Jihadismoari aurre egiteko, «ezohiko neurriak» iragarri ditu Frantziak
Presoak bereizi eta bakartzeaz gain, hegaldietako bidaiarien erregistroa indarrean sartuko dute
Berria, , 14-01-2015Charlie Hebdo astekari satirikoaren kontrako erasoaren ondotik, Frantziako Gobernuak «ezohiko neurriak» hartuko dituela jakinarazi du Manuel Valls lehen ministroak. Asanblea Nazionalean saio berezia egin zuten atzo, eta «basakeriari gupidarik gabeko erantzuna» emango diotela agindu zuen Vallsek: «Ezohiko egoera batek ezohiko neurriak eskatzen ditu, baina inola ere ez eskubideak eta balioak urratu ditzaketen salbuespeneko neurriak».
Marseillaise ereserkiarekin hasi zuten Asanblea Nazionalaren bilkura —ganbera horretan azkenekoz 1918ko azaroaren 11n kantatu zuten, I. Mundu Gerraren armistizioa sinatzean—, eta alderdi guztietako ordezkariek gorazarre egin zieten askatasun, berdintasun eta senidetasunaren balio errepublikanoei. Zuzenbide estatua ezin dela zalantzan jarri nabarmendu zuen Vallsek, eta Frantzia gerran dagoela baieztatu zuen: «Terrorismoaren, jihadismoaren eta muturreko islamismoaren kontra gerran dago Frantzia, baina ez erlijio baten aurka. Ez dago gerran islamaren eta musulmanen kontra. Beti egin duen gisan, herritar guztiak babestuko ditu: sinestunak direnak eta ez direnak».
Frantziak hartuko dituen neurrietan Interneti eta sare sozialei arreta berezia eskainiko dietela nabarmendu du Vallsek, «gero eta gehiago erabiltzen baitituzte errekrutatzeko, harremanetan jartzeko eta ekintzara pasatzeko teknikak partekatzeko». Halaber, Parisko bi espetxetan martxan daukaten programa pilotu bat —muturreko atxilotuak batu eta gainerako presoengandik bereiztea— herrialde osora zabaltzeko asmoa agertu du Frantziako lehen ministroak.
Neurriak «presarik gabe» hartu behar direla adierazi du Vallsek baina herrialdea gotortzeko nahia agerian utzi du. Horren erakusle, hegaldietako bidaiarien datuak biltzen dituen PNR erregistroa irailean Frantzian indarrean sartuko dutela iragarri du. Hegazkin txartel bat erosi duen bidaiariaren datu pertsonalak eskuratu ditzake gobernu batek erregistro horren bidez, baina Europako Parlamentuak blokeatu egin du orain arte —Europako Batasuneko zenbait gobernu, alderdi eta erakunde ere erabat kontra agertu dira—, eta Vallsek eskaera «solemnea» egin dio Estrasburgoko ganberari neurri hori onartzeko.
Barne, Justizia eta Defentsa ministroek zortzi egun barru aurkeztu beharko dituzte muturreko jihadistak kontrolatzeko lehen proposamenak. Haiei bidea erakutsi nahian edo, Front National alderdiko presidente Marine Le Penek «berehala» Schengengo Ituna bertan behera uzteko eskatu zuen atzo. Eskuin muturreko buruzagiak Europako Batasunean pertsonen mugimendu librea amaitu eta «Frantziako herriak bere mugen kontrola berreskuratzea» aldarrikatu zuen.
Asanblea Nazionala bildu aurretik, François Hollande presidenteak omenaldi bat eskaini die iragan asteko erasoetan hildako hiru poliziei: «Frantzia gaur zutik badago, poliziak erori zirelako da». Hollanderen arabera, «gainerako herritarrak libre bizi gaitezen» hil ziren hiru poliziak.
(Puede haber caducado)