«Ez daude bi islam; bat da: bakarra»
Berria, , 22-01-2015Ostiral eguerdietan aparteko itxura hartzen du Errenteriako Juan Olazabal kaleak (Gipuzkoa). Herriko kasko nagusitik hurbil, inguruko musulmanak elkartzen dira han, asteko otoitz nagusia egitera. Errezoa gidatzeko lanetan, Aziz Messaudi (Ujda, Maroko, 1983), EAEko Islamaren Federazioko presidentea. «Orain dela hilabete batzuk zabaldu genuen zentro berria», azaldu du. «Pozik gaude auzoekin; ondo doa dena». Berehala ireki ditu ateak, abegikor.«Lehen aldia duzu meskita batean?». Argi du aktualitatearen zurrunbiloan sartu dela beren erlijioa, Frantzian Charlie Hebdo astekariaren kontra eginiko atentatuaren harira. Ez dio gaiari muzin egiten. Baina zehaztasunez hitz egiteko eskatu du. «Hedabideek ikasi behar duzue ondo hitz egiten. Ez daude bi islam; ez dago islam bat moderatua dena eta beste bat muturrekoa. Bat da: bakarra. Eta atentatuen atzean daudenak talde jakin bat dira, jihadismo salafistari jarraitzen diotenak. Asko sufritzen dugu haien ondorioz; haientzat gu ez gara musulmanak». Messaudiren ustez, halaber, indarkeriaren hautua egiten duten pertsonak ez dira musulman onak: «Islama bakea da».
Dioenez, ez du inolako zentzurik Euskal Herriko meskitetan batzen diren musulmanak jihadismo salafistarekin nahasteak. «Batzen garenok guztiz baztertzen ditugu Frantzian gertatutako atentatuak eta antzekoak». Salafismoaren adar bat bada bortxaren bideari lotu gabe fedearen purutasuna bilatzen duena, eta ildo horren jarraitzaile zenbait ezagutzen dituela azaldu du. «Baina jihadismoarekin lotutakorik ez. Halakorik ez da biltzen, behintzat, guk egiten ditugun otoitzaldietara».
Ezagutzen du, hala ere, haien indarra. Interneten boteretsuak direla dio. Oso: «Nik orain utzi diot sarean haiei buruzko gauzak ikusteari; oso kontrolatuta dago dena, eta ez diot neure buruari minik egin nahi. Baina begiratu izan ditut inoiz edo behin, zer dioten jakiteko. Eta benetan mezu indartsuak ematen dituzte. Diru asko dago hor, petrolioaren dirua, eta zenbait gazte erakartzea lortzen dute». Halaxe, irudikatzen ditu, esaterako, Frantzian atentatuak egin zituzten gazteak: jihadari buruzko eldarnioek liluratuta.
«Aldiz, seguru nago islamaren oinarrizko zimenduei buruz galderak egingo banizkie, ez luketela jakingo zer erantzun», aditzera eman du. Alde horretatik, familia musulmanetako adingabeen heziketa giltzarri dela iruditzen zaio. «Ezagutu behar dituzte zein diren islamaren benetako oinarriak. Hartara, beste mezuren bat ikusten badute, ikasiko dute baztertu egin behar dela, hori ez dela islama».
Parisera begira
Ezin gaia saihestu. Ezta gaitzespena ere: «Guztiz arbuiatzen ditugu atentatuak». Ezin du ezkutatu, halere, egunotan Parisera begira beste hainbat gauzak ere sortu diotela arbuioa. Aztoratu du, esaterako, Charlie Hebdo aldizkariak berriz atera izanak Mahomaren irudia: «Adieraztea gauza bat da, irain egitea beste bat. Argi esan behar dut: Ni ez naiz Charlie Hebdo». Kexu da atentatua gaitzesteko manifestazioan agertu zirelako giza eskubideen aurka eraso larriak egin dituzten agintariak: Benjamin Netanyahu ikusteak asaldatu zuen —«2.000 heriotzaren erantzule izan zen Palestinan»—, baita Nicolas Sarkozyren presentziak ere —«milaka heriotzaren ardura izan zuen Libian»—.
(Puede haber caducado)