Neskei genitalak mutilatzearen aurka, idatzizko konpromisoa

Espainiako Gobernuak ebaketak eragozteko protokoloa onartu du, erkidegoekin batera. Alaben osotasun fisikoa zainduko dutela sinatzeko eskatuko diete gurasoei, «babes» neurri gisa

Berria, OSASUNA. ABLAZIOA, 15-01-2015

Emakumeen genitalen mutilazioari aurre egiteko protokoloa adostu dute Espainiako Osasun Sistemaren Lurralde Arteko Kontseiluan. Proposatutako neurrien artean dago gurasoei idatzizko konpromisoa eskatzea; medikuek galdeginda sinatu beharko dutena. Horren arabera, hitza ematen dute ez dietela inolako ebaketarik egingo jatorrizko herrialdera bidaiatzen dutenean. Wassu-UAB fundazioak, mutilazio horien aurka lan egiten duen erakundeak, mesfidantzaz hartu du adostutako protokoloa.

Osasun Ministerioak jakinarazitakoaren arabera, jatorrizko herrialdera egindako bidaietan gertatzen dira mutilazio gehienak, helduen munduarekin harremana ezartzeko errituan. Gurasoek agiri hori sinatuko ez balute, medikuek aukera izango lukete adingabeak babesteko zerbitzuei eta fiskalari jakinarazteko, behin-behineko neurriak har ditzaten.

Aina Mangas Wassu-UAB fundazioko kideak gogora ekarri du agiri hori 1998. urtetik erabiltzen duten «baliabidea» dela: ez gurasoen gaineko kontrol gisa, baizik eta gurasoek tresna bat izan dezaten jarduera horri aurre egiteko. Horrela azalduta dago atzo onartutako protokoloan ere. Ordea, hori familiei emandako informazioarekin osatzen dela azaldu du Mangasek, eta hor ikusi dio hutsunea protokoloari. «Agiriak bete besterik ez egiteko arriskua dute protokoloek. Profesional trebatuak behar dira familiak ahalduntzeko».

Etika eta araudia

Agiri hori aurrez egindako lan baten amaiera gisa planteatu du Espainiako Osasun Ministerioak. Hala, aurrez arriskuan egon daitezkeen neskak atzemateko irizpideak zehaztu ditu; hots, emakumeei genitalak mutilatzen zaizkien herrialdeetan jaiotako 14 urtetik beherako neskak. Pediatrek egin behar dituzten ohiko azterketetan erregistratu beharko dute mutilaziorik izan ote duen edo ez. Izan badu hartu beharreko zenbait pauso zehazten ditu, baita etika eta araudiari buruzko azalpenak eman ere. Aldiz, ablaziorik izan ez badu, prebentzio lanak hasi beharko ditu, betiere familiaren «konfiantza» lortuz, baita ohiko azterketa medikoetan jarraipena egin ere.

Protokoloak mutilazioa izan duten emakume helduen eta gazteen esku hartze terapeutikoa ere proposatzen du, bai erditzean zaindu beharreko alorretan, bai ebaketa sendatzeko kirurgian ere.

Mangasen ustez, protokoloa pauso bat izan daiteke orain arte alor horretan lanik egin ez duten erkidegoentzat, nahiz eta eskumenen banaketak zaildu dezakeen protokoloa abiaraztea. «Osasuna erkidegoen ardura izanda, ikusteko dago noraino garatuko duten, baina besterik ez dutenentzat aukera bat da». Halaber, profesionalen trebakuntzaren garrantzia nabarmendu du, eta protokoloen gainetik horretarako programak eta baliabideak bideratzea.

Hego Euskal Herrian, lanean

Nafarroak 2013an abiarazi zuen protokoloa. Han informazioa eta prebentzioa lehenesten da, protokoloaren arabera hori baita «arazoari aurre egiteko irtenbide eraginkor bakarra». Hori dela eta, neurri judizialak azken irtenbidetzat jo dituzte. Protokoloak lau lan ildotan lan egiten du: arriskuan egon daitezkeen neskekin eta familiarekin, prebentzioan, informazioan, eta mutilazioa izan duten emakumeekin. Azken kasu horretan, kaltea zuzentzeko irtenbide «terapeutikoa» eskaintzeaz gain, prebentzioa ere jorratzen dute, jokabide horri jarraipena eman ez diezaion.

Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeak 2014. urtearen hasieran diagnosi lana hasi zuen, Wassu-UAB fundazioarekin lankidetzan. Diagnosi horretan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ildo horretan aurrez abiarazitako lanak aztertu ditu, eta administrazio publikoei arazo horren berri eman, gaiari heltzeko beharraz jabe zitezen. Fiskaltzak bi kasu susmagarriren berri izan zuen iaz Araban.

Diagnosi horren barruan, arazoa atzeman dezaketen profesionalak identifikatu dituzte. Lan horren ostean, lau ardatz eta bertako eragileak zerrendatu dituzte, eta datozen hilabeteetan trebakuntza hasiko dute horien artean. Heziketa horren helburua aipatu eragileak sentsibilizatzea da, prebentzio lana has dezaten: hau da, mutilazioa izan dezaketen nesken gurasoei jarduera hori eragozten laguntza eskain diezaietela.

Osasungintzan ginekologo, pediatra eta familia medikuak trebatuko dituzte. Hezkuntzaren barruan ikastetxeetako eta ikuskaritzako arduradunekin arituko dira. Gizarte politiken eremuan maila guztietara hedatuko dute trebakuntza; besteak beste, Eusko Jaurlaritzaren Gizarte Politiken Sailera, udal handienetara eta aldundietara. Azkenik, herrialde horietan jaiotako pertsonekin lan egiten duten gobernuz kanpoko erakundeetara joko du Emakundek.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)