«Nork bere buruari eustea da 'jihad'»

Berria, Lohizune Amatria, 22-01-2015

Larunbatean, 500 pertsona inguru bildu ziren Iruñeko Sanduzelai auzoan dagoen meskitan. Ohi bezala, errezoan ziren; eta bertan zen Iruñeko Islamisten Komunitateko kide Mulud Kherkhar ere (1964, Konstantina, Aljeria). Ezustean, baina, bi ezezagun sartu ziren meskitan. Islamera bihurtzeko. Poztu egin zen Kherkhar bi pertsonen hautuagatik; baina, bereziki, erabakia Frantzian izandako atentatuaren ondoren hartua zelako. «Meskitak jihadistak errekrutatzeko guneak direla uste dute askok, baina jendea hurbiltzen denean errealitatea aurkitzen du. Egia». Bakea hautatu dute bi pertsona horiek, haren iritziz. «Hori da islama: bakea, barealdia eta lasaitasuna». Haren hitzetan, indarkeriaren alde egiten dutenek ez dituzte ordezkatzen musulmanak: «Musulmanak gara eta gure kultura dugu, baina ez begiak itxita gerra santuan jendea hiltzeko. Ezta gutxiago ere».

Fanatismoak jihadismoa zabaldu duela uste du Kherkharrek. «Frustratuta dagoen jendea da, eta izenak dei egiten die; edo ondorioak, agian». Hala ere, haren iritziz, indarkeria erabiltzen dutenek ezin diote jihad deitu egiten dutenari. Kontzeptua gaizki ulertzen dutela dio: «Jihada beste gauza bat da. Nork bere buruari eustea da, gaizkia ez egiteko norberak bere burua bide onetik gidatzea». Musulmanen helburua ongi bizitzea dela dio; ez, ordea, indarkeria erabiltzen dutenena. «Jende asko hil dute islamaren izenean, baita gure herrialdeetan ere; musulman asko hil dituzte». Horregatik, argi du Kherkharrek: «Inoiz esaten badidate ‘goazen jihadera’, ‘ez, ez eta ez’, erantzungo dut». Iruñean indarkeria defendatzen duenik izanez gero ere, ezezko erantzuna jasoko duela berretsi du: «Beste erlijioen aurka atentatu nahi duenik bada, guk geldiaraziko dugu lehenik. Gurekin ez da terroristarik izango; hemen bakean gaude».

2001eko irailaren 11n New Yorkeko Dorre Bikietan izandako atentatuetatik, «benetako» islama ezagutarazteko lanean dihardu Iruñeko Islamisten Komunitatea. Orotariko ekintzak antolatzen dituzte, baina gehiago egin behar dutela uste du Kherkharrek. Horregatik, ramadanera gonbidatu ohi ditu musulmanak ez diren lagunak. «Gurekin gosaltzera gonbidatzen ditugu; langa kentzen laguntzen du». Islamaren inguruan izan dezaketen beldurra uxatzeko balio dute ekintzek, haren ustez.

Bihotz masakratuak

Frantziako atentatuaren aurka azaldu da Kherkhar; guztiz arbuiatu du. Hala ere, ez dio asko erreparatu gertatutakoari. Telebista itzali egiten du Paris entzun orduko. Mahomaren irudirik ez ikusteko: «Entzun egin dut karikaturen inguruan, baina ez dut inoiz bat ikusi». Eta triste dago Charlie Hebdo aldizkariak berriro irudikatu duelako: «Jarrai dezatela horrela; dioten bezala, askatasuna dute horretarako. Baina, gure ustez, hori ez da askatasuna, milaka pertsonaren bihotzak masakratu dituzte». Kherkharrek dioenez, profeta maitatzea da duten gauzarik baliotsuena. Errespetua nahi du: «Gure kulturan, egiten dutena ez da zilegi, eta errespetatu beharko lukete».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)