indarkeria matxistaren kontra, aurpegia ubelduraz beterik duen emakume baten ondoan bikote heterosexual zuri zoriontsu bat; homofobiaren kontra, herri arabiar batean seguru asko bi gizon begiak estalita agertzen dira urkamendian atzean bi borrero dutela, horren ondoan bikote gay zuri zoriontsu bat (zer pentsatuko du Maroto alkateak? Zer Javier de Andrés diputatu nagusiak eguerdiko ardo zuria edaten duen bitartean bi gizon elkarri musuka izango balu ondoan betiko tabernan?); klitorisaren erauzketaren kontra, emakume beltz batzuk eta laban herdoildu bat, horren ondoan hiru neska beltz zoriontsu; jende adindua jasotzen dituen tratu txarren kontra, emakume gazte batek oihu egiten dio emakume zahar bati, horren ondoan agure bat irribarrez gazte baten ondoan.
Arrazismoaz edo xenofobiaz ezertxo ere ez. Arrazismoaz edo xenofobiaz ezertxo ere ez? Pobreziaz? Maroto alkateak bazterrak nahasi ditu susmoak zabalduz arabiarren kontra, baina horrek ez du garrantzirik, antza. Garrantzia duena da erakustea zer modernoa eta tolerantea den Arabako eta Gasteizko PP. Tranbian jarriko omen dituzte argazkiok.
(Puede haber caducado)