Frantzia eta Europa, gotortzeko bidean
EBko agintariek bidaiarien erregistro bat sortu, Schengengo Ituna aldatu eta Interneteko zaintza zorroztu nahi dute. Parisek 10.000 soldadu hedatuko ditu
Berria, , 13-01-2015Espero bezala, atentatuak gertatu eta denbora gutxiren buruan hasi dira Frantziako eta Europako agintariak zaintza gogortzeko hartuko dituzten neurriak jakinarazten. Gaurtik, neurri horiek begi bistakoak izanen dira Frantzian, gobernuak errepublika osoan hamar mila soldadu hedatuko baititu «toki minberak» zaintzeko; eta, horrez gain, bertze 4.700 poliziak eta jendarmek juduen eskolak eta gurtzarako egoitzak zainduko dituzte. Baina muturreko islamisten azken erasoak pairatu dituen herrialdeak ez ezik, EB Europako Batasuneko bertze kideek ere jakinarazi dute neurri gogorragoak hartzeko asmoa dutela.
Hain zuzen, EBko herrialdeetako agintariek asmoa dute aireko bidaiarien erregistro bat sortzeko eta Schengengo Ituna aldatzeko. Badira urte batzuk EBko zenbait gobernuk bidaiarien erregistro hori egin nahi dutela, baina Europako Parlamentua orain arte horren aurka agertu da. Erregistro horren bidez, gobernuek hegazkineko txartel bat erosi duen bidaiariaren datu pertsonalak eskura ditzakete, baita txartela erosi ondorengo mugimenduena ere: hoteleko erreserbak, autoen alokairuak… Parlamentuaz gain, EBko gobernu batzuk, alderdi politikoak eta bertzelako erakundeak ere erregistroa baimentzearen aurka agertu dira, norbanakoaren intimitaterako eskubidea urratzen duelakoan. Manuel Valls Frantziako lehen ministroaren arabera, ordea, joan den asteko erasoen ondotik, Europako Parlamentuak nahi eta nahi ez baimendu beharko luke erregistroa. «Susmagarrien mugimenduak zaintzen lagunduko digu», erran zuen atzo RMC eta BFM TV irrati-telebistei batera emandako elkarrizketan.
Soilik «informazio sistema»
Gauza bera gertatu da Schengengo Itunarekin. Urteak dira Europako zenbait gobernuk mugen irekiera ezartzen duen itun hori aldatu nahi dutela, EBren barneko mugak zorrozteko: Danimarkak; Frantziak berak, Nicolas Sarkozyren agintaldian… Orain, joan den asteko atentatuen ondotik, badirudi EBko agintari batzuek testuinguru egokia aurkitu dutela auziari berriz ekiteko. «Neurriak hartu behar dira Schengen eraginkorragoa izan dadin», adierazi du Vallsek. Paolo Gentiloni Italiako Atzerri ministroak EBko agintarien asmoak zein diren zehaztu nahi izan du: «Europako gobernu bakar bat ere ez da pentsatzen ari Schengengo Ituna bertan behera uztea. Zirkulazio librea sakrifikatzea terrorismoari ordaindutako prezio onartezina litzateke», adierazi zuen atzo Italiako Senatuan. «Ez gara eztabaidatzen ari Europako Batasunaren barrenean berriz mugak ezartzea, herrialdeen artean informazio sistema nola erabili baizik».
Herenegun elkartu ziren Parisen EBko herrialdeetako hainbat Barne ministro, zaintzarako neurrien gogortzea eztabaidatzeko. Parisen deitutako manifestazioa baino lehen elkartu ziren. Antolatzaileen arabera, milioi eta erdi lagun elkartu ziren Errepublikaren plazatik Nazioaren plazarako ibilbidean. Nazioarteko agintari anitzek parte hartu zuten martxan.
Adierazpen askatasunaren defentsan deitu zuten martxa, eta, Europako agintariek diotenez, bidaiarien, mugen eta Interneten zaintzarako gogortu nahi dituzten neurriek ez diete askatasun indibidualei eraginen. Eztabaida, gutxienean, sortuko dute asmo horiek; adibidez, David Cameronek jakinarazi du hauteskunde programan lege bat proposatzeko asmoa duela, zerbitzu sekretuei baimena emateko edozein komunikazio pribatu zelatatzeko, bereziki Internet bidezkoak.
Zaintza birtualaz gain, fisikoa ere areagotuko dute. Frantziak gaurtik hedatuko dituen soldadu kopuruak atzerriko esku hartzeetan dauzkanen kopurua gaindituko du. Malin eta Afrika Erdiko Errepublikan hedatuta dauzka soldaduak, eta Iraken ere EI Estatu Islamikoaren aurkako bonbardaketetan parte hartzen ari da. Esku hartze horiek dira muturreko islamistek Frantzian erasotzeko aipatutako justifikazioetako bat. Valls lehen ministroak erran du, baina, Frantziak ez duela politika hori aldatzeko asmorik. «Gerran gaude; terrorismoaren aurka egiten dugu gerra, muturreko islamismoaren aurka».
Immigrazioa, eztabaidan
Zaintza neurriekin batera, immigrazioari buruzko eztabaida indartu dute politikariek. Bernard Cazeneuve Frantziako Barne ministroa EBren kanpoko mugen kontrola «sakonkiago» indartzeaz mintzatu zen herenegun; atzo, Marine Le Pen Fronte Nazionaleko buruak EBri egotzi zion «islamistekin bare» jokatzea, eta Polizia eta armada indartzeko eskatu zuen. Bat egin zuen harekin Nigel Farage UKIP Erresuma Batuko Independentziaren Alderdiko buruak, EBk «immigrazio masiboa» sustatu duela salatuta. Baina eskuin muturraz gain, eskuinak ere astindu du eztabaida. «Ez dut erranen immigrazioa eta gertatutakoa lotuta daudenik, baina egoera zaildu egiten du, integrazioa ongi ez dabilenean, arazoak baitaude jende kopuru zehatz bat kontrolatzeko», adierazi du Sarkozyk.
Joan den asteazkenean hamabi lagun hil zituzten Charlie Hebdo aldizkariaren aurkako erasoan; biharamunean, udaltzain bat hil zuten tiroz, eta, ortziralean, berriz, juduen koxer janaria saltzen duten denda bateko lau bezero. Poliziak ustezko hiru erasotzaileak hil zituen ortziralean.
(Puede haber caducado)