Frantzian 'apartheid'-a dagoela adierazi du Valls lehen ministroak
Parisko atentatuei lotuta, Vallsek erran du periferien egoera soziala ere aztertu behar dela. Gobernuak kontrol neurriak aztertuko ditu gaur
Berria, , 21-01-2015«Azken egunok erakutsi dute gure herrialdeak zer-nolako gaitzak dituen eta zer erronkari egin beharko dien aurre. […] Hirien periferietaranzko bazterketa, lurralde, gizarte eta etnia apartheid bat ezarri da gure herrialdean». Manuel Valls Frantziako lehen ministroak egin zituen adierazpen horiek atzo, prentsaren aitzinean egindako agerraldi batean. Muturreko islamistek Parisen egindako atentatuetatik igaro diren bi asteotan, luze eta zabal eztabaidatu da bilgune anitzetan erasotzaileen eta, oro har, indarkeria hori sortzeko azalpenen inguruan, baina agintariek, Frantziakoek nahiz Europakoek, segurtasunean zentratu nahi izan dute diskurtsoa. Valls izan da lehenbizikoa Frantziaren barne arazoei buruz mintzatu dena. Ministroen kontseiluak kontrolerako neurri bereziak eztabaidatzeko bileraren bezperan.
Bi asteotan, Vallsek jarrera gogorra mantendu du. «Terrorismoarekin gerran» daudela erran du behin baino gehiagotan, eta irmo defendatu du zaintza eta kontrola areagotzeko neurri bereziak hartzeko beharra. Kritikei erantzuteko, erran du ez direla «salbuespenezko neurriak». Atzo, gogoetari garrantzi handiagoa eman zion. «Kontua ez da aitzakiarik txikiena ere bilatzea, baina gure herrialdearen egoerari begiratu behar zaio». Egun hauetan egin diren analisi anitzetan bezala, 2005ean hiri handietako periferietan gertatutako matxinada aipatu du arazoaren sintoma argitzat, eta erran du berak jada orduan ohartarazi zuela —parlamentaria eta Paris ondoko Evry hiriko alkatea zen—. «Miseria soziala», arrazakeria eta sexismoa aipatu ditu «apartheid» horren osagaien artean, eta erran du egoera gainditzeko belaunaldi bat beharrezkoa izanen dela.
Vallsek apartheid hitza erabili izanak haserretu egin ditu eskuineko eta eskuin muturreko politikari batzuk. «Grigny edo Aulnay [Paris ondoko hiriak] ez dira Soweto. Eta Kouachi [Charlie Hebdo-ren aurkako atentatuaren ustezko egileen abizena] ez da Mandela. Vallsek ez badu pentsatzen bera De Klerk dela behintzat [apartheid garaiko Hegoafrikako azken presidentea]», idatzi du Twitterren Pierre Lellouchek, UMPko diputatuak. «Suari erregaia bota dio, frantziar taldeak bultzatu baititu komunitateetan banatutako pentsaera bat hartzera», adierazi du, berriz, Floriane Philippot Fronte Nazionaleko europarlamentariak ohar baten bidez.
Nahiz eta Vallsen barne-kritika kutsuko adierazpen horiek berrikuntza bat izan diren, gobernuak bere asmoei eutsiko die, eta gaur ministroen kontseiluan eztabaidatuko dituzte kontrola zorrozteko neurriak. Europako Batzordeak ere bihar eginen du bilera bat «segurtasun agenda» eztabaidatzen hasteko.
Sarekada Alemanian
Parisko atentatuen ondotik —hamazazpi lagun hil zituzten, eta ustezko hiru erasotzaileak hil zituen Poliziak—, bi astean hainbat sarekada egin dituzte EB Europako Batasuneko herrialdeetan, ustezko muturreko islamisten sareen aurka. Alemanian, hamabortz lagun atxilotu dituzte Berlinen, eta Brandenburgo eta Turingia estatuetan, Siriara borrokalariak bidali eta ekartzeko sare batekin zerikusia dutelakoan. Poliziak bukatutzat eman du operazioa.
(Puede haber caducado)