Saharatik Euskal Herrira

Berria, Iñaki Petxarroman, 23-01-2015

Errefuxiatu politikoaren izaera ukatu eta hamabost egun eman dizkio Espainiako Gobernuak Hassana Aalia gazte sahararrari Euskal Herritik ateratzeko.

Gdeim Izkiko kanpalekuko erresistentzia baketsuan parte hartu zuen 2010ean, eta atxilotua zegoela torturatu egin zutela salatu zuen. Handik gutxira, epaitu eta kargurik gabe utzi zuten. Gero, baina, Saharatik irten eta berriro epaitu zuten, auzitegi militar batean. Bizi osoko zigorra ezarri zioten, baina, ordurako, Euskal Herrian bizi zen.

Barne Ministerioak babes politikoa ukatuta, Iheslariak Laguntzeko Batzordeak (CEAR) ohartarazi du Saharara bidaltzeko eta atxilotua, torturatua eta espetxeratua izateko arriskua duela gazte sahararrak.

Jakinekoa da Espainiak Mendebaldeko Saharan duen ardura historikoa, bere menpeko kolonia izan ostean handik alde egin eta Marokoren esku utzi baitzuen. Egun, Rabatekin dituen interes ekonomikoak direla-eta, alboratuta utzi du okupatutako herria, erakunde saharar legitimoek autodeterminazioa eta irtenbide baketsu bat lortzeko azaldutako konpromisoari bizkar emanda.

Badaki Espainiak ohikoak direla Saharako herritarren tortura eta bermerik gabeko epaiketa politikoak. Baina horri ere ez ikusiarena egin dio. Beharbada, tresna horiek ez zaizkiolako horren arrotzak. Galdetu, bestela, Portu eta Sarasolari.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)